Edurne Elizondo
Uda beltza izan zen 2003. urtekoa Nafarroan. Zazpi herri galdu zituen herrialdeak, makinek suntsituta. Duela hamabost urteko ekainean, Itoitz bota zuten behera. Ez da hori nafarrak zutik jarri dituen urtegi bakarra, halere; Esakoa handitzeko proiektuak ere eraman ditu borrokara. Eta ez da oraindik amaitu. Aragoin (Espainia), Artiedako herriak bere egin du proiektu horren aurkako aldarria; Nafarroan, berriz, Zangozakoak egin du bidea, batez ere.
Segurtasunik ezak jarri du herri hori urtegia handitzeko lanen aurkako borrokan. Orain, “gauzak aldatzen” ari direla uste du Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu plataformako bozeramaile Iker Aramendiak. Espainiako Kontu Auzitegiak egindako txostena jo du, bertzeak bertze, aldaketa horren eragile. Txosten horrek agerian utzi berri du Esako urtegia handitzeko lanen kontrakoek behin eta berriz errandakoa: dirua xahutzen ari direla proiektu horretan, eta ez diola interes orokorrari mesede egiten.
Datuak jarri ditu mahai gainean Kontu Auzitegiak: batetik, 120,4 milioi eurokoa zela aurrekontu osoa, 2000. urtean lanak esleitu zituztenean; 55 hilabeteko epea zehaztu zuten, orduan, lan horiek egiteko. Bertzetik, obra amaitzeko epea bukatu zenetik hamabi urte joan direnean, auzitegiak nabarmendu du 253,5 milioi euro gastatu dituztela, jada, “gutxienez”. Datu horien ondorioa argia da: Esako urtegia handitzeko lanen gainkostua %110ekoa da, gaur egun. “Urtegiaren edukiera, berriz, obrak hasi baino lehenagoko bera da”, erantsi du Kontu Auzitegiak bere txostenean.
Gainkostua anitzez ere handiagoa izanen dela zalantzarik ez dute Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak eta Artiedako Rio Aragon elkarteak. Izan ere, 2018ko Espainiako aurrekontu nagusiak ia 442 milioi euroko diru saila zehaztu du Esa handitzeko lanak egiteko; obrak 2021. urtean amaituko dituztela jaso du, gainera. Hainbat iturrik nabarmendu dute ustez segurtasuna bermatzea helburu duten lanek ekartzen ahal dutela aurrekontua are gehiago handitzea. Urtarrilean, Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu zuen lan horiek “hagitz garestiak” izanen zirela. Aurrekontua zenbatekoa izanen den ez du argitu, ordea.
Aldatzeko aukera
“Oraingoa aukera paregabea da gauzak aldatzeko. Hainbat urtez egindako lanak eman du emaitza. Mugitzen ari gara, eta jada ez gaude duela hiru aste eskaseko egoera berean”, erran du Aramendiak. Batetik, berretsi du Kontu Auzitegiak egindako txostenak agerian utzi duela Esako lanen aurrekontuen errealitatea; bertzetik, jakinarazi du Nafarroako Gobernuko iturrien bidez jakin dutela erakunde horrek hilaren amaieran hasiko duela urtegiko segurtasunari buruzko ikerketa esleitzeko prozesua. “Uztailean jasoko ditu gobernuak eskaintzak; uste dugu hurrengo urterako eginda egon daitekeela txostena”.
Aramendiak uste du urratsak egiten “lagunduko” duela, halaber, Espainiako Gobernuan aldaketa gertatu izanak. “PSOEko agintariengandik espero dugu, gutxienez, proiektua berrazter dezatela; sor ditzatela gobernuaren eta gizartearen arteko zubiak elkarrizketa bultzatzeko”. Ebroko Ur Konfederazioko bulegoetan ere aldaketak eskatu ditu Esa + Ez Lanak Gelditu plataformako kideak. “Lotsagarria da erakunde horrek funtzionatzeko duen modua”. Konfederazioaren “gardentasunik eza” salatu du, bertzeak bertze.
Kontu Auzitegiak errandakoari buruz, proiektuaren ustezko “interes orokorra” zalantzan jartzen duela nabarmendu du Aramendiak. Izan ere, txostenak jaso du lanen aurrekontuaren inguruan gertatutakoek ekarri dutela “errentagarritasun soziala” aldatzea; hau da, zalantzan jarri du ustez gizartearentzat proiektuak duen interesa.
