Ane Eslava
Larunbatean, hainbat adituk Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra eztabaidagai izan zuten Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean ikastaroan. Udako Euskal Unibertsitateak udazkenerako antolatutako lehenbiziko jarduera izan zen, eta ehun lagun inguru bildu zituen Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hasteko, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan zuen Kontseiluak bide bakarra ikusten duela herritarren hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkotzat jo zuen euskararen lege “integral” bat ezartzea.
Kontseiluak ez ezik, beste hainbat adituk ere parte hartu zuten. Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historia irakasleak indarrean dagoen legearen iraganaz hitz egin zuen; Iñigo Urrutia Zuzenbide doktore eta EHUko irakasleak, berriz, euskararentzako esparru juridiko berri baten beharra izan zuen hizpide. Bestalde, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Nafarroako zonifikazioari buruz hitz egin zuen. Azkenik, Koldo Colomo euskara teknikaria, Iulen Urbiola Baztango udal idazkaria, Ivan Gimenez kazetaria eta Iñigo Orella nekazari ingeniaria egungo legediaren gabeziaz mintzatu ziren. Horrez gainera, Alfons Estevek, Valentziako Unibertsitateko hizkuntza politikako zerbitzuburuak, valentzieraren legearen nondik norakoak azaldu zituen.
Jardunaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute UEUko kideek, Edurne Koch Nafarroako arduradunak adierazi duenez. “Ez genuen uste erantzuna hainbestekoa izango zenik”. Adituen maila azpimarratu du: “Kopuruak garrantzia badu ere, adituen kalitateari eta aniztasunari erreparatu nahi diet”. Hizlariez gain, uste du publikoan ere euskararen lege berri bat bultzatzeko “garrantzitsuak” izan daitezkeen pertsonak izan zirela: besteak beste, parlamentariak, toki erakundeetako euskara zerbitzuetako teknikariak, AEK-ko eta IKAko ordezkariak eta herri mugimenduko kideak. “Gure helburuak bete ziren, guztiz”.
Jardunaldi horrekin estreinatu du UEUk ikasturtea. Aurten, programa oparoa eskainiko dute Iruñean: hamar ikastaro egingo dituzte. Horietako batzuk UEUk berak sortutakoak dira, edonori zuzendutako gai zabalak eskaintzen dituztenak. Horien artean daude Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian eta Emozioen kudeaketa eta manipulazioa. Beste batzuk, ordea, espezifikoagoak dira, hezkuntzarekin lotutakoak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departa- mentuarekin elkarlanean antolatzen baitituzte. Zortzi dira: Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak; Adimen Anizkunen teoria: begirada aldaketa; Psikomotrizitatea, mugimendu eta jolas librea; Itzulpengintzaren hasi-masiak irakasleentzat: hainbat baliabide eta gako; Bileren dinamizaziorako teknikak; Gradu bukaerako lana eta lan akademikoetan trebatzen; Aniztasuna landuz, LGTBIfobia gainditu eta Proiektu bidezko metodologiak. Azkena Internet bidez egingo dute; gainontzekoak, berriz, Iruñeko hainbat egoitzatan.
Ikastaroek oso harrera ona izan dutela adierazi du Kochek: “Espero genuena gainditu dute”. Esan duenez, pedagogia berritzaileak lantzen dituztenek izan ohi dute eskaririk handiena. Aurten, kasurako, Proiektu bidezko metodologiak ikastaroan 180 lagunek eman dute izena, eta psikomotrizitateari lotutako ikastaroak ere “oso harrera ona” izan du. Bestalde, Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak izenekoak ere izen emate ugari izan ditu. “Argi dago beharra dagoela hori aztertzeko eta ulertzeko”, Kochen hitzetan.
“Pozik gaude, gure helburua betetzen ari delako”, adierazi du. UEUk Nafarroan duen helburua da euskarazko etengabeko prestakuntzan erreferente izatea. Izan ere, krisialdi garaian, Iruñeko egoitza itxita egon zen hainbat urtez. 2015ean, ordea, berriro irekitzea erabaki zuten, eta elkarlanaren aldeko apustua egin zuten. Hitzarmen “garrantzitsuak” lortu zituzten: NUPekin eta Hezkuntza arloko Unibertsitate atalarekin. “Horiekin lortu genuen jende askorengana hurbiltzea”. Gainera, ikastaroak homologatu zituzten, eta, horri esker, ikasleek kredituak eta parte-hartze ziurtagiria eskuratu ditzakete.
Elkarlanaz gain, beste faktore batzuk lagungarriak izan dira UEUrentzat. Batetik, Nafarroako Gobernu aldaketa aipatu du Kochek: “Ateak ireki zizkiguten hasieratik, eta babes horrek bermea ematen digu gauzak ondo egiteko”. Bestetik, euskaraz ikasi duen belaunaldia helduagoa izatea ere lagungarria izan da.
Lortu dute, beraz, UEU Iruñean sendotzea. Arduraduna pozik dago egindako ibilbidearekin: “Joan gara pixkanaka pausoak ematen, eta hazkundea izugarria izan da”. Eskariak gora egiten jarraitzen duen bitartean eskaintza handitzen jarraituko dutela ziurtatu du. Aurrera begira, erreferente izaten jarraitzea da UEUren erronka nagusia.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku