Edurne Elizondo
Helburua bete dute. Horixe uste du Nafarroako Gobernuak Belateko mendatean ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko hartutako neurriei buruz. Ekainaren 4an jarri zituzten indarrean. Egun hartan, Belateko eta Almandozko tunelak itxi zituzten, lanak egiteko; autoek eta gainerako kamioiek, ondorioz, Belateko mendatetik joan behar dute orain, lanek iraun bitartean. Gobernuak matrikularen arabera mugatu du nazioarteko zama garraiorako ibilgailu astunen zirkulazioa. Lehen asteotako datuek agerian utzi dute behera egin duela errepidean diren kamioien kopuruak: %61 inguru, Olaben; eta %51 inguru, berriz, Beran.
Datu horiek “ontzat” jo ditu Nafarroako Gobernuak, eta, ondorioz, hartutako neurriei eustea erabaki du jada. Ekainean martxan jarri zituztenean, uztailaren 15era arteko epea zehaztu zuen gobernuak, neurrien egokitasuna aztertu, eta moldatu edo bide beretik jarraitu erabakitzeko. Bi aste lehenago ebatzi du gobernuak, azkenean, hasi bezala jarraitzea, lanak amaitu arte. Zazpi hilabeteko epea zehaztu zuten, hasi zituztenean, obrak amaitzeko.
“Ezarritako neurri guztiek hagitz ongi funtzionatu dute orain arte: matrikularen araberako mugak ezarri ditugu Belateko mendatean, Zuastiko bidesaria doan utzi dugu ibilgailu astunentzat, eta Belateko mendateko errepidea konpondu dugu”, erran du Manu Aierdik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak.
Gobernuak ezagutarazi du lanak egiteko zehaztutako epeak betetzen ari direla Belateko eta Almandozko tuneletan. Gai toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat ari dira jartzen bi tuneletan. Drainatze sistema jartzeko lanen erdiak egin dituzte jada Almandozko tunelean, eta obren %40, berriz, Belatekoan. Kable sistema aldatzeko lanei buruz, oraingoa kentzen ari dira, eta datozen egunotan hastekoak dira berria jartzen, hain zuzen. Belateko tunelean, gainera, larrialdian ibilgailuak gelditzeko bi gune berri egiten ari dira.
Jarraipen batzordea
Belateko tuneletako lanen jarraipen batzordeak bilera egin zuen duela bi aste; laugarrena izan da gobernuak obrak eginen zituela jakinarazi zuenetik. Garapen Ekonomikoko departamentuko arduradunekin batera, foruzainek, suhiltzaileek, eskualdeko hautetsiek, kamioilarien ordezkariek eta gasolindegietakoek parte hartu zuten, bertzeak bertze.
Berako alkate Josu Iratzoki izan zen parte hartzaileetako bat, hain zuzen ere. Berak ere ontzat jo du hartutako neurrien emaitza. “Eskualdeko hautetsiok nazioarteko zama garraio osoa mugatzeko eskatu genuen; gobernuak ez zuen hori onartu, baina, hartutako neurriekin, azkenean antzeko emaitza lortu da”, azaldu du alkateak.
Izan ere, hautetsiek dituzten datuen arabera, N-121-A errepidetik pasatzen ohi diren ibilgailuen %70 dira nazioarteko zama garraiorako kamioiak. “Matrikularen araberako murrizketekin, ibilgailu astunen kopurua %60 murriztu da; beraz, kontent gara”. Iratzokik nabarmendu du Belateko errepide zaharra izan dela emaitza hori lortzeko mugarri, halere. Izan ere, mendateko bidetik 10-15 minutu gehiago behar dituzte ibilgailuek. Bideak, gainera, hainbat bihurgune arriskutsu ditu. “Horrek ekarri du kamioilariek A-15etik joatea erabakitzea, berez behartuta egon ez arren”, erantsi du.
Berako alkateak argi du hori dela ibilgailu astunentzako bidea. “N-121-A errepidea ez dago hartzen duen kamioi kopurua hartzeko prestatua”, erran du argi eta garbi. Iratzokik ulertzen du kamioilariak lanean direla errepidean, baina “arazotzat” jo du bide horren egoera. Eskertu du, halere, lanak hasi zituztenetik kamioilariek izan dituzten “keinuak”. “Bide bazterrean gelditzen dira, aukera dutenean, atzetik heldu diren autoek aurrera egin dezaten”, azaldu du.
Ekainean martxan jarritako neurriak apur bat moldatuko ditu Nafarroako Gobernuak, Beran. Asmoa da Behobian diren kamioiek herriko sarrerako gasolindegietara ailegatu ahal izatea. “Azken urteotan, izugarri egin du gora gasolindegien kopuruak herrian; Zalain inguruan bi gasolindegi handi daude”, erran du herriko alkateak.
Hain zuzen ere, gasolindegietako ordezkariek eskatu dute zirkulazioa murrizteko neurriak moldatzea. Neurri horiek eragindako bide tartea bi kilometro txikitzea proposatu dute, zehazki, kamioiek Gipuzkoatik Berako sarreran diren gasolindegietara ailegatu ahal izateko. Gobernuak onartu egin du proposamena.