Edurne Elizondo
Ehiztariek pozoia erabili zuten beren ehiza barrutietako espezie harrapariak hiltzeko. Barrutietako arduradun nagusiek eman zuten agindua, eta zaintzaileek bete zuten: Demetron S-motil izeneko pozoia baliatu zuten, eta, ondorioz, 2012ko apirilaren 8tik urte bereko irailaren 6ra, gutxienez 142 hegazti hil zituzten.
Horixe erran du datorren astean Tuteran eginen den epaiketako fiskalak, bere akusazio agirian. Pozoitze kasuen erregistroa dagoenetik, 2012an Erriberan gertatu zena izan da Europako larriena, eta, hilaren 8an, lau pertsona eramanen ditu akusatuen eserlekura. Nafarroako Gobernua eta SEO Birdlife, WWF Adena eta Ekologistak Martxan gobernuz kanpoko erakundeak akusazio partikular gisa ariko dira.
Zehazki, Tuterako eta Cintruenigoko hiru ehiza barrutitako arduradunen eta barruti horietako bi zaintzaileren aurkakoa da Tuterako epaiketa. Hiru urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat, 142 hegazti pozoituta hiltzeagatik. Gainera, 118.000 euro ordain dezatela eskatuko dute akusazioek, “herrialdeko natur ondareari egindako kalteagatik”. Hildako hegaztietako hainbat galzorian diren espezieetakoak ziren.
Pozoiaren ondorioz, 129 miru beltz, lau miru gorri, lau erroi, bi sai arre, sai zuri bat, zingira mirotz bat eta zapelatz bat hil ziren, gutxienez. Animalia horien gorpuak aurkitu zituzten ikerketaren ardura zuten foruzainek. Halere, pozoitzeak gertatzen direnean, ohikoa da hiltzen diren animalia guztiak ez topatzea; alegia, zaila da zehaztea zenbaterainoko kaltea egiten duen benetan pozoiaren erabilerak. “Pozoiak ez du aukeratzen nor hil; heriotza masiboak eragiten dituen arma bat da, eta, anitzetan, ez da zigortzen”, nabarmendu du SEO Birdlife erakundeko kide David de la Bodegak. Hilaren 8ko epaiketak 2012an gertatu zenaren “larritasuna” aitortuko duela espero du ekologistak. “Gisa horretako pozoitze batek zuzenean eragiten die eskualdean hildako hegaztien populazioei”, azaldu du.
Hainbat orduko agonia
De la Bodegak nabarmendu du pozoiak “heriotza mingarri eta krudela” eragiten duela. Barruko organoei egiten die kalte, eta, anitzetan, hainbat orduko agonia eragiten du. Erriberako VegaRibera elkarteak ere salatu ditu eskualdeko ehiza barrutietan gertatutako pozoitzeak. Harago jo du, eta ehizaren aurka egin du, argi eta garbi. “Pozoiak hegaztien heriotza ekarri du; eskopetek ere hori egiten dute; ezin dugu onartu”, erran du VegaRiberako kide Nuria Bondesiok.
Nafarroan, 20.000-25.000 ehiza baimen badira. “Urte batetik bertzera kopuruak gora eta behera egiten du; baina urtean 300 gazte inguruk eskuratzen du ehiza baimena”, erran du Nafarroako Ehiza Federazioko buru Jose Angel Remirezek. 2016ko datuen arabera, legezko 53.200 arma dago herrialdean, eta arma horietako 44.000 dira ehizarako eskopetak. “Ohikoa da ehiztari bakoitzak eskopeta bat baino gehiago izatea”, erran du Remirezek.
“2012. urteko kasuak hautsak harrotu ditu hegazti anitz hil zituelako, baina izan dira bertze hamaika pozoitze kasu, eta ez dute batere zalapartarik sortu”, salatu du Nuria Bondesiok. Tuterako pozoitzea gertatu baino urtebete lehenago, adibidez, 2011ko maiatzean, 11 zingira mirotz aurkitu zituzten Mendabian, pozoiak hilda.
2013an epaitu zituzten ustezko egileak: hiru gizon ziren, hirurak ehiztariak, eta ehiza barruti bateko kide. Aldi hartan, akordioa egin zuten akusatuek eta fiskalak, eta hamalau hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten akusatuei. Herriko ehiztarien elkarteari 5.409 euroko isuna ezarri zioten.
Jose Angel Remirezek argi utzi du pozoiaren erabileraren aurka dagoela federazioa: “Ez da legezkoa, eta legezkoa ez dena ezin dugu babestu”. Haren ustez, halere, “gutxi” dira pozoitze kasuetan parte hartzen duten ehiztariak. Hilaren 8ko epaiketari buruz, “gai zaila” dela nabarmendu du. “Mendia handia da; edozein joan daiteke. Akusatuak oraindik ez dituzte zigortu”, erran du.
Nafarroako Gobernua akusazio partikular gisa aritu zen Mendabiako pozoitzearen inguruko 2013ko epaiketan. Hilaren 8koan ere ariko da. Ontzat jo du urrats hori SEO Birdlifeko David de la Bodegak, baina agerian utzi du, halere, administrazioak egiten duen baino gehiago egin dezakeela, oraindik ere.
Nafarroan, 2015ekoa da pozoiaren aurkako plana; 2019an berrikusi beharko lukete. “2012ko kasua gertatu eta gero, gobernuz kanpoko erakundeek presio handia egin zuten gobernuak neurriak har zitzan”, gogoratu du De la Bodegak. Argi utzi du, halere, herrialdeko basozainek eta foruzainek ez dutela behar den formakuntzarik, eta formakuntzarik gabe “herren” gelditzen dela pozoiaren aurkako lana. “Nafarroako Gobernuari eskatu behar diogu bete dezala onartutako plana. Borondatea behar da, formakuntza, eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak. Oraingoz, ordea, horrelakorik ez dago Nafarroan”.
Nafarroako Hitza Ingurumen Departamentuko arduradunekin hitz egiten saiatu da hilaren 8ko epaiketari buruz, baina kontseilariaren kabinetetik jakinarazi diote pozoiaren gaia ezagutzen duen teknikaria epaiketan peritu lanetan ariko dela, eta, ondorioz, ezin duela aurretik auziaz hitz egin. Pozoiaren erabilerari buruz galdetuta, berriz, 2015eko planari jarraituz urtero egiten dituzten txostenak sarean daudela adierazi dute gobernuko kideek.
Sarean, hain zuzen ere, 2016ko eta 2017ko txostenak daude. 2016koa azaroan dago sinatua, eta jasotzen du 2015ean eta 2016an pozoiaren eragina ez zela nabarmena izan. 2015ean, hamabost txosten egin zituzten. Lau kasutan baieztatu zuten pozoiaren erabilera. 2016an kasurik ez zen antzeman, urte horretan egindako txostenaren arabera. 2017koak, ordea, 2016an sei txosten zabaldu zituztela aipatzen du, eta bi kasutan baieztatu zutela pozoiak hil zituela jasotako animaliak: hiru miru gorri eta azeri bat, Los Arcosen eta Galipentzun. 2017an, berriz, pozoitzerik ez zen gertatu, urte horretako txostenaren arabera.
Irudia: Nafarroako Gobernua