Ane Eslava
Garai gorabeheratsua bizitzen ari dira Iruñeko Alde Zaharrean. Turismoaren eta gentrifikazioaren ondorioz, auzoan bizitzea geroz eta zailagoa da bizilagunentzat, eta horren inguruko erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte. Aldi berean, ordea, loraldi bat gertatzen ari da: auzoko kolektiboak saretzen eta proiektu berri asko sortzen ari dira. Testuinguru horretan, bizilagunek topaketa bat antolatu dute, denen artean auzo bizigarriago bat sortzeko helburuz. Gaur eta bihar egingo dute, AZ Ekimenak deituta, garrantzitsuak ikusten dituzten gaiak lantzeko.
Ez da lehenbiziko aldia Alde Zaharreko bizilagunek halako batzar bat egiten dutena. Orain dela urte batzuk hasi ziren ikusten auzotarrak beren kolektiboetan bakanduta lan egiten ari zirela, eta ez zegoela guztien arteko komunikaziorik, ezta estrategia komunik ere. Hori konpontzeko, 2015ean jardunaldi bat antolatu zuten, talde guztien artean auzoaren etorkizunerako garrantzitsuak ziren gaiak lantzeko. Horrela sortu zen AZ Ekimena.
Ordutik, batzarrak egin dituzte urtero, eta pozik daude horietatik ateratako emaitzarekin. “Aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da jendea eta proiektuak elkartzea, eta AZn jende asko bildu dugu”, adierazi du Toni Iragik. Alde Zaharreko biztanlea eta AZ Ekimeneko kidea da Iragi, eta ziurtatu du aurtengo jardunaldiak garrantzi berezia izango duela. Gaur, auzoan sortu diren proiektuak aurkeztuko dituzte; bihar, berriz, gaur egun garrantzia duten auziak landuko dituzte: turismoa, etxebizitza, Plazara! proiektua, Santa Ana plazako hutsunea eta Maravillas gaztetxea.
Horien artean, turismoak eragiten die auzotarrei kezkarik handiena. Izan ere, azken urteetan aldaketa handiak jazo dira Alde Zaharrean: lehen etxebizitzak eta denda txikiak zeuden tokietan orain ostatuak, tabernak eta kate handien saltokiak daude. Iragik salatu du datuak kezkagarriak direla: “Auzoan 245 ostatu daude legez kanpokoak zenbatu gabe, eta Iruñe osoko turismo tokien %42”. Horrekin lotuta, Vive Unzu izeneko proiektua aipatu du: “277 tokiko ostatu bat eraiki nahi dute; hori izango da gainezka egiteko falta den tanta”. Donostiako edo Bartzelonako datuetatik oraindik urrun egon arren, Iragik ohartarazi du Iruñeko Alde Zaharra bide horretan doala. Hori saihesteko, bizilagunek eskatzen dute auzoa gune saturatu izenda dezatela.
Auzoko jardunaldietako batean, gaia lantzeko lantalde bat sortu zuten, eta, ordutik, zenbait urrats egin dituzte. Udal gobernu taldearekin elkarrizketak izan zituzten, eta, ondoren, moratoria bat aurkeztu zuten, eta turismo jarduera erregulatzeko araudi berri baten zirriborroa egin zuten. “Araudi hori onartu egin zen, eta alegazioak aurkezteko tartea ireki zuten. Baina orain prozesua geldirik dago, eta ez dakigu zergatik; kezkatuta gaude”, adierazi du Iragik. Erantsi du “garrantzitsua” dela une honetan auzokoak aktibatzea eta egoera salatzea. “Bestela, honek gero ez du atzera-bueltarik izango”.
Auzoaren masifikazioak eragiten dituen arazoen artean etxebizitzen prezioen garestitzea da kezkagarriena; hori da bihar landuko duten bigarren gaia. Iragik emandako datuen arabera, azken urteetan alokairuaren prezioak %17 egin du gora Alde Zaharrean, eta horrek populazioaren beherakada ekarri du: “2006tik, auzoak biztanleriaren %10,9 galdu du, eta Iruñeak, berriz, %3,9 irabazi. Atzerritarren artean, 2006tik, %41,5 joan egin dira”. Arazoari irtenbidea bilatzeko helburuz, Pisuteka proiektua sortu zuten, bi zeregin dituena: batetik, etxebizitzaren arazoa salatzea, eta, bestetik, pisuak prezio eskuragarrian alokatzeko auzoko sare bat sortzea. “Bizilagunek osatutako poltsa bat da: pisu bila dabiltzanek eta berea alokatu nahi dutenek osatzen dute. Arazoa da eskaera askoz handiagoa dela eskaintza baino”, azaldu du Iragik. Gaurko eta biharko topaketa baliatuko dute auzia lantzeko eta Pisutekari indarra emateko.
Kolektibotasuna da AZ Ekimenaren oinarrietako bat, eta 2015eko jardunaldian ikusi zuten hori bultzatzeko beharrezkoa zela zentro komunitario bat sortzea. Kale Nagusiko Redin Cruzat jauregi abandonatua toki egokia iruditu zitzaien horretarako, eta udalari proposamena egin zioten. Udalak baietz erantzun zuen, eta parte hartzeko prozesu bat egin zuten, zentroaren erabilera eta kudeaketa diseinatzeko. Proiektuari Plazara! izena jarri zioten. Hala ere, prozesua moteldu egin da, eta horrek biztanleak desilusionatu egin ditu, Iragik esan duenez. Hortaz, zentroari bultzada emateko ere baliatuko dute asteburua.
Gune autogestionatu berria
Bestalde, Kale Nagusian eraikin bat eraitsi berri dute, eta espazio ireki bat geratu da Pellejeria zokoaren eta Santa Ana plazaren artean, Piparrika hiri baratzearen ondoan. Auzotarrek “aukera bikaina” ikusi dute han proiektu autogestionatu bat sortzeko. “Toki bikaina da, eta ondoan Piparrikaren esperientzia izatea lagungarria izan daiteke”, esan du AZ Ekimeneko kideak. Haren hitzetan, aukera ona da: batetik, bizilagunek espazio publikoak berreskuratzeko, eta, bestetik, Nabarreria plazako gehiegizko jarduera beste toki batzuetara ere eramateko. Bihar, proiektu horretarako ideiak jasoko dituzte.
Azkenik, gaur egun Alde Zaharrean pisu handia duen gai bat landuko dute: Maravillas gaztetxearen etorkizuna. Iragik azaldu duenez, gaztetxea hustu zutenean, bizilagunek bi batzar egin zituzten, eta hiru puntu adostu zituzten kolektibo gehienen artean: “Bat, Alde Zaharrarentzat beharrezkoa ikusten dugu gaztetxe bat; bi, eskatzen dugu huste bortitzik ez egitea puntu hau ez da bete; eta hiru, irtenbide adostu bat eskatzen dugu. Hirugarren hori errazteko, batzorde bat sortu genuen”. Gaineratu du topaketan mahai gainean dauden hainbat proposamen landuko dituztela. Jardunaldia San Frantzisko eskolan egingo dute. Gaur hasiko da, arratsaldeko seietan, eta bihar eguerdian amaituko da, ordu batean.