Indarberritzeko oporrak

Indarberritzeko oporrak

Edurne Elizondo

Zer ikara!”. Liubomira Alievak ez du kazetariarekin hitz egin nahi. “Oso lotsatia da”, azaldu du Leitzako bere etxean hartu duen Mari Carmen Arregik. Ukrainakoa da Alieva, eta 8 urte ditu. Laster beteko ditu 9 urte, hilaren 28an. 6 urte bertzerik ez zituen Nafarroara lehendabizikoz etorri zenean, Chernobil elkartearen bidez. “Familiako kide bilakatu da jada; gure neskatoa da”, nabarmendu du Arregik, haurrari so.

Txernobylgo zentral nuklearreko leherketaren itzalpean bizi dira Alieva eta herri horretako gainerako haurrak. Hondamendi haren arrastoa dute gainean, hura gertatu eta hainbat urtera jaio arren. Uda sorterritik at pasatu ahal izateak aukera ematen die indarberritzeko. Ez dira hilabeteotan Nafarroako familien artean aterpe aurkitzen duten bakarrak, halere. Haur sahararrak Tindufeko kanpalekuetatik ateratzen dira udan, eta basamortuko egunotako beroa eta baldintza gogorrak bazter uzten dituzte, tarte batez. Aurten, 101 haur saharar eta Ukrainako 73 etorri dira Nafarroara, indarberritzeko oporrak pasatzera.

Lurralde kutsatua

1986ko apirilaren 26an gertatu zen Txernobylgo leherketa. Zentral nuklearraren 4. erreaktorea lehertu zen, proba saio batean. Konponketa lanetarako geratu behar zutenez, aukera baliatu zuten: kanpoko argindar sorgailuak huts eginez gero, erreaktorearen turbinak segurtasun sistemak piztuta edukitzeko behar adina energia sortzeko gai ote ziren jakin nahi zuten. Prozesua azkarregi egin zuten, ordea, eta gelditzeko aginduak motelegi eman zituzten: ordurako, beranduegi zen. Erregai nuklearra urtzen hasi zen. 2.000 gradu baino gehiago hartu zuen nukleoak: lurruna pilatu eta leherketa eragin zuen. Erreaktorearen estalkia suntsitu zuen leherketak, eta 200 tona gai erradioaktibo jaurti zituen atmosferara. Haizeak Ukrainaz kanpora eraman zituen partikula erradioaktiboak: hurrengo egunean, Suediako Frosmarken antzeman zituzten, eta Sobietar Batasunetik zetozela ondorioztatu zuten.

Hiru hamarkada luze joan dira Txernobylgo zentralak eztanda egin zuenetik, baina leherketaren arrastoak ez dira desagertu. Eztandak Bielorrusiako lurraldearen %23 kutsatu zuen; Ukrainakoaren ia %5, eta Errusiakoaren %0,5. “Hedabideetan agertu zena ezagutzen dugu gertatu zenari buruz; eta Liubomirak ez du deus erran nahi sorterriari buruz; Ukrainaz galdetzen diogunean, beste edozer gauza kontatu, edo ez du erantzuten”, azaldu du Arregik.

Aspalditik zuen leitzarrak Ukrainako haur bat hartzeko asmoa, baina lanak ez zion aukera hori eman, duela hiru urtera arte. “Chernobil elkartekoak ezagutu, eta asko gustatu zitzaigun haien lan egiteko modua. Baietz esan genuen, eta ez gara damutu”. Onartu du, halere, “beldurgarriak” izan zirela hasierakoak. “Bilbora joan ginen haren bila; lotsati agertu zen gurekin, oso lotsati”. “6 urte besterik ez zuen, harentzat ere egoera zaila zen; gorputza tentsio batean zuen, gogortua; ukitzea ere ez zuen nahi”, gaineratu du Arregiren errain Jenny Olanok.

Etxera ailegatu orduko, halere, denak hasi ziren hasierako beldurrak galtzen. “Keinuka hasi zitzaigun esaten maletan zuen zerbait erakutsi nahi zigula. Opariak ekarri zizkigun: goxokiak, te ontzi bat, eta etxean egindako ogia”, kontatu du Arregik, hunkituta.

Alieva Txernobyldik 30 kilometrora dagoen Zorin herrikoa da. Arregik eta gainerako senideek badute urtero hartzen duten haurraren sorterriari buruzko jakin-mina. “Nahiko genuke joan; aldi berean, beldurra eragiten digu aukera horrek, esan baitigute baldintzak gogorrak direla han; beldurtzen gaitu Liubomiraren errealitatea ezagutzeak”, onartu dute. “Liubomirak, gainera, ez du gu harat joatea nahi. Aukera aipatzen diogun bakoitzean, ezetz esaten digu, irmo”, erantsi du Olanok. “8 urte besterik ez du, baina gai da sorterriko eta Leitzako egoera alderatzeko. Ez digu hangoa erakutsi nahi”.

Ukrainan egona da Olatz Linazisoro. Chernobil elkarteko kidea da, eta iaz joan zen urtero Euskal Herrira ekartzen dituzten haurren sorterria ezagutzera, elkarteak berak antolatutako bidaian. Gogoratu orduko, hunkitu egiten da. “Esperientzia polita izan zen, gure haurren familiak ezagutu genituelako; sorterrian nola bizi diren ikusi ahal izan genuen, eta hori gogorra izan zen. Asko herrixka txikitan bizi dira, urik gabe. Bizimodu latza dute”, azaldu du.

