Gero eta atseginagoa

Gero eta atseginagoa

Edurne Elizondo

Helburuak betetzen ari gara”. Horixe nabarmendu dute Iruñeko Udaleko arduradunek, hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari buruz. Urtebete joan da plan hori martxan jarri zutenetik, eta hartutako neurrien emaitzekin “kontent” dira. Hedabideen aurrean agertu dira Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurrea eta Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotzi Itziar Gomez, Jesus Estanga udaltzainarekin batera. “Herritarrek izan behar dute protagonista”, nabarmendu dute.

Abaurreak eta Gomezek hainbat datu jarri dute mahai gainean. Batetik, zirkulazioak behera egin duela. Zabalguneko karriketan, adibidez, %70-90 egin du behera autoen kopuruak, eta, Alde Zaharrean, berriz, %50. Aita Moret eta Jose Alonso karriketan hartutako neurriek izan dituzten ondorioak nabarmendu ditu udalak. Bi kale horietatik 10.000-14.000 auto pasatzen ziren, egunean, plana martxan jarri aurretik. Kopuruak %90 egin du behera Jose Alonso karrikan, eta %87, berriz, Aita Moret kalean.

Bertzalde, garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Batez beste, %4,5 egin du gora garraio publikoaren erabilerak, hain zuzen ere. Planaren bidez, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari eman diete lehentasuna hiriko erdigunean. Billabesen geltoki gehiago jarri dituzte hor, eta horrek ekarri du herritarrek zerbitzua gehiago erabiltzea. Igoera are nabarmenago izan da asteburuetan: %9,5ekoa larunbatetan, eta %7,3koa igandeetan, alegia. Hilabeteko bonuen kopuruak ere egin du gora: 7.500 ziren plana martxan jarri baino lehen, eta, orain, berriz, 10.000.

Herritar anitzek autoa utzi eta bertzelako garraioen alde egin dutela nabarmendu dute udaleko kideek, eta erdigunean hartutako neurriek ez dutela ekarri zirkulazioak gora egitea eta pilaketak sortzea hiriko bertze eremuetan. Horixe utzi du agerian Udaltzaingoak egindako txostenak, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, aparkaleku publikoen erabilerak ere gora egin du, erdigunea atseginago bilakatzeko plana indarrean sartu zenetik: 2018ko maiatzaren 1a bitarte, 20.810 erabiltzaile izan zituzten aparkaleku publikoek; 2017 osoan 20.317 izan ziren.

Urrian, bigarren fasea

Iruñeko Udalak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planarekin aurrera jarraituko du, datozen hilabeteotan. Asmoa da urrian plan horren bigarren fasea martxan jartzea, bertzeak bertze, Navas de Tolosa karrikan eta Taconeran. Bi espazio horietan eginen dituzte bigarren faseko lanen %85, hain zuzen ere. Obrek ukituko dituzte ere Basotxoa eta Aita Moret karrika. Basotxoan, zehazki, jada oinezkoentzat irabazitako espazioa atontzea da helburua, karrika hori “erakargarriagoa eta funtzionalagoa” izan dadin. Oro har, bigarren faseko lanen asmoa da oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak hobetzea. Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurorena da.

Erdigunea atseginago bilakatzeko planeko bigarren faseko lanak ez dira martxan diren bakarrak, hiriburuan. Udan, Pio XII.a etorbideko obrak hasi ditu Iruñeko Udalak ere. Pio XII.a etorbideko proiektu horrek erdigunean egindako lanei eman nahi die segida, hain zuzen ere.

Etorbidea berrantolatzeko proiektua da jada martxan den hori. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna.

Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eutsi dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehaztea izan da Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideen kezketako bat. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko. Zehazki, sei bidegurutzeri eraginen diete lanek. Oraingoak baino “trinkoagoak” izanen dira, eta oinezkoek eta txirrindulariek irabaziko dute espazioa, autoen aurrean. Txirrindularientzat “bide seguruak” eraiki nahi dituzte.

Etorbideko lanen berri eman zuenean, auzokideen kexa jaso zuen udalak. Plataforma ere osatu zuten, proiektuaren kontra. Bilerak eta informazio kanpainak eginen dituztela erran du udalak.