Komandoak hartu du lurra

Komandoak hartu du lurra

Edurne Elizondo

Bertze asalto bat egin du Borraja Komandoak; bertze lur puska bat hartu du beretzat; oraingoan, Beriainen. Bederatzigarrena izan da, eta, aurrekoek bezala, helburu garbia izan du: “Utzitako sail bat edertzea eta erabilgarri bilakatzea”: Beriaingo bizilagunentzat baratze ekologikoa jarri du martxan Borraja komandantearen lantaldeak.

Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Produkzioaren Kontseiluak sortutako ekinaldia da Borraja Komandoa; nekazaritza ekologikoa bultzatzea du xede, hain zuzen ere. “Umorea erabili nahi izan dugu, nekazaritza ekologikoaren alde egiteko. Herritarrengana iristeko modu atsegin eta eraginkorra izan daitekeela uste dugu”, azaldu du kontseiluko komunikazio arduradun Daniel Campanerok.

Osasun etxearen ondoko lur sail bat hartu du Borraja Komandoak, zehazki, Beriainen, herriko udalaren baimenarekin. Han egin dute bat nekazaritza ekologikoaren aldeko kontseiluko kideek, bai eta herriko hainbat bizilagunek ere. Haurrak dira gehienak, eta “ilusioz” ekin diote lanari. Aitzurrak eskuan hartu, eta hasi dira aurretik prestatutako lurraren gainean pinuen azala botatzen. Baratzeak hartuko duen espazioa zehaztu dute azal horiekin. Lan hori amaituta, hasi dira denak lurrean zuloak egiten, eta borrajak, porruak, letxugak eta bertzelakoak landatzen. Ureztatu eta gero, prest dute baratzea. Orain, zaintzea izanen da kontua.

“Guk baratzea jartzen dugu martxan; herritarren ardura da gero zaintzea eta hari eustea, nahi badute”, azaldu du Campanerok. Borraja komandantearen lantaldea iaz jarri zen abian. Beriainera ailegatu baino lehen, Nafarroako bertze zortzi herritan egon dira komandoko kideak. “Utzitako espazio publikoak aukeratzen ditugu; herriotako udaletako arduradunekin hitz egiten dugu, eta ekinaldia antolatzen dugu”.

Herriotako hainbatetan “espazio bizi” bilakatu dira Borraja Komandoak sortutako baratzeak. “Herritarrek zaintzea erabaki dute, eta, hainbat herritan, adibidez, lortutako produktuak erabiltzen dituzte toki horietako gizarte taldeak laguntzeko”.

Cintruenigon eta Tuteran, adibidez, herritarren “konpromisoa” handia izan dela nabarmendu du Campanerok. “Herriko hainbat elkartek hartu dute baratzea zaintzeko ardura, eta produktua banatzen ari dira beharra dutenen artean. Ekinaldia, beraz, bere helburu soziala betetzen ari da”, nabarmendu du.

Beriainera ailegatu baino lehen, Cintruenigon eta Iruñean izan zen Borraja Komandoa. Ekinaldiaren sustatzaileek herritarrak beren kabuz aritzera deitu dituzte, halere. “Utzitako espazioak baratze bilakatzea da kontua, bizia ematea”. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuarekin batera, bertako produktuaren aldekoa ere bada Borraja Komandoko kideen lehentasuna. “Finean, xedea da nork berea ekoiztea; bertako produktu ekologikoa sustatzea”.

Nekazaritza ekologikoak “etorkizun handia” duela uste du Daniel Campanerok. Nafarroan, halere, “bultzada sendoagoa” behar duela erran du. Hala eta guztiz ere, datuek erakusten dute “gora egiten” ari dela. “Hemen, eta mundu osoan. Nafarroan, iaz, nekazaritza ekologikoak %20 inguru egin zuen gora; produkzioak egin du gora, bai eta ekologikoaren aldeko apustua egiten duten nekazarien kopuruak ere”.

Herritarren parte hartzea

Beriainen bizi da Cristina Garin, eta produktu ekologikoen alde egin du, zalantzarik gabe. Erriberriko ekinaldian ezagutu zuen Borraja Komandoa, eta herrian berehala bat egin du komandantearekin baratzea martxan jartzeko. “Gurasoek baratze ekologikoa dute Lizarran; badakit zer den”.

Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua “ezinbertzekoa” dela uste du Garinek. “Batetik, osasunagatik, hainbertze pestizida dituzten produktuak ez kontsumitzeko; bertzetik, ingurumenarengatik; ama lurra erabat suntsitua dugu. Zaintzeko garaia dugu jada”.

Garinekin batera, Beriaingo bertze hainbat herritar izan ziren Erriberriko ekinaldian. “Hemengo baratzea zainduko dutela zalantzarik ez dugu”, erran du Campanerok. Horixe berretsi du Garinek ere. “Baratzea lantzeko ohitura handia dugu herrian”, nabarmendu du.

Lana bukatuta, bere manifestua Beriaingo herritarren esku utzi du Borraja komandanteak: “Lur puska hau hartu dugu edertzeko eta erabilgarri bilakatzeko. Zaindu ezazue, eta jaso haren fruituak heltzen direnean; mundu hobe eta ekologiko baten alde, bat egin ezazue Borraja Komandoarekin”.