Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Edurne Elizondo

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Okupazioaren aurka egiteko estrategia bat. “Okupatzaile israeldarrak palestinarren egunerokoa hankaz gora jarri nahi du”, erran du Helena Bengoetxea kazetariak. Testuinguru horretan, eguneroko horri eusteko urratsak egitea, zapaltzaileari erronka jotzeko modu bat da. Eta baloi bat, okupazioaren aurkako arma bilakatzen da. Futbolean aritzea ere existitzea eta erresistitzea baita.

Horixe ikasi du Bengoetxeak Palestinara egindako azken bidaietan. Ez da bakarrik joan. Joseba Zabalza argazkilaria eta Ivan Pastor kazetaria izan ditu bidaide; Nafarroan, gainera, Ruben Marcilla errealizatzailea izan dute hirurek proiektuan lagun.

Iruñean mamitzen hasitako egitasmo baten eskutik, Palestinako futbolari egin diote so, zehazki, kirol horren inguruko dinamikek eta bizipenek komunitatea sendotzeko, egunerokoa egituratzeko eta etorkizuna helburu hartzeko duten indarra jorratzeko asmoz.

Zisjordaniako Tulkarem hirian ikusitakoa eta ikasitakoa partekatzeko eta zabaltzeko, finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri dute martxan, liburu bat argitaratzeko eta erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoz. Hamabi egun falta dira gutxieneko kopurua lortzeko. 7.660 eurokoa da gutxieneko kopuru hori, eta helburua da liburua argitaratzeko erabiltzea. Zabalzak egindako argazkiekin eta Bengoetxeak eta Pastorrek idatzitako testuekin osatuko dute. Gutxieneko kopuru hori lortzea ezinbertzekoa dute proiektuko sustatzaileek, bigarren erronda martxan jartzeko, eta, haren bidez, erakusketa ere osatzeko behar duten kopurua lortzeko: denera, 19.800 euro.

2015ean, Mikel Uhartek eta bertze hainbat pertsonak Futbola ere lapurtu ziguten izenburupeko jardunaldiak antolatu zituzten Iruñeko Katakrak liburu dendan. Ekinaldi horretan erein zuten Palestinako Tulkarem hiriko Markaz Tulkarem futbol taldeari buruzko proiektuaren hazia, hain zuzen ere. “Elkar ezagutu genuen Bengoetxeak, Zabalzak eta hirurok, eta ohartu ginen bagenuela kirol horri buruzko antzeko ikuspuntua. Futbol komertziala bazter utzi, eta balio sozialak aldarrikatzen dituen futbol baten alde egiten dugu guk”, azaldu du Ivan Pastorrek.

Futbolari buruzko ikuspegi horrek eraman zuen kazetaria Palestinara. Herri hori hautatu zuten jardunaldietan entzundako pasarte batek bultzatuta. “Aipatu zuten futbolari palestinar baten istorioa; atxilotu egin zuten, eta hiru urtez egon zen espetxean. Gose greba egin eta gero, askatu zuten, baina bi hilabeteko baraualdiak osasunari eragin zion, eta ezin izan zuen profesional gisa aritzen jarraitu”, gogoratu du Joseba Zabalzak.

Futbolari horren istorioak eraman zituen Pastor, Zabalza eta Bengoetxea Tulkarem hirira. Pastorrek bakarrik egin zuen lehendabiziko bidaia, helburu garbi batekin: futbolaren egoera aztertzea. Lan horren ondorioz, Tulkarem hiriko errefuxiatuen kanpalekuetako batean sortutako futbol taldea hartu zuten beren proiekturako ardatz: Markaz Tulkarem izenekoa, alegia. “Bi jokalari kenduta, gainerako guztiak dira errefuxiatuen kanpalekuko kide”, erran du Pastorrek.

Okupazioak zeharkatuta

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Horixe argi dute Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak. Argi dute aurrera egiteko grina zapaltzaileari aurre egiteko modu bat dela, eta, argi dute, halaber, zapaltzailearen urrats orok baduela egunerokoan eragina. Futbolean ere bai. “Ez genuen okupazioaren auzia bazter utzi nahi; baina nahi izanda ere, ezinezkoa da; okupazioak dena ukitzen du, dena zeharkatzen du”.

Markaz Tulkarem taldeak erabiltzen duen zelaiaren izenak islatzen du errealitate hori: Jammal Ghanem izena du estadioak, korner bat ateratzen ari zenean bizkarretik tiro eginez hil zuten jokalariaren omenez, hain zuzen ere. “Lehen intifadan parte hartu zuen. Lagun arteko partida bat jokatzen ari zen hil zutenean”, azaldu du Zabalzak. Markaz Tulkarem taldeko jokalarietako baten osaba ere hil zuten israeldarrek, misil baten bidez bere anbulantziari eraso eginez. “Jokalari izana zen, eta epaile aritu zen gero. Paramedikua zen, eta zauritutako herritar bat laguntzen ari zenean hil zuten”, erantsi du argazkilariak.

“Itzulera helburu dute palestinar guztiek; beren etxeetara itzuli nahi dute. Gure proiektuaren bidez herri horri buruzko istorio bat kontatu nahi dugu; ez du zer ikustekorik harriekin eta barrikadekin, baina, aldi berean, ez dago hain urruti”, nabarmendu du Zabalzak. Baloiak ere badirelako okupazioaren aurkako arma.

