Kattalin Barber
Beste urrats bat egin du Euskaraldiak: Nafarroan erreferente diren hamaika enbaxadore aurkeztu ditu, herritarren artean egitasmoa sustatzeko. Euskaraldiko hurrengo mugarria, norbanakoen izen-ematea, alegia, udazkenean izango da.
11 egun ditu Euskaraldiak, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte, eta xede du hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera hazten laguntzea. 11 egun, eta 11 enbaxadore, gainera. Euskara aktibatzea hartu dute helburu.
Hamaika esparrutako euskaltzale “aktibo eta erreferentzialak” bildu dituzte: Oier Sanjurjo, futbolaria; Julian Iantzi, aurkezlea; Edorta Salvador, okina eta sukaldaria; Zuriñe Hidalgo, abeslaria eta aurkezlea; Nerea Egozkue, modeloa; Nerea Fillat, Katakrak-eko kidea; Mikele Grande, Uharteko gaztea; Mikel Idoate, enpresaria; Pello Yaben, enpresari aholkularia; Juan Kruz Lakasta, kazetaria; eta Saioa Jaurena, errugbi jokalaria. “Haiek osatzen dute hamaikakoa, eta horren funtzioa dinamikaren erreferentzia izatea da”, azaldu du Oskar Zapatak, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaileak.
Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko, eta jada 90 udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortu dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileek eta erakundeek bat egin dute. “Mugimendu polita sortu da herrietan, eta Nafarroan 35 batzorde eratu dira; uste baino gehiago lortu dugu”. Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzako eragileak ari dira elkarrekin. Batzordeak arduratuko dira herri bakoitzean Euskaraldiari gorputza emateaz. Horretarako, euskaraldian parte hartzeko bi rol zehaztu dituzte: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Belarriprestak izanen dira, berriz, euskaraz entzuteko prest daudenak; horrela, dakienari hitz egiteko gonbita egingo diote.
Nafarroan, prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza. “Izugarrizko ekinaldi polita mamitzen ari gara”, esan du Nafarroako koordinatzaileak. Ziur da urrats kualitatibo eta kuantitatibo handia izanen dela, eta hausnarketarako parada emanen duela 11 eguneko egitasmoak. “Gogoeta ekarriko du”.
Kantua, uztailean
Euskaraldiko kantua aurkeztuko dute uztailean, eta ekinaldiaren hurrengo mugarria, norbanakoen izen-ematea, irailaren 20tik aurrera izanen da. “Euskaraldia ariketa soziala da, ez da kanpaina bat”, argitu du. Hizkuntza ohiturak astindu, euskara uste baino gehiagotan erabil daitekeela erakutsi, eta erabilera areagotu nahi duelako Euskaraldiak.
Irudia: Euskaraldia