Herritarrek egindako zientzia

Herritarrek egindako zientzia

E. Elizondo

Mende laurdena bete zuenean egin zuen Gorosti zientzia elkarteak bere lehendabiziko ornitologia kongresua, Iruñean. Hamar urte joan dira geroztik, eta bigarrena antolatzea erabaki du taldeak. “Orain egin behar genuen, edo inoiz ez!”, erran du Gorostiko ornitologia saileko arduradun Juan Ignacio Deanek. Hilaren 19tik 21era eginen dute, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Mendillorri auzoan duen ur biltegian. Herritarrek egindako zientziaz ariko dira, bertzeak bertze.

Gai horrek ederki islatzen du Gorostik azken hamarkadan egindako bidea, helburu hartu baitu, hegaztien inguruko informazioa jasotzeaz gain, informazio hori zabaltzea, partekatzea, eta erabilgarri bilakatzea ere. Zeregin horretan ezinbertzeko tresna bat izan dute lagun Gorostiko kideek azken urteotan: eBird plataforma. Haren bidez, hegaztiei behatzen dien herritar orok badu aukera jasotako datuak plataformako erabiltzaile guztiekin partekatzeko. “Informazio horren bidez, ezagutza dugu gure esku; garai ezberdinetako datuak alderatzeko aukera dugu, bai eta populazioen joera ezagutzekoa ere. Gisa horretako informazioa funtsezkoa da hegaztiak ezagutzeko eta zaindu ahal izateko erabakiak hartzeko”.

Deanek gogoratu du Gorosti zientzia elkarteko kideek, hasieran, paperean argitaratzen zutela ornitologia urtekari bat. “Hamar urtez, ikusitako hegaztien inguruko 20.000 ohar jaso genituen argitalpen horietan; eBird plataformaren bidez, berriz, azken bi urte eta erdian 200.000 jaso ditugu; aldea nabarmena da”, erran du Gorostiko kideak.

Argitu du paperean jasotako datu horiek guztiak plataforma digitalean daudela orain, denen eskura. “Gure datuekin eta gurekin bat egin duten ornitologoek jasotakoekin batera, ari gara plataforma hornitzen; ahalegin handirik egin gabe, aukera dugu informazio hagitz baliagarria jasotzeko”, berretsi du Deanek. Jose Ardaiz biologoa ariko da kongresuan, zehazki, eBird plataformaren erabilerari buruz eta euskarri horren bidez lortutako informazioari buruz.

Zaletasunak, gora

Juan Ignacio Deanek argi du ornitologiarako zaletasunak gora egin duela Nafarroan azken urteotan. Gorostik egindako lanak ere badu errealitate horrekin zer ikustekorik, hamabost urtez egin baitu elkarteak ornitologia ikastaroa, zaletasun hori sustatzeko. “Talde txikiak osatzen dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, urrats sendoak egiten ari gara”.

Hegaztiei behatzeaz gain, ornitologia beren zaletasun bilakatu duten anitzek argazkigintzarekin uztartzen dute jarduera hori. “Ornitologiarekin lotutako argazkigintzak gora egin du, nabarmen”, berretsi du Deanek. Nafarroan hegaztiei so egiteko eta argazkiak egiteko “hamaika toki aparta” badirela erantsi du. “Autokritika egin behar dugu, ez baitugu joerarik gurean dugunari duen balioa emateko. Nafarroan paisaia ezberdinak ditugu: kostaldetik gertuko eskualdeetan itsas hegaztiak sartzen dira; Pirinioak ditugu, haitzez eta arroilez betetako inguruak; hegoaldean, berriz, Bardea, han bizi diren estepako hegaztiekin. Paisaia horietan guztietan bizi diren hegazti guztiak bilakatu nahi ditugu protagonista, bai urriak direnak, bai eta erraz ikus ditzakegunak ere”. Kongresuari buruzko informazioa Gorostiren webgunean dago, gorosti.org helbidean.

Irudia: Gonzalo Dean