Aurten, 6 eta 17 urte bitarteko 192 haur ekarri ditu Chernobil elkarteak Euskal Herrira. Haietako hamabost daude Nafarroan. Herrialdera Ukrainatik etorri diren gainerako haurrek Bigarren Familia elkartearen bidez egin dute bidaia, hain zuzen ere. Txernobyl inguruko herrietako haurrekin egiten dute lan izen bereko elkarteko kideek. “Garrantzitsua da haurrak hiruzpalau urtez jarraian handik ateratzea, horrek mesede handia egiten diolako haien osasunari”, nabarmendu du Linazisorok.

Ukrainan fruta jatea ia ezinezkoa da haurrentzat, adibidez. “Oso garestia da”, azaldu du elkarteko kideak. Hemen, erruz jaten dute. “Lau uda hemen pasatzeak indarberritu egiten du haurron sistema immunologikoa”. Arregik azaldu du Alievari “izugarri” gustatzen zaiola fruta. “Sandia jaten hasi, eta gai da erdia hartzeko!”.

Gogoratu du etorri zen lehen uda, eta orain baino anitzez ere “ahulago” zegoela azaldu du. “Mehe zegoen, eta kolorea ere ez zuen batere ona”. Ukrainatik itzultzen denean, pisatu egiten du Arregik Alieva. “Aurten ez du gramo bat ere galdu. Urtetik urtera indartsuago dago, sumatzen zaio aldea”.

Euskaraz egiten du Leitzako bere familiarekin Alievak. “Oso azkarra da. Lehen uda amaitu zenerako, gai zen dena ulertzeko; bigarrenean jada hitz egiten zuen, eta ederki, gainera. Haren gurasoek gutuna bidali ziguten. Ongi zegoela kontatu, baina kezkatuta ziren, ukraineraz ez zuelako egiten. Sorterrira itzuli, eta euskaraz egiten jarraitzen zuen!”. Olanok gaineratu du matematikak ere “biziki” gustatzen zaizkiola Alievari, eta beti dagoela ariketak buruz egiten.

Oporrak Bakean programa

Harro mintzatu dira Arregi eta Olano Alievari buruz. “Gure neskatoa da”, berretsi dute. Uztailaren 2an ailegatu zen Nafarroara, eta abuztuaren 28ra bitarte egonen da herrialdean. ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearekin herrialdera etorri diren haurrak, berriz, ekainaren 26an iritsi ziren, eta abuztuaren 25ean eginen dute bueltako bidaia. Oporrak Bakean izenburuko programan parte hartzen dute.

Aurten, ohi baino zailtasun gehiago izan dituzte ANAS elkarteko kideek behar zituzten familiak aurkitzeko. “Kontua da ohi baino haur gehiago etorri dela aurten, lehendabiziko aldiz; ondorioz, familia berri gehiago behar genituen”, azaldu du elkarteko kide Maria Perez de Larraiak. Apirilean laguntza eskatu zuten, eta, azkenean, 98 haurrentzako etxea aurkitzea lortu dute. “Gainerako hirurak hainbat begiralerekin dira utzitako etxebizitza batean”.

1998. urtean etorri ziren haur sahararrak, lehendabizikoz, Nafarroara. Oporrak Bakean programaren bidez, hainbat kontu jarri nahi dituzte bultzatzaileek mahai gainean: batetik, Marokok okupatutako herria dela sahararrena. “Erdia lurralde okupatuetan bizi dira, eta bertze erdia, berriz, Aljeriako kanpalekuetan. Gurera etortzen diren haurrok beren herriaren enbaxadore dira”. Bertzetik, kanpalekuotan dauden baldintza gogorren berri zabaldu nahi dute; bereziki, udan. “55 gradu dituzte, itzalean”. Hirugarrenik, Perez de Larraiak nabarmendu du kanpalekuetatik kanpo pasatzen dituzten hilabeteok baliatzen dituztela haurren osasuna zaintzeko, eta behar dituzten mediku azterketak egiteko. “Han ez dute aukerarik”, azaldu du.

Haurrek hiru urtez badute aukera bidaia egiteko. “1998an etorri zirenen seme-alabak ditugu orain gurean; etxean, adibidez, ni haur bat nintzenean hartu genuenaren alaba dugu orain”, azaldu du ANASeko kideak.

Familien eta haurren artean sortzen diren “harreman estuak” nabarmendu ditu, eta haurrek herrialdean ematen duten denborak balio duela “hemengook ditugun pribilegioez” jabetzeko. Horixe aipatu du Mari Carmen Arregik ere. “Besteen egoera ezagutzen duzunean konturatzen zara hemen dugunaz; pribilegioak baditugu”.

Pribilegio horiek elkartasuna jorratzeko eta okerrago daudenentzat justizia eskatzeko baliatzea da kontua, ANAS elkarteko kideek erantsi dutenez. Batzuen eta bertzeen errealitatearen artean dagoen aldeaz tokian jabetzen dira familiak, batez ere. Goizeder Nazar da kanpalekuetako egunerokoa ezagutu duten nafarretako bat. Urteak dira etxean haur sahararrak hartzen dituztela, eta haurrokin sortutako harreman horrek izan du emaitzarik. Sahararren aldeko elkartea sortu dute Berriozarko herritarrek.

Etxean dute aurten Brahim Ozman Moulud. “Ez du lehen urtea gurekin. Gorra da. Txikitan ebakuntza egin zioten kokleako inplantea jartzeko. Arazoa da kanpalekuetan ezin izan dituela behar zituen azterketak jaso, eta inplanteak ez du funtzionatu”.

Horrek ez du beren arteko harremana mugatu, halere. “Keinu hizkuntza ikasten hasi zen ama”, azaldu du Nazarrek. Nabarmendu du familia osoak duela haur sahararrenganako konpromisoa. Berriozarren sortu duten taldearen bidez, gainera, urte osoan landu nahi dute gaia, elkartasuna zabaltzeko asmoz. Uda haur sahararrekin partekatzeko aukera dute orain. Eta ez du galdu nahi.