Ane Eslava
Zazpi urte zituenetik aritu da txirrindularitzan Erkuden Almagro (Iruñea, 1976). Lehia uztea erabaki zuenetik, taldean ateratzen da bizikletan ibiltzera, baina, hasieran, talde horiek gizonek osatutakoak izan ohi ziren. Bere zaletasuna emakumeekin partekatzeko beharrak bultzatu zuen Bizikume taldea sortzera, eta, egun, 200 kidez osatutako kluba da. Uste du baliagarria izan dela emakumeen arteko sareak sortzeko eta elkarri indarra emateko.
Zein izan da zure ibilbidea bizikletarekin?
Beti ibili naiz bizikletan, oso txikitatik. Hamabi urterekin hasi nintzen lehian, eta gero hemengo nesken klubetan ibili nintzen; baina kanpora joan behar izan genuen laster, hemen ez genuelako aukerarik.
Egun, zer da zuretzat bizikleta?
Une bat heldu zen non emakume asko lehia uzten hasi ziren, ikusi zutelako inoiz ez zutela beren ametsa lortuko: profesional izatea, adibidez. Nik, ordea, jarraitu egin nuen, eta, beharrak bultzatuta, taldea sortu nuen. Orain, bizikleta nire bizimodua da.
Gizonekin bizikletan ibiltzeko ohitura zenuen. Zeren falta sumatzen zenuen haiekin joatean?
Emakume askok utzi zutenean, nik oraindik bizikletan ibiltzeko beharra sentitzen nuenez, taldetxoekin elkartzen nintzen. Baina gehienak gizonak ziren, eta askotan tokiz kanpo sentitzen nintzen. Erritmoak ez zitzaizkidan gustatzen, eta elkarrizketa asko tokiz kanpo zeudela iruditzen zitzaidan. Orduan, zerbait aldatu behar nuela ikusi nuen.
Nola animatu zinen taldea sortzeko pausoa ematera?
Justu orain dela lau urte izan zen. Ikusi nuen beste kiroletan emakumeen taldeak sortzen ari zirela, eta Mujeres en Bici taldea sortzera animatu nintzen. Beharrak eraman ninduen horretara.
Sare sozialak erabili zenituen taldea sortzeko. Nola izan zen?
Hasieran ez nekien oso ongi nola egin nezakeen, eta WhatsApp talde bat sortu nuen. Geroz eta neska gehiago elkartuz joan ginen, eta, azkenean gehiegi ginenez, mendikoak eta errepidekoak, banatu egin ginen. Klub bat sortu genuen, Bizikume, egiturak koordinatzeko erraztasunak ematen zizkigulako.
Hasieran, zuen helburua zen ibiltzera joateko elkartzea, ezta?
Bai, ibiltzera joateko elkartzen ginen batez ere. Baina, gainera, justu une horretan mugimendu aldarrikatzaile handia zegoen Iruñean, eta asko erabiltzen zuten bizikleta. Gu askotan joaten ginen bizikletarekin ekitaldietara, masa kritikoetara… Beti izan dugu aldarrikapen puntu hori. Bestalde, feminismoak ere toki handia du taldean, eta uste dugu gauza biak lotuak daudela.
Zenbat emakume eta zer adin tartekoak zarete?
Egun 200 inguru gara, eta 18 eta 70 urte bitartekoak. Esan beharra dago ez ditugula gizonak kanpoan uzten, irteera misto batzuk ere egiten baititugu, baina gure elkargune nagusia ez da mistoa. Eta bi modu daude gurekin bat egiteko. Batetik, Mujeres en Bici komunitatearen parte izatea: dohainik da, eta kideek irteeren berri izaten dute. Eta, bestetik, Biziklume klubean sartzea: urtean 20 euro balio du, eta abantaila batzuk ematen ditu.
Zergatik da positiboa emakumeak kirola egiteko elkartzea?
Guk beste erritmo batzuk ditugulako, beste elkarrizketa gai batzuk… Alegia, beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea; disfrutatu egin nahi dugu.