Nafarroako Parlamentuak bere egin ditu Kontu Auzitegiak plazaratutako txostenak jasotakoak, eta Esako urtegia handitzeko lanak gelditzeko eskatu du Bozeramaileen Mahaiak, asteon. “Presioa egiten jarraitu behar dugu”, berretsi du Aramendiak.
Esa + Ez Lanak Gelditu taldeko kidearekin bat egin du Antonio Aretxabala geologoak. Proiektua “agerian uzteko” lanean jarraitzeko beharra berretsi du. “Espainiako Kontu Auzitegiak argi eta garbi utzi du Esako urtegia handitzeko proiektua zer den: dirua jan eta jan egiten duen munstroa; baliabideak amaiezintzat jotzen dituen garapen eredu baten ikur da azpiegitura hori: dirutza jaso du, baina horrek ez du aurrerapenik ekarri. Duela hamabi urteko puntu berean da”, salatu du geologoak.
Azken bost urteotan, Esako urtegiaren ingurua aztertzen aritu da Aretxabala. Segurtasunaren auzia landu du, batez ere, baina garrantzitsutzat jo du Esa handitzeko asmoa egungo testuinguruan kokatzea ere. Asmo horrek “errealitatearen kontra” egiten duela uste du Aretxabalak, hain zuzen. “Klimaren aldaketarekin lotutako garaia da gurea; Esa handitzeko proiektua mamitu zutenean, adibidez, uste zuten Zaragoza 1,3 milioi biztanleko hiria izanen zela, eta Esa handitzeko asmoa hiri hori hornitzeko beharrarekin lotu zuten. Egun, ordea, 800.000 biztanle baino gutxiago ditu. Ur kontsumoak behera baino ez du egin”.
Segurtasunari buruz, Aretxabalak nabarmendu du urtegiko bi magaletan dauden arazoak konpontzeko lanek ekarri dutela, batez ere, aurrekontuak gora egitea. “Eskuineko hegal guztia hormigoiz betetzen badute ere, arazoak ezin izanen dituzte konpondu. Egoerak hobera egin dezake, baina ezin da arazoa erabat konpondu”.
“Iragan sismiko bortitza”
Esako sismikotasuna ere jarri du geologoak mahai gainean. “Itoizko iragan sismikoa irrigarri bilakatzen du Esakoak; Esa ingurukoa anitzez ere bortitzagoa da, eta Itoitzen baino lurrikara handiagoak eragin ditzake; ez da arrisku hori benetan kontuan hartu, ordea”. Aretxabalak gogoratu du, hain zuzen ere, Ebroko Ur Konfederazioak ez duela sismikotasunari buruzko ikerketarik egin, Esako urtegia handitzeko lanak hasi baino lehen.
Itoitzen, Zaragozako Unibertsitateko Antonio Casas geologoa izan zen urtegiak eragindako sismikotasunaz ohartarazi zuen lehendabiziko aditua, 2004. irailean lurrikarak hasi zirenean. Ebroko Ur Konfederazioak barre egin zion, baina, azkenean, Casasek errandako guztia onartu behar izan dute Esako urtegia handitzeko lanen sustatzaileek ere.
“Itoizko urtegiak 5 puntu baino gehiagoko magnitudeko bi lurrikara eragin zituen; bertze ehunka astinduren artean, horiek izan ziren nagusiak”, gogoratu du Aretxabalak. Esako urtegiak ere jada sismikotasuna eragin duela uste du geologoak. “2010. urte bukaeran urtegia betetzen hasi zen, nahiko azkar, lehorte garai bat izan eta gero. 2011ko erdialdean, 2ko magnitudeko dozena bat lurrikara gertatu ziren inguruan. Nik uste dut lurrikara horiek gertatu zirela Esako ur maila azkar igo zelako; urtegiak eragin zituela, alegia”.
Errealitate horren aurrean, segurtasuna bermatzeko aukera bakarra Esako uraren maila jaistea dela argi du Aretxabalak. Eskaera horrekin bat egin du Iker Aramendiak. Urtegia handitzeko proiektua behin betiko bazter uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. “Dirua xahutzen ari dira, segurtasuna dago kolokan; Espainiako Kontu Auzitegiak berak jarri du zalantzan Ebroko Ur Konfederazioaren lana. Horrekin guztiarekin gauzak aldatzen ez badira, zer gehiago behar dute?”, galdetu du Zangozako herritarrak. Aldaketaren zain da. Eta aldaketaren alde bultza egin dezatela eskatu die gizarteari eta gobernuari.