E. Elizondo
Tuterako Genero Indarkeriaren Biktimentzako Arreta Integralerako Taldeak 308 emakume artatu zituen, iaz. Haietako zazpik bazuten ezintasunen bat. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuterako campusean egindako jardunaldian ezagutarazi dituzte datuok. Ezintasunen bat duten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren auzia jorratu dute ekinaldi horretan. Andreok egoera zaurgarriago batean direla erakusten dute datuek, oro har, eta jardunaldian parte hartu duten adituek ere horixe nabarmendu dute: indarkeria sufritzeko arrisku handiagoa dutela, eta, gainera, zailagoa dutela indarkeria pairatzen ari direla antzematea.
“Indarkeria matxista sufritu duten eta ezintasunen bat duten emakumeen egoera ikusezina da gizartearentzat; artatzen ditugunean, autoestimu apala izaten dute”, azaldu du Tuterako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Olga Chuecak.
Tuteran mahai gainean jarritako auziak landu dituzte bertze aditu anitzek. Haietako bat da Mercedes Serrato. Ikusmenarekin lotutako ezintasun bat du; gainera, gizarte langilea da. Ezintasunen bat duten emakumeen aurkako indarkerien inguruko lan bat egin du, eta nabarmendu du “aktibismo kontu bat” dela, oraindik ere, andreon egoera ikusgarri bilakatzea. Serratok argi eta garbi erran du baliabideak egokitzeko beharra badela, ezintasunen bat duten eta indarkeria sufritu duten emakumeak artatu ahal izateko: “Gaur egun, indarkeriari buruzko arauek ez dituzte kontuan hartzen ezintasuna duten emakumeak; eta ezintasunen ingurukoek, berriz, ez dituzte aintzat hartzen emakumeen aurkako indarkeriak”
Datuen arabera, ezintasuna duten hamasei urte baino gehiagoko emakumeen %16,1ek sufritu dute indarkeria fisikoa. Datua %10ekoa da ezintasuna ez duten andreen artean. Indarkeria sexualaren kasuan, ezintasuna duten emakumeen %14,1ek pairatu du, eta ezintasuna ez dutenen %7,8k.
Ezintasuna duten emakumeek pairatzen dituzte bertzelako indarkeriak, gainera. Serrato tesia prestatzen ari da ezintasuna duten emakumeen antzutze behartuari buruz. 2010etik 2016ra, hain zuzen ere, 100 sententzia inguru plazaratu ziren ezintasuna zuten emakumeak indarrez antzutzeko.