Iritzia: Eskerrik asko, Maravillas

Saioa Alkaiza

Euskal Jaik hamar urte iraun zuen, alternatibak josten, autogestioa eratuz Alde Zaharrean, bestelako mundu bat irudikatzen; Javier Chorrautek (CDN) ez zuen utzarazi, eta ez zuten hustu eta eraitsi harik eta Yolanda Barcina (UPN) herri mugimenduaren arnasgunea zena desegiten tematu zen arte. 2004ko uda zen.

Alde Zaharraren memoria gorpuztuan dago orduko hura. Subkontziente kolektibora joaz, errairen batean zizelkatua daukagu, minez. Kargak, atxilotuak, borrakadak, etxerainoko bidea hartu ezin zuten auzokideak… Auzo bat, Poliziarena. Nork esanen zuen antzeko irudi militarizatu bat biziko genuenik berriz Alde Zaharrean, noiz eta Aldaketaren Gobernuaren aroan gaudenean?

Bada, bai. Abuztuak 17 zituenean, 05:00etan, kaputxa jantzitako poliziek hartu zuten Nabarreria. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Eta auzokideak leihoetara atera ziren. “Eutsi, peña”, entzuten zen, dozena bat furgoitik gora zeudela Nabarrerian; “Maravillas aurrera”, garabi batekin azken balkoitik zintzilik zeuden neskak ateratzen zituzten bitartean; “Un desalojo, otra okupación” adi zitekeen, lotsagabe Poliziak balkoietan geunden bizilagun eta kazetarioi argazkiak ateratzen zizkigunean.

Inork ez daki zein izan den kalkulua: Ahal Dugu-ren soka kritikokoek eta ofizialistek zer eginen duten hauteskundeetan eta horrek nola eragin dezakeen botoan; Geroa Bai PSNri begira ote dagoen, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin gobernua osatu nahian eta hor gaztetxea ere taktikoki garrantzitsua den (EH Bildurentzat okerrenetarikoa litzatekeen aukeretako bat da balizko batuketa hori, aintzat hartuta agian zenbakien ondorioz bere beharra ere izatea gobernatzeko); Geroa Bai zentro-eskuinaren boto emaileen tarjeta ere bereganatu nahian ote dabilen eta jokaldi hau kartak erakusteko izan ote den; baliteke hasierako “huste ordenatuak” legalitate berniza ematea, baina zaurituek eta kargek pixka bat zikintzea ordena eta horregatik egin izana atzera; agian, sinpleagoa da dena eta kalkulurik ez egitea izan da kalkulu bakarra. Auskalo.

Bulegoak bulego eta lokatzak lokatz, argi dago zer gertatu den kalean: Maravillas okupatu dute berriz ere, eta, geroztik, askatutako beste espazio bat dauka Alde Zaharrak.

Eta kontua da, orain, Alde Zaharraren memoria kolektiboan ez dagoela bakarrik Euskal Jai, baizik eta Maravillasen erresistentzia eta herri mugimenduaren garaipena, eta auzokideek oroituko dituztela bizilagunak kolpez hartu zituzten kaputxadunak eta auzoari gune bat eskaini zioten gaztetxeko kideak. Are, oroituko dituztela brindis herrikoia, poz malkoak, besarkadak eta mundua ulertzeko beste modu bat sortu nahi duten horien ilusioa. Bigarren huste saiakera bat latzagoa litzateke, beraz.

“Hau ez da okupazio bat, ederra izanen den zerbaiten hasiera baizik, eta, egiatan nahi badugu, geldiezina”, esan zuten Euskal Jai desalojatu zutenean.

Geldiezina izan zaitezen opa dizut, Maravillas. Zorionak zure urteurrenean, eta eskerrik asko auzoari emandakoarengatik.