Andreen ezagutza

Andreen ezagutza

Edurne Elizondo

Adituek argi dute klima aldaketak modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. Hori kontuan hartuta, Nafarroan iaz sortutako klima aldaketaren aurkako emakumeen sareak aldarrikatu du andreen ezagutzak duen garrantzia. Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egin nahi izan du, ezagutza horren garrantzia aitortu, eta bi eguneko topaketa antolatu du, emakumeak klima aldaketaren esparruan egiten ari diren lana ikusgarri bilakatzeko eta lan horri balioa emateko. Astelehen eta asteartean eginen dute, Nafarroako Parlamentuan eta Baluarte auditoriumean.

“Klima aldaketak agerian uzten du ezin dugula aurrera jarraitu orain arteko bizitzeko moduarekin; ezin diogu eutsi ez arlo ekonomikoan, ez arlo sozialean, ezta ingurumenaren arloan ere”, erran du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, topaketaren aurkezpenean. Garapen sozioekonomikorako eredua “aldatu” behar dela erantsi du, eta esparru horretan “funtsezkoa” dela emakumeek egin dezaketen lana.

Aipatzekoa da hainbat talde ekologistak horixe bera eskatu diotela gobernuari, garapen sozioekonomikorako eredua alda dezala, alegia, eta bazter utz ditzala, ondorioz, AHTaren aldeko apustuaren gisakoak. Iazko ekainean, 2011n egindako Nafarroa bizirik nahi dugu manifestuari segida eman zion Sustrai Erakuntza fundazioak, eta harekin bat egin zuten hogei elkarte ekologista eta sindikatuk baino gehiagok.

Nafarroako Gobernuak bi zatitan antolatu du astelehen eta asteartean eginen duen topaketa. Batetik, asteleheneko saioak izaera instituzionala izanen du. Nafarroako Parlamentuan eginen dute, eta lan batzorde gisa egituratuko dute. 18:00etan hasiko da saioa, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen hitzaldiarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko ordezkari batek ere parte hartuko du.

Lehen saio hori antolatu dute erakunde publikoetan ari diren emakumeentzat. “Asmoa da erkidegoetako parlamentari, kontseilari, alkate, zinegotzi, senatari eta abarren artean adierazpen bat osatzea Emakumeak Klimaren Alde Aktibaturik. Nafarroa 2018 izenburupean”.

Asteartean, Baluarten

Astearteko saioa Baluarte auditoriumean eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek zabalduko du topaketa. Astearteko saioan parte hartuko duten emakume adituek klima aldaketarekin lotutako hamaika esparru jorratuko dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publiko eta Ingurumen zuzendari Maria Neirak, adibidez, airearen kalitatea jorratuko du; haren ondotik, Cristina Gallachek hartuko du hitza. Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasuneko Kontseiluan aritu da, bertzeak bertze.

Eguneko lehen lan saioan gizarte mugimenduen eta ezagutzaren inguruan ariko dira parte hartuko duten hizlariak: Uxua Lopez, Cristina Monge eta Asun Ruiz. Lopez Telekomunikazio ingeniaria da, eta aditua energia berriztagarrien esparruan. Monge soziologia irakaslea da Zaragozako Unibertsitatean, eta Ekologia eta Garapena fundazioko kide. Ruiz, berriz, SEO BirdLife elkarteko burua da.

Eguerdiko bigarren lan saioan, politikaren ikuspuntutik ariko dira parte hartzaileak: Elena Cebrian (Valentziako Generalitatea), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua), Miren Larrion (Gasteizko Udala), Elena Lete (Bergarako Udala), Patricia Perales (Iruñeko Udala) eta Olga Risueño (Tuterako Udala).

Elizalde kontseilariak eginen du topaketa amaitzeko hitzaldia. Baluarteko saioak amaitu eta gero, halere, azken ekinaldi bat izanen dute parte hartzaileek agendan: Emausko Trapuketarien lana ezagutu ahal izanen dute; zehazki, Hemen Konpon izeneko tailerrera eginen dute bisita, Berriozarren. Bizikletak eta bertzelakoak konpontzeko tailerra da; berrerabiltzea eta birziklatzea da asmo nagusia.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du topaketa zabalik dagoela interesa duen pertsona ororentzat, baina argi utzi du bereziki interesgarria izan daitekeela politikaren eta gizarte mugimenduen arloetan ari diren emakumeentzat. Kontua da emakumeak klima aldaketaren arloan egiten ari diren lana ezagutzea, eta eztabaida eta gogoeta bultzatzea, emakumeen ezagutza mahai gainean jartzeko.