Liburu bat ere idatzi duzu: Guía definitiva de la mujer ciclista. Hutsune bat zegoela ikusteak eraman al zintuen hori sortzera?
Bai, pausoa eman nuen ikusi nuelako informazio hutsune handia zegoela. Adibidez, behin emakume txirrindularien liburu bat erosi nuen, eta bizikleta politen eta neska ederren argazkiak baino ez zituen. Esan nuen: hau al da emakumeen txirrindularitza? Eta gida bat egitea erabaki nuen, emakumeei aukera emateko beren kabuz ibiltzen hasteko. Gerora idatzi izan didate esanez animatu direla; hori zen asmoa.
Eskola bat ere sortu zenuten.
Bai, halako zerbait. Klubaren egiturak aukera ematen digu eskolak eskaintzeko: hastapenei buruzko ikastaroa, mendian hastekoa, mugikortasun eskolak…
Positiboa da ikasteko orduan emakumeak eta gizonak banatzea?
Nik uste dut baietz. Izan ere, ikusten dut askotan, talde mistoetan, emakumeak pixka bat deseroso sentitzen direla, batik bat zalantzak galdetzeko orduan. Horregatik, soilik emakumeez osatutako taldean elkartzea ikasteko aukera bikaina izaten da haientzat.
Zuri zer eman dizu emakumeekin taldean joateak?
Gure taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien. Hemen mota guztietako pertsonak ezagutu ditut: LGTBI emakumeak, Opus Deikoak, medikuak, garbitzaileak… Geure elkargunea bizikleta da, eta gainontzeko guztia alde batera uzteko gai gara. Hori izugarria da. Ni kirol mundu maskulino batetik nator, eta sexu joera, herrialde edota erlijio askotako neskekin elkartzean esan dut: “Nor naiz ni bestea epaitzeko? Berak pedalei eragiten die nik bezala”. Horrek pertsona hobea bihurtu nau.
Kirola, modu kolektiboan, ahalduntzeko tresna izan daiteke?
Bai, guztiz. Oso sare garrantzitsuak sortzen dira, eta elkarri laguntzen diogu. Adibide gisa, ikusten duzu emakume batek minbizia gainditu duela eta bizikletan dabilela; edo, gure taldearen kasuan, 70 urteko emakume bat dugu, eta aurten bere lehenbiziko triatloia egin du. Uste dut hori guztia ikusteak asko ahalduntzen gaituela.
Adina aipatu duzu. Halako taldeek balio dute emakume batzuek adinarengatik senti ditzaketen mugak apurtzeko?
Bai, nik oso argi daukat hori. Orain, emakumeek kirola egiten dute 80 urterekin ere; hemen ez dugu hori izan orain arte. Emakume askok seme-alaben zaintzaz arduratu behar izan dute, eta kirola eta halako gauza batzuk alde batera utzi dituzte. Hori aldatzen ari da. Gure taldean 50-60 urteko emakume asko daude: batzuek mugak jartzen zizkioten beren buruari; orain, taldeari esker, gainditu egin dituzte.
Beti ibili zara txirrindularitzan. Zein unetan sentitu duzu bereizkeria emakume izateagatik?
Beti. Orain hori aldatzen ari da, baina badira berdin jarraitzen duten gauzak; adibidez, sarien desberdintasuna. Hori ez da aldatu; horregatik, lasterketa batean sariak parekideak direla ikusten dugunean, parte hartzen dugu, antolakuntza saritzeko. Hala ere, orain aurrera egiten ari gara: emakumeak elkartu gara, eta gizartea mugitzen hasi da.
Emaitzarekin pozik zaude?
Bai. Hasieran ez nekien hau noraino helduko zen, eta ez nuen espero horrenbeste zabaltzea; baina proiektuak asko eman dit. Hala ere, ikusten dut hazten ari dela, eta espero dut inoiz ez bihurtzea enpresa bat; zerbait txikia izaten jarraitzea. Bestalde, beste herrialde batzuetako neskak hasi dira animatzen beren taldeak sortzera; horrek erakusten digu egiten dugunak zerbaitetarako balio duela.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku