Jon Barberena
Zentzuz jokatzearen ondorioz izenda dezakegu norbait zentzudun. Halere, ongi aztertuz gero, iduritzen zait zentzugabeko aferek uste baino leku gehiago hartzen dutela pertsona zentzudunon egunerokoan. Gizarteak definitutako araudiaren eremu zurrunean finkatzen ditugu eguneroko portaerak gure ustezko izen ona elikatuz. Baina zenbaitetan ez bururik eta ez hankarik ez daukaten ekintzak egiten ditugu. Nork ez du pilak akitu direlarik, hatzarekin alimaleko indarra eginez, urrutiko agintearen botoia zapaldu kanalez aldatzeko? Edo autoa leku estu eta zail batean aparkatzerakoan irratiko bolumena jaitsi, isiltasuna lagungarri dela pentsatuz? Nork ez dio paperezko hegazkinaren puntari hatsa eman, aireratu aitzin? Edo autoko txibato gorri bat pizterakoan, nork ez du mekanikaz deus jakin gabe kapota ireki eta tonto aurpegiarekin motorrari begiratu?
Agian, bizitzari zentzua ematen diote zentzugabekeriek. Haur denboran gure-gurea zen inozentziaren zenbait aztarna azaleratzen ditugunean, heldutasunean bizkarreratu ditugun arduretatik aldendu eta natural agertzen gara. Nahiz eta batzuek geure burua engainatzen ari garela erran, prezatzen dut inozentzia hori; barnetik kanporatutako naturaltasun hori. Inperfekzioa!
Buruila izaten da udako kaosa koherentziaz albaintzeko tenorea. Aurreikuspenez itsutzen zaizkigu begiak eta proiektu potoloz bete ahoa. Gorputza gurtu eta egurtu nahian, herriko gimnasio modernoenean izena ematen dugu edo neguko arratsalde hotzetan, frantsesa edo ingelesa ikasten tematzen gara akademia garesti batean. Izena eman eta ikasturtea akituko dugunaren promesa egin eta segituan, konturatzen gara ezinen dugula hitza bete eta iaz bezala, bide erdian amore eman beharko dugula. Zentzugabea da, utopikoa; baina esperantzaz eta bizipozez betetzen dira gure gorputzak istant batez. Nahiz eta ongi dakigun denborarekin esperantza eta bizipoza itzaltzen joanen direla. Hitza betetzeko baino gehiago hitza jateko munduratu ote ginen?
Buruilean, ordena behar dugun ustea dugu. Ohikoa ohitura bihurtuko den esperantzaz bizi gara eta hartara gure bizimodua aldatuko dela uste dugu. Baina ordena denborarekin errutina bihurtzen da, eta errutina, lotura. Pertsona arduratsu eta serioenak ere loturak hausteko beharra du. Diziplinaren kate itogarriak bezain jasanezinak kaos txikiekin laxa daitezke, zoriontasunari zenbait segundo urratuz. Zoriontasunak kaos txiki horietan hartzen du indarra: arratsaldeko kafea hartzera tabernara jaitsi, garagardoekin ordezkatu eta goizeko bortzetan etxeratzean, donuts batekin spinning klasea ordezkatzean edo nagusiari erran beharrekoak erraterakoan urteetan izoztutako irribarre behartu bezain ergela borratu eta gero.
Bete ditzagun beteko ez ditugun promesez ahoak, izena eman dezagun han eta hemengo ikastaroetan, katadera noizbait hutsik uzteko arriskua dagoela jakinik ere. Burua gal dezagun eta bizipoza irabazi! Galdera existentzialen itzalean ez saiatu bizitzari zentzua aurkitzen. Zentzugabekeriei zentzua ematea izan daiteke bizitzaren zama arintzeko hautu zentzudunena. Edo zentzugabeena!