Edurne Elizondo
2014ko martxoan jazo ziren Jorge Correa Boro (Madril, 1979) La Haine-ko kazetariaren aurkako epaiketa eragin duten gertaerak. Madrilen manifestazioa egin zuten egun hartan, astebete lehenago egondako duintasunaren martxen testuinguruan. Polizia oldartu zen. Kolpeak jaso zituen kazetariak. Urrian, ordea, bera epaituko dute. Sei urteko espetxe zigorra eskatzen dute.
Urriaren 3an duzu epaiketa. Oraingoan bai?
Nik uste dut baietz, oraingoan epaiketa izanen dela.
Zer gertatu zen apirilean?
Epaiketa hasi baino ordu eta erdi lehenago, polizietako batek fax bat igorri zuen auzitegira, gaixo zela errateko. Nik uste dut kontua izan zela auzia isilarazten saiatu zirela, baina ez zutela lortu. Horregatik ez zen Polizia agertu.
Zaila izan da zure auziaren berri zabaltzea?
Hasieratik gure helburua izan zen gertatzen ari zenaren berri zabaltzea, eta auzia isilarazteko saioak bertan behera uztea. Eta uste dut lortu dugula. Lortu dugula harresi mediatikoa gainditzea. Hedabide anitzek hitzik ere ez dute erran nire kontrako auziari buruz. Halere, informazioa zabaltzeko gai izan gara. Mesede egin didate, gainera, kazetarien sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak berak nire auziaz egindako adierazpenek. Hori guztia kontuan hartuta, iruditzen zait poliziek atzera egin zutela.
Sei hilabete joan dira. Zer espero duzu orain?
Udako hilabeteetan dena mantsotzen da, eta auzia berriz ere mahai gainean jartzeko ahalegina egin behar izan dugu. Epaiketari buruz, betikoa berretsi baino ezin dut egin: egia gure alde dagoela, eta bideoek erakusten dutela guk dioguna dela gertatu zena. Noski, ezin gara lasai egon, bertze hainbat auzitan ere gertatu izan delako frogak alde izanda ere zigortu izana. Logroñoko CNTko kideei hori gertatu zaie, eta Altsasuko auzian ere bai: irudiek bertan behera uzten dute guardia zibilen bertsioa, baina, hala eta guztiz ere, zigortu dituzte. Beraz, lasai ezin naiz egon, irudiek nik erraten dudana erakusten duten arren. Nik hori berretsi baino ezin dut egin, halere. Poliziek gezurra erran dutela, eta nik ez niola inori eraso egin. Ez da samurra.
Lau urte eta erdi joan dira auzia hasi zenetik.
Luze joaten ari da. Espero dut epaiketa ez gelditzea bertan behera, berriz ere. Argi dut poliziek gezurra erranen dutela, bideoek errealitatea den bezalakoa erakutsiko duten arren. Baina poztuko naiz, behintzat, epaiketa egiten dutenean. Ongi nago, indartsu, baina gertatzen ari direnak kontuan hartuta, egia nire alde izan arren, ezin naiz lasai egon.
Kontent zara jasotako babesarekin?
Bai, babes handia sumatu dut. Badakit jende askorentzat nire auzia ezezaguna dela, oraindik ere, hedabide anitzek isilarazi dutelako. Baina hala eta guztiz ere, jende anitz agertu da nire alde, eta jende anitz atera da karrikara babesa agertzera. Hilaren 28an [gaur] elkarretaratzeak eginen dituzte Iruñean, Bilbon, Bartzelonan, Madrilen, Tarragonan… Kontent nago, elkartasuna eta babesa jaso dudalako.
Otsailean, urte eta erdiko zigorra ezarri zizun Espainiako Auzitegi Nazionalak, sare sozialetan zabaldutako mezuengatik. Nola eragin dizu?
Zigorra jaso, eta helegitea jarri nuen sententziaren aurka, Espainiako Azitegi Gorenean. Horren zain nago. Armiarma operazioaren bigarren fasean atxilotu ninduten ni. Adierazpen askatasunaren alde egin nuen atxilotu nindutenean, eta bide beretik jarraituko dut. Noski, ez naiz bakarra. Valtonyc abeslariak erbestera joan behar izan du, eta Pablo Hasel espetxean sartzeko zain dago. Zigorra murriztu diote hainbat hilabetez, eta saldu nahi izan dute zigor hori ia hutsean gelditu dela, baina ez da egia. Gainera, Haselen sententzia Espainiako Auzitegi Gorenaren erantzunaren zain dago. La Insurgencia kolektiboko kideak ez dira espetxean sartuko, berriki jakin dugunez. Halere, argi utzi behar da egun bakarreko zigorra ere badela bidegabea.
Kazetaritza kritikoaren kontra ari direla nabarmendu duzu.
Bai. Argi dago batzuen adierazpen askatasunaren aurka baino ez dutela egiten. Faxistei eta eskuin muturrekoei nahi dutena erraten uzten diete. Kazetaritza kritikoaren aurka ari direla zalantzarik ez dut. Ni ez naiz bakarra. Badira bertze hainbat kasu. Izquierda Diario-ko Veronica Landaren aurka egin dute, edo Ahotsa.info-koen aurka, euskal preso politikoen kolektiboa izen horrekin aipatzeagatik. Irrigarria da. Jende anitz hasi da egoeraz konturatzen, baina kontzientziatzeko lanean jarraitu behar dugu.
Egoeraren larritasunaz jabetzeko?
Bai, erasoek denoi egiten digute kalte. Nik, oraindik ere, eraso horien neurriko mobilizazio handi baten falta sumatzen dut, milaka ateratzea karrikara. Ez gara gai izan milaka pertsona kalera ateratzeko, errateko aski dela.
Zigorgabetasun sentsazioa areagotzen du horrek?
Zigorgabetasuna bada, eta handia, gainera. Egoera zaila da, eta horregatik atera behar dugu kalera. Ideologia askatasuna dago jokoan, eta salatu behar dugu. Isilarazi nahi gaituzte, baina nire kasuan kontrakoa baino ez dute lortu.