Edurne Elizondo
Ezin dugu bertze alde batera begiratu; ezin dugu gertatzen ari dena ikusezin bilakatu”. Noemi Solanas Solerrenak dira hitzak, Erriberako Luna Roja taldeko kidearenak. Eskualde horretako feministen artean alerta piztu du Cortesen hilaren 30ean eta uztailaren 1ean eginen duten Holika musika jaialdiak. Zehazki, Kidd Keo trap abeslariaren parte hartzeak eragin du feministen haserrea: salatu dute haren kanten hitzek emakumeen aurkako indarkeria bultzatzen dutela. “Mezu misoginoek hartzen badute Cortesen eginen duten jaialdiaren gisako espazio bat, gure betebeharra salatzea da. Denentzako seguruak diren espazioak eraiki nahi ditugu guk”.
Ez da Kidd Keoren mezuak salatu dituzten lehen aldia. Urtarrilean, ViñaRock jaialdiko egitarautik kanpo utzi zuten antolatzaileek. Apirilean egin zuten, Villarobledon (Albacete, Espainia). Kidd Keo zen parte hartzaileetako bat, baina haren mezu matxistak eta misoginoak salatu zituzten hainbat emakume taldek, eta antolatzaileek kanpo uztea erabaki zuten.
Ez da berdin gertatu Nafarroan. Holika jaialdiko antolatzaileek berretsi dute Kidd Keo Cortesen izanen dela. Zehaztu dute, halere, ez dituela bere “kantarik polemikoenak” abestuko. “Bazter utziko ditugu gure jaialdiko filosofiarekin bat egiten ez duten balioak zabaltzen dituzten abestiak”, erran dute. “Holika jaialdiaz hitz egitea da adierazpen askatasunaz hitz egitea; bai eta errespetuaz hitz egitea ere”.
“Voy a follarme a esa puta, hacer famosa a la puta, voy a hacer que se lo crea, voy a meterla en la tumba“. Esaldi hori eta gisakoak jasotzen dituzte Kidd Keoren abestiek. Adierazpen askatasuna aldarrikatu dute antolatzaileek. “Ez haiek bakarrik; ezkerretik ere jaso ditugu gisako erantzunak, adierazpen askatasuna nabarmendu duten erantzunak alegia”, azaldu du Solanas Solerrek. Argi utzi du talde feministen asmoa ez dela zentsura bultzatzea, ezta adierazpen askatasuna murriztea ere. “Gure artean ere egin nahi dugu auzi horri buruzko gogoeta, eta aztertu non dauden adierazpen askatasunaren eta emakumeen aurkako indarkeria bultzatzen duten mezuen arteko mugak”. Luna Roja taldeko kideak uste du jaialdiak mezu faxistak bultzatuko balitu bertzelakoa izanen zela sektore anitzen erantzuna. “Horrek erakusten du lan handia badela egiteko”.
Lan hori, bertzeak bertze, erakunde publikoekin egin behar dela nabarmendu dute Erriberako feministek. Solanas Solerrek salatu du emakumeen aurkako indarkeriaren kontra hartzen dituzten konpromisoak hutsean gelditzen direla Corteskoaren gisako jaialdiak babesten dituztenean.
Izan ere, CIC Cortesko Hautagaitza Independenteak mozio bat aurkeztu zuen udalean, erakunde horrek herriko futbol zelaia utz ez zezan jaialdia egiteko. Espazio publiko bat da, udalarena, alegia. Mozioak ez zuen aurrera egin, ordea. PSNk babestu zuen, baina aurka agertu ziren agintea beren esku dutenak, UPN eta CET. “Prebentzio lana funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko; Kidd Keoren abestietako mezuek normaltzat hartzen dute indarkeria hori, eta ezin dugu halakorik onartu, inondik inora. Ezin dugu onartu musika jaialdi batean halako mezuak natural entzutea”, berretsi du Solanas Solerrek.
Erribera osoko hamaika emakume taldek egin dute Kidd Keoren parte hartzearen aurka. Iruñetik ere gogor salatu dute abeslaria. Bertzeak bertze, Zikutak taldeak zabaldu du sare sozialen bidez gertatzen ari denaren berri. “Hamaika talderen babesa jaso dugu; Martxoaren 8an sortutako sinergien bultzada aprobetxatu dugu bat egiteko. Nafarroa kanpotik ere hainbat taldek bat egin dute gurekin”.
Gobernuaren erantzuna
Nafarroako Gobernuak ere hartu du hitza, Cortesko jaialdiaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri eta gero. Maria Solana bozeramaileak herri horretako udalaren esku utzi du ardura, halere. “Erakunde horrek aztertu behar du gertatzen ari dena, eta dagokion erantzuna eman. Adierazpen askatasunak merezi duen errespetuaz harago, pedagogia ere kontuan hartu beharreko kontua da; errespetuaren kultura bultzatu behar dugu”, erran du.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok “sentsibilizazioa” lantzeko beharra nabarmendu du, eta bide horren alde egin du. “Sentsibilizazioa landu behar dugu, zentsura baino gehiago”. Ollok udalari eskatu dio, halere, entzun ditzala Kidd Keoren kanten hitz matxistak salatzen ari direnen ahotsak: “Ahots horiek erraten ari dira kantek zabaltzen duten mezua ez dela egokia, eta gobernuak ezin onar dezakeen emakumeen kontrako indarkeria bultzatzen ari direla”. Nafarroako Parlamentuak ere adierazpena onartu du, eta Cortesko Udalari eskatu dio ez babesteko jaialdia.
Noemi Solanas Solerrek ez du uste Cortesko Udalak atzera eginen duenik. “Badakigu emakumeen aurkako indarkeriaren auziarekin benetako konpromisorik ez duela UPNk; ezin dugu haiengandik deus espero”. Halere, nabarmendu du “azken unera arte” jarraituko dutela presioa egiten. Sare sozialen bidez kanpaina egin dute, bertzeak bertze. “Antolatzaileek kontrako mezuak ezabatzen dituzte”. Antolatzaileek eraso matxisten aurkako mezuak jarri dituzte beren sare sozialetan, hain zuzen. Jaialdian ere erasoen aurkako gune bat izanen dela erran dute. “Aurpegia zuritu bertzerik ez dute nahi”, salatu du Solanas Solerrek.
Gaur, jardunaldia antolatu dute feministek, Cortesen. 18:00etan, Taska espazioan, indarkeria matxistari nola aurre egin aztertuko dute. “Prebentzioa, informazioa eta erantzuna jorratuko ditugu”. 20:30ean, txupinazoa izanen da plazan; 20:45ean, berriz, kontzertua, DJ Ellerekin.