“Indarkeriaren aurka egin beharreko lanaren eredu bilakatu da Iruñea”

“Indarkeriaren aurka egin beharreko lanaren eredu bilakatu da Iruñea”

E. Elizondo

Urduri dela aitortu du Cristina Fallaras kazetariak (Zaragoza, Espainia, 1968), Nagore Laffageren omenezko ekinaldian hitza hartu baino lehen. Haren amaren aurrean, Laffage gogoratzen dutenengan beti bizirik izanen dela nabarmendu nahi izan du.

Zer duzu gogoan Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuen egunari buruz?

Berria zabaldu zenean, gauzak ez zeuden batere argi. Hasieran, ez zen hilketa aipatzen. Ez gara konturatzen, baina hamar urteotan gauzak anitz aldatu dira. Hilketari buruz orduan hedabideetan zabaldu zenari buruz, gogoan dut nahasmena zela nagusi. Emakume bat hilik zela aipatzen zuten, ez zuten erraten gizon batek hil zuela, ustez bazen ere. Nahasmen hori dut gogoan, batez ere.

Sanferminetan gertatzen diren eraso matxistak ez dira oraingo kontu. Orain, ordea, gehiago salatzen dira, eta karrikan egiten dute haien kontra. Kanpotik, zer iritzi duzu Iruñean azken urteotan gertatu denari buruz?

Azken urteotan, Iruñeko sanferminak eredu bilakatu dira, besta giroan gertatzen den indarkeria matxistaren aurka egin beharreko lanaren eredu. Zalantzarik gabe, udalaren eta gizartearen jarrera mugarri izan da. Protokoloak zehaztu dira, eta, ondorioz, eraso bat gertatu denean, emakumeak argi izan du nora jo. Ez dira Poliziaren protokoloak, gainera. Gizarteari eta udalari lotutako protokoloak dira, hau da, ordezkatzen gaituztenei lotutakoak, eta hori hagitz garrantzitsua da.

Erasoak ez dira bakarrik bestetan gertatzen, halere.

Erasoak gertatzen dira ez bizi dugun sistemaren ondorioz, baizik eta sistema bera direlako eraso horiek. Sistema patriarkal batean bizi gara, eta sistema hori indarkeriaren gainean dago eraikia; oinarria da gizonak duela agintea bere esku. Ondorioz, sufritzen dugun indarkeria hori guztia sistema beraren oinarria da.

Besten esparruan, Iruñetik kanpo sanferminetara ez etortzeko mezua zabaldu dute hainbat taldek eta emakumek; bertakoek besta espazioetan egoteko beharra nabarmendu dute, ordea. Zer uste duzu zuk?

Bi jarrera horiek bateragarriak direla uste dut nik. Ulertzen dut hemengoek nabarmentzea egiten ari diren ahalegina, eta karrikan jarraitu nahi izatea; ulertzen dut, halaber, kanpoko emakumeek etorri nahi ez izatea Nagore Laffage hil zuten edo 2016ko taldeko bortxaketa gertatu zen tokira. Urtero gertatzen dira erasoak, eta ulergarria iruditzen zait emakume anitzek bestan parte hartu nahi ez izatea. Ez dut uste, halere, etorri nahi ez duten horiek sanferminen aurka egin nahi dutenik, bereziki. Uste dut gisako bertze bestetan gertatzen diren erasoak ere salatu nahi dituztela.

2016ko erasoa ez du bortxaketatzat jo justiziak. Zigorgabetasun sentsazioa areagotu da?

Justizia patriarkala da, eta ez dut justizia mota hori laster amaitzeko esperantza handirik. Nagore Laffageren heriotza ere ez zuten hilketatzat jo. Horren eta 2016ko erasoaren gisako kasu argien aurrean justiziarik ez badugu lortzen, ezin dut esperantza handirik izan. Bortxaketaren auziko sententzia irakurri nuenean, ezin nuen sinetsi horrelakorik erabaki izana.

Emakumeak karrikara atera dira justizia patriarkala salatzera; ez duzu hori aurrerapausotzat?

Bai, ari gara justizia patriarkala agerian uzten. Baina justizia patriarkalak ba al du kezka horrekin? Gizartearen zati hagitz handia du bere alde. Bost axola dio, beraz. Agerian gelditzen ari da, halaber, herritarren zati handi bat prest dagoela biktima berriz ere biktima bilakatzeko, eta prest dagoela gure kontra egiteko indarkeria salatzeagatik, errua gure gain jarrita.

Emakumeen erantzun sendoa ere eragin dute azken garaiko erasoek.

Egia da, erantzuna zabala eta sendoa izan da. Uste dut hainbat faktorek bat egin dutela hori gertatzeko. Mugimendu horren atzean ongi prestatutako emakumeak daude. Urte luzez eutsi dugu, eta, azkenean, karrikara atera dugu egoerak eragindako amorrua. Ezin genuen orain arte bezala jarraitu.

Martxoaren 8ko grebak lagundu du mugimendua astintzen?

Bai. Eta uste dut sare sozialen rola ezinbertzekoa izan dela. Ohiko hedabideetan gure kontakizuna egiteko aukera izan ez dugun emakumeok sare sozialak baliatu ditugu saretzeko eta gure mezuak zabaltzeko. Horrek ekarri du, nire ustez, azkenaldiko astintze hori.

Zer ardura dute hedabideek?

Isilarazi gaituzte. Minaren oinarrian daude hedabideak. Indarkeriari buruzko komunikaziorik gabe ezin diogu aurre egin. Eta isilarazi gaituzte, orain arte.