Jon Barberena
Plazagizona jendearen aitzinean edo jendartean anitzetan aritzen den eta aise moldatzen den gizonezkoa da. Ez dut uste holako bertuteak dituen emakumea izendatzeko, pareko kontzepturik ote dagoen gure hiztegian. Gizarteak gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasun anatomiko eta fisiologikoen arabera, funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa konkretua egiten du. Banaketa natural (ejem…) honetan, gizona produkzioarekin eta espazio publikoarekin lotzen da. Emakumea, berriz, ugalketarekin eta etxeko espazio pribatuarekin.
Herriko plazak garrantzia hartzen du udako bestetan. Besta giroan beteko den plazak herriaren kohesioa idurikatzen du, baina Baztango herri anitzetan ez da elkartasunik sumatuko mutil-dantzak dantzatzeko tenorean. Zenbait gizon eta emakume dantzan ariko dira elkarrekin, baina bertze herritar batzuek bizkarra emanen diete berdintasunean oinarritutako erritu eder honi. Hau da, zenbait gizonek boikot eginen diote gizon eta emakumeek marraztutako plazako borobilari eta eremu pribatuan euren plaza alternatiboa sortuko dute. Plaza hauetan dantzatzeko ñabardura bakarra hartuko da kontuan; gizona izatea. XXI. mendean, oraindik ere sexu desberdintasunean oinarritutako funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa egiten da Baztanen, eta batzuek argi dute herriko santuaren egunean, plazan egiten diren mutil-dantzetan gizonezkoek bakarrik dutela parte hartzeko eskubidea. Hau horrela izanik, herriko agintariek edo txistulariek babesten ez badituzte, plaza eta eremu baztertzaileak sortuko dituzte. Horra denek amesten dugun Baztan bukoliko, moderno eta aitzinatuaren iduri perfektua!
Plazen balio sinboliko bera izan dezakete zubiek. Aldenduak dauden bi puntu elkartzeko bide dira zubiak. Batasunerako bide. Baina zubipeak baztertuen gune ditugu. Gizarteak ekonomikoki edo sozialki zapaltzen dituztenen leku. Desberdinak dira zubiaren goitiko aldea eta beheitiko aldea. Horren adibide da Lesakako sanferminetan egiten den zubi gaineko dantza. Ingurukoen esku zartak eta laudorioak lagun, gizonezkoek egiten duten dantza da hau. Urteko egun garrantzitsuenetako batean, emakumearen protagonismoa zubipean gelditzen da. Hala ere, zenbait neska hasi omen dira entseguetan, eta segur naiz, laster, emakumeak esku zartak jotzetik jasotzera pasatuko direla. 2014ko abuztuan Beran suertatu bezala, aldaketa kalapita anitzik sortu gabe eta modu natural batean emanen dela iduritzen zait. San Esteban eguneko makil-dantza, borbon-dantza eta aurreskua emakume eta gizonek elkarrekin dantzatu dituzte azken lau urte hauetan, eta ordutik herriko plazak bertze kolore bat hartu du, bertze forma bat… Zorionak!
Euskara jalgi hadi plazara eskribitu zuen Bernart Etxeparek eta aldarri berdina egin nahi dut 473 urte pasa eta gero. Baina, euskara ez ezik, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako balioak eta emakumea ere plazaratu daitezela. Espazio publikoa denona izan dadila; inor baztertu gabe, inor gutietsi gabe.
Egutegian gorriz ageri ditunan egunetan ere, jalgi hadi plazara emakume! Jalgi hadi mundura!