Komunitatea

“Futbolean aritzea, finean, aurrera egitea da. Liga antolatzen dute, jarraitzaileek estadioak betetzen dituzte; bigarren mailan denak lehenengora igotzea du helburu. Horrek guztiak erakusten du palestinarrek beren etorkizuna jorratzeko gogoa dutela, eta horrek izorratzen ditu okupatzaileak”, azaldu du Bengoetxeak.

Izan ere, Palestinan zer egitekorik ez dago. “Langabezia izugarria da; frustrazioa, ondorioz, handia. Baina dinamika horiek guztiak apurtzen dira futbolean aritzen direnean”, erantsi du kazetariak.

Kirol horrek jarraitzaile anitz ditu Palestinan. Han ez dituzte, halere, Europako ligek izan ditzaketen baliabideak. Ronaldoren pareko izarrik gabeko futbola da palestinarrena. Han, taldeko kide guztiak dira bertzeentzat ikur eta erreferente. “Futbolak komunitatea sortzeko indar handia du. Markaz Tulkarem taldean denak dira lagunak; jokalariei on egiten die futbolean aritzeak, eta beren partidak ikustera joaten direnei ere on egiten die beren lagunak zelaian ikusteak”, nabarmendu du Ivan Pastorrek.

Tulkarem hirian bi futbol talde badira; bat da errefuxiatuen kanpalekuko kideek osatua. Bertzea, Shabab Al Khalil izenekoa, hiriko taldea da. “Baliabide gehiago ditu, baina errefuxiatuenak du jarraitzaile gehien”, azaldu du kazetariak. Hori izan zen talde hori proiektua osatzeko aukeratzeko arrazoietako bat. Klubaren jarduerak, gainera, ukitzen ditu bertze hainbat arlo. 1956. urtean sortu zen, kirol talde gisa ez ezik, kultur eta gizarte gune bat ere izateko asmoz, hain zuzen ere. Komunitatea sendotzeko espazio bat da, finean.

Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak beren egitasmoa martxan jarri zutenean, bigarren mailan zegoen taldea. “Azken urteotan, gora eta behera aritu da taldea, Osasuna bezala”, azaldu dute proiektuko bultzatzaileek. Nafarren aurrean lortu zuen taldeak lehen mailara itzultzea.

Azken partidaren atarikoek ederki erakusten dute nafarren proiektuak nabarmendu nahi duen palestinarren komunitate izaera. “Denak urduri ziren; ondorioz, klubeko kafetegian lo egitera gelditu ziren hainbat jarraitzaile, eta taldeko jokalari nabarmenenetako batek ere haiekin egin zuen bat”, gogoratu du Pastorrek.

Tulkarem “hiri kontserbadorea” dela azaldu du Helena Bengoetxeak. Kazetaria Palestinan sartu da lehendabiziko aldiz futbol zelai batean. “Bi partida ikusten izan nintzen, eta bietan nintzen emakume bakarra”.

Horrek ez du erran nahi, halere, Palestinako emakumeek futbola maite ez dutenik. “18 urteko jokalari bat ezagutu genuen. Betleem hirian futbolean aritzen zen, baina Tulkaremera mugitu behar izan zuen, amarekin. Ama kanpalekuko errefuxiatua da. Tulkaremen, hiriko taldearekin entrenatzen zen tarteka. Musulmana da, baina beloa janzten ez duen emakume bakarrenetakoa”, erran du Helena Bengoetxeak.

Futbola lapurtu

“Etorkizunik gabeko herri bilakatu nahi dute israeldarrek Palestina”. Palestinarrek, ordea, etorkizun bat pentsatzeko eta izateko egiten dute borroka, egunero. Horixe nabarmendu du Bengoetxeak. Eguneroko horretan gainditu beharreko oztopoak ez dira gutxi, ezta futbolaren esparruan ere. “Taldeek partidaren egunean egiten dute bidaia; gerta daiteke kontrol militarrak izatea bidean, eta, ondorioz, norgehiagoka bertan behera utzi behar izatea”, azaldu du Ivan Pastorrek.

Gazan eta Zisjordanian liga bana dutela erantsi du, eta finala baino ez dutela jokatzen elkarrekin, “aukera dagoenean”. Israeldarrek palestinarrei futbola ere kendu nahi izan dietela gaineratu du kazetariak. “1934. eta 1938. urteetan, Israel sortu baino lehen, Munduko Txapelketarako sailkatze fasean aritu zen Palestinako futbol selekzioa. Futbol talde horretan, ordea, arabiarrik ez zegoen, denak ziren judu sionistak”, azaldu du Pastorrek. “Palestina lanean ari da FIFAk bere futbol selekzioa onar dezan; Israelek, berriz, hori ez gertatzeko egiten du presioa”, erantsi du.

1967an ezarritako mugaren ondoan dago Tulkarem hiria. “1948. urtean, 700.000 palestinar bota zituzten beren lurretatik; berriz mugitu behar izan zuten 1967ko gerraren ondorioz”, erran du Bengoetxeak. Itzultzeko helburuarekin bizi dira. Eta futbolaren bidez beren etorkizuna irudikatzeko saioa egiten dute palestinarrek. Baloikadaz baloikada.

Argazkiak: Joseba Zabalza