Iritzia: #Behingoz

Lur Albizu Etxetxipia

Eremu desberdinak ezagutu izan ditut, baina nik ez nituen aukeratu. Txikitan, zazpi urtez eremu mistoan bizi izan nintzen; gerora, eremu ez-euskalduna ezagutu nuen urte luzez, eta berriz itzuli nintzen eremu mistora. Lehen eremu ez-euskalduna zena eremu misto bilakatu zen duela urte bat eta hilabete batzuk. Nafarroatik kanpo beste bi eremutan bizi izan naiz: ofizialtasunarenean eta ofizialtasunik gabekoan. Loteria horretan, egoera desberdinak bizi izan ditut.

Euskararen egoeraz ari garenean, komeni da ez ahaztea euskaldunoi buruz ari garela. Pertsonei buruz ari garela eta eskubideen inguruan ari garela. Gure herria handiagoa balitz eta eskolarik izan balu, haurrak ginenean ez genukeen euskaraz ikasteko eskubiderik izanen. Duela urte batzuk, ez genukeen D ereduan ikasteko garraiorik izanen, are gutxiago diruz lagunduta. Euskaraz ikasteko eskubidea ukatuko ziguketen.

A ereduan edo G ereduan ikasi izan bagenu, batxilergoan institutua eguerdiko ordubietan bukatuko genukeen, eta ez hiruretan. Gainera, eredu erdaldunekoak izan bagina, bueltako autobusa doan izanen genukeen. Baina D eredukoak ginen, eta erdaldunek baino ikasgai bat gehiago genuen, ez genuen gainontzekoekin autobusean itzultzerik, beste bideak topatu behar izan genituen.

Guk ez genuen beste institutu batera joateko beharrik izan; baina beste toki batzuetako ikasleek bai. Eremu ez-euskaldunak hori esan nahi (izan) du askorentzat: goizeko seietan jaikitzea, busa hartzea, Iruñeraino joatea, itzultzea… ordu eta energia asko bidean galdurik, herrian bertan erdarak bakarrik zeukalako eta daukalako tokia (momentuz). Eremu ez-euskaldunak beste batzuentzat esan nahi du bizilekua aldatu behar izatea euskaraz ikasi ahal izateko. Altsasun, Tuteran edo Iruñean jaiotzeak asko alda ditzake kontuak gure herrialde honetan. Eta Altsasun, Tuteran edo Iruñean jaio, kontuak ez dira errazak euskaldunontzat ez Altsasun, ez Tuteran, ez Iruñean. Ez orain, ez lehen.

Kontuak ez dira errazak euskaldunontzat eta euskararentzat. Eta ez dira errazak izanen, iraupena da euskararen misteriorik handienetakoa. Baina beharrezkoa dugu bidea egiten jarraitzea, eta bide horrek izena badauka: ofizialtasuna. Ofizialtasunak ez gaitu, beharbada, salbatuko. Baina ofizialtasunik gabe, gureak egin du.

Aukera hori nahi eta behar dugu; ofizialtasunak irekiko dizkigun ateak zabaldu eta bide berriak eraiki ahal izateko aukera. Euskaldunok behingoz justizia, behingoz kohesioa eta behingoz berdintasuna behar dugulako. Euskaldunok eta euskarak arnasa egiteko beharra dugulako. Euskaraz bizi nahi dugula esatetik bizi ahal izatera pasatu nahi dugulako. Euskaraz esnatu, jolastu, ikasi, amets egin, eztabaidatu, lan egin eta abestu nahi dugulako. Behar dugulako. Bigarren mailakoak izateari utzi nahi diogu, eta horretarako beharra dugu. Ez dezagun aukera galdu, ez ditzagun aukerak galdu.

Bihar bete ditzagun kaleak. Gure txanda da. Euskarak behar gaitu; baina, batez ere, guk behar dugu euskara eta guk behar ditugu eskubideak. Behingoz.