Edurne Elizondo
Iaz baino ezagunagoa da orain herrian Isidoro Fagoaga”. Berako Udaleko zinegotzi Aitor Elexpuruk erran ditu hitzok, German Ereñak idatzitako tenor beratarrari buruzko biografiaren aurkezpenean. Isidoro Fagoaga, el tenor olvidado (Isidoro Fagoaga, tenor ahaztua) izena du lanak, eta Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak plazaratu dute. Liburuak iaz hasitako ekinaldi ziklo bat ixten du, nolabait. Fagoagaren obrak eta tenorrak egindako bidea ezagutarazi nahi izan dituzte ekinaldi horiek, herritar talde batek bultzatuta. Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak, baina izen horren atzean dagoen izana ezezaguna zen, orain arte, tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Egoera hori aldatu nahi izan du beratar talde batek, Fagoagaren omenez egindakoekin.
Elexpuruk uste du helburua bete dutela, eta tenorrari buruzko erakusketa, hitzaldi zikloa eta omenaldia egin eta gero hurbilagokoa dutela beratarrek Fagoaga. Goi mailako abeslaria izan zen, Wagnerren operak kantatzen onenetakoa. Konpromiso sendokoa, gainera. Italian jo zuen goia tenor gisa, baina herri hori eta kantua utzi zituen Gernika bonbardatu zutela jakin eta gero. Erabat hunkitu zuen 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak.
Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok bat egin du Berako zinegotziarekin, eta argi du Ereñaren lanak tenorraren ibilbidean sakontzeko aukera emanen diela irakurleei, gainera. Musika utzi eta gero Fagoagak bere lehen zaletasunari heldu ziola nabarmendu du Lopez Juriok: idazteari, alegia.
Ereñak ere paperean jaso du Fagoagaren memoria. Richard Wagnerren operen zale amorratua da Ereña, eta zaletasun horrek eraman zuen, 2000. urtean, Berara. Eibarkoa da Ereña, herri horretako txistu bandako kide. Ez da ikerlari profesionala, baina jakin-minak eraman du Fagoagaren arrastoaren bila, Eibartik Berara, eta Beratik Iruritara. “Fagoagak Wagnerren operak abesten zituen; goi mailako tenor dramatikoa izan zen; Italiako nagusia izan zen, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan”.
Fagoaga beratarra zela bazekien Ereñak, baina deus gutxi gehiago. 2004. urtean, tenorraren hainbat senide aurkitu zituen Iruritan, eta haiengana jo zuen. Abeslariak utzitako hainbat kutxa aurkitu zituen han, eta, kutxa horien barruan, berriz, benetako altxor bat: gutunak, oholtza gainean erabilitako jantziak, argazkiak eta tenorraren bertze hamaika gauza.
Arrakasta eta mina
Materiala jasotzen hasi ahala, Fagoagaren biografia idazteko proiektua ere mamitzen hasi zen Ereñaren baitan. Duela bi urte, Beran sortutako Isidoro Fagoagaren Lagunak taldeko kideekin jarri zen harremanetan, eta haien arteko sinergien ondorio izan zen iaz Berako kultur etxean tenorrari eta haren garaiari buruz egindako erakusketa. Fagoagaren arrakasta islatu zuen erakusketa horrek, bai eta abeslari eta idazle beratarraren mina ere. Izan ere, Italia utzi eta gero, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe. Atxilo hartu, eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean.
Fagoagaren biografia osatu du Ereñak bere liburuan, eta oholtza gainera igo zen aldi guztiak zehaztu ditu, haien inguruko kritikekin batera; gainera, beratarrak idatzitako lanen zerrenda eman du Ereñak, bai eta tenor eta idazleari buruz idatzitakoena ere. Eibarko ikerlariak nabarmendu du gobernuak hartu duela Fagoagaren ondarearen gaineko ardura, eta pozgarritzat jo du hori. Azaldu du liburua osatzen hasi zenean garai hartako gobernuko eta Berako Udaleko arduradunek ez zutela interes handirik erakutsi Fagoagari behar bezalako aitortza egiteko. Orain, ordea, behar zuen babesa aurkitu du Ereñak administrazioan, eta ontzat jo du. “Adituen esku egon behar du”. Ohartarazi du, halere, Fagoagaren inguruko ondareak “bizia” behar duela; ez dela nahikoa museo batean sartzea, alegia. Irakasteko eta ikasteko baliatu behar dela.
Gaur, Nafarroako Artxibo Nagusian izanen da German Ereña, 19:00etan, liburua aurkezten. “Han izanen dira Fagoagaren jantziak. Balio dezatela abeslariak utzitako gauzek haren inguruan sakontzen jarraitzeko”, erran du egileak.
Hamaika hari jasota osatu du Ereñak Isidoro Fagoagaren mataza. Oraindik ere zer egin badela argi du idazleak, halere. Ideia bat jarri du mahai gainean: tenor beratarrari buruzko film bat osatzea. El tenor olvidado liburuan jaso ditu Ereñak Fagoagari buruz kontatu beharrekoak. Oraingoz, paperean gordeta dago tenorraren memoria.