Edurne Elizondo
Oztopo lasterketa bat izan da gurea”. Horixe erran du Iruñerriko Euskalerria Irratiko esatari Reyes Ilintxetak, hedabide horrek orain arte egindako bideari buruz. On air seinalearen argia itzali da. Mikrofonoak jada ez du inoren ahotsa zabaltzen. Irrintzi dorreko egoitzan, begirada atzera botatzeko baliatu du saioa amaitu eta geroko tartea kazetariak. Oraingo momentuak merezi du: 30 urte bete ditu irratiak, asteon.
1988. urteko azaroaren 7an egin zuen lehendabiziko emanaldia Euskalerria Irratiak. Ilintxeta 1992. urtean hasi zen Irrintzi dorrean lanean. Harekin batera sartu zen irratian Amaia Lasa teknikaria ere. Arratsaldetako oraingo lan taldea Lohizune Amatria kazetariak osatzen du. 1992. urtean jaio zen, eta joan den abuztuan hasi zen Euskalerria Irratian esatari lanetan. Lankideen ahotik entzun ditu hasierako urratsen ingurukoak; hedabide horren oraina, berriz, estudiotik ari da marrazten Amatria, Ilintxetarekin eta Lasarekin batera.
Goizeko lan taldean ere, irratiko kide historikoek, beteranoek eta ailegatu berriek egiten dute bat. Mikel Bujanda zuzendaria da irratia martxan jarri zutenetako bat; 1995. urtetik ari da Pello Argiñarena; Maialen Uhartek irratiaren adin bera du, eta 2010ean hasi zen esatari lanean. Administrazioren esparruan eta arlo komertzialean Maite Elizagarai eta Joseba Ripa ari dira.
Kontrol gelan egin ditu azken zazpi-zortzi urteak Igor Eskuderok, eta ailegatzen azkena izan da Haritz Pascual. Bi asteko bidea egina du Irrintzi dorrean. Irratia, halere, ezaguna du, han egin zituelako praktikak. “Harrobiko kidea naiz”, erran du Pascualek, irribarrea erakutsiz.
Ikasteko garai horri buruz, kontrol gelan aritzen zen Ibon Gaztanbide teknikaria ekarri du Pascualek gogora. “Harekin ikasi nuen teknikari on baten lana zeinen garrantzitsua den”, nabarmendu du.
Gaztanbide 1995. urtetik ia hogei urtez aritu zen irratiko teknikari. 2014ko abenduan zendu zen. Hurrengo urtean ailegatu zen irratiak hamaika urtez eskatutako lizentzia. Ezin izan zuen gozatu. Irrintzi dorrean utzi zituen lankideentzat, ordea, mugarri izan da administrazioak beren lanari egindako aitortza publiko hori. Entzuleen eta Iruñerriko euskaltzaleen babesa hasieratik izan du Euskalerria Irratiak. Haiek eman diete lan egiteko baimena eta bidea.
Itxita ziren bertze mota bateko ateak ireki dizkie lizentzia ofizialak, halere: diru laguntzak eta publizitate instituzionala jasotzeko aukera, batez ere. “Ez da pagotxa”, nabarmendu du Ilintxetak. “Prekarietatean bizi gara; baina bizi izan gara miserian”, onartu du.
“Momentu berezia”
Iruñeko Irrintzi dorrera iritsi zenean, Maialen Uhartek ez zuen Euskalerria Irratian egin lehendabiziko geldialdia. BERRIA-n aritu zen bekadun, lehendabizi. Handik, 2010. urtean, paretaz bertzaldeko egoitzara egin zuen bidea. Irratiak lizentzia jaso zuela iragarri zuten egunean, lanean zen kazetaria. “Gobernutik deitu zuten, bileran hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoa iragartzeko. Gu han egotea garrantzitsua zela esan zidaten, baina ez zidaten zergatik azaldu nahi izan. Mikel Bujandarekin edo Juan Kruz Lakastarekin hitz egin nahi zuten”, gogoratu du Uhartek.
Bujanda ez zen egoitzan, eta ezin harrapatu aritu ziren. “Bere eguna zen, hainbeste urtez eskatutakoa jasotzeko eguna, eta ezin aurkitu!”. Lakasta elkarrizketa bat egiten ari zen irratian gobernuko kideen deia jaso zutenean. “Estudiotik aterarazi behar izan nuen. Deia jaso, eta horrela jakin genuen baimena lortu genuela, azkenean”. Orduko urduritasuna nabarmendu du Uhartek. “Oso momentu berezia izan zen denontzat”.
Uhartek fresko ditu lizentziarik gabe egindako urteak. “Zailak izan ziren, gogorrak; etorkizunari buruzko inolako segurtasunik ez genuen”.
Baimena eskuratu izanak lehen ez zuten segurtasun bat ekarri diela erran du kazetariak. Argi du, halere, bidean urratsak egiten jarraitu behar dutela etorkizunari sendotasunez so egin ahal izateko.
Uhartek errandakoa berretsi du Pello Argiñarenak ere. Eskertu du lizentziak emandako babes ofiziala, eta beharrezkotzat jo du. Argi utzi du, halere, irratiko kideek beti sentitu dutela beren lana egiteko zilegitasuna bazutela. Eta zilegitasun eta berme hori entzuleek, bazkideek, kolaboratzaileek eta iragarleek eman dietela nabarmendu du esatariak. “Atzean beti izan dugu oinarri sozial zabal bat, eta hori izan da gure benetako lizentzia; mila bazkide ditugu, eta berrehun kolaboratzaile. Horrek ezohiko irrati bilakatzen du gurea; beste inork ez du halakorik”.
Argiñarena 1995. urtean hasi zen Euskalerria Irratian. Bertze irrati baten egoitzan ezagutu zuen Mikel Bujanda, halere, Ser irratikoan, alegia. “Euskarazko saioetan kolaborazioak egiten hasi nintzen; handik etorri nintzen Euskalerria Irratira”. Gauez egin zuen lan, hasiera hartan. Gero, arratsaldeko saiora mugitu zuten, Kike Diez de Ultzurrunekin. Orain, Juan Kruz Lakasta esatariarekin batera zuzentzen du goizeko saioa.
“Irratia niretzat beti izan da lagun bat; maite dut irratia. Txikitan, transistorearen diala mugitzen aritzen nintzen, eta Onda Pesquera edo Radio Paris-en gisako irratien saioak aurkitzen nituen. Jostailu bat zen niretzat!”. Irratiari beti izan dion maitasunak gora baino ez du egin Irrintzi dorreko estudioan. Euskalerria Irratiaren garapenaren lekuko izan da, eta, ondorioz, ongi ezagutzen du egindako urrats bakoitzaren atzean egon den lana eta ahalegina.
Oraingo irratiak zer ikusteko gutxi du hasierakoarekin; eta, aldi berean, bera dira. “Oinarria ez da aldatu; hitz egiten duen bat dago, entzuten duen beste bat, eta, erdian, mezua. Entzuteko moduak dira aldatu direnak. Zuzenean entzunen gaitu batek; kaskoak jarrita korrika egitera joaten denean beste batek, podcastei esker; eta Berlinen ikasten ari denak on line jasoko du gure mezua”.
Teknologiaren eskakizunetarara moldatu behar izan du Euskalerria Irratiak. Horrek ekarri du inbertsioa egin behar izatea azken urteotan. Arlo horretan izan diren aldaketak, batez ere, Igor Eskudero eta Amaia Lasa teknikariek kudeatu behar izan dituzte.
Lasak ezagutu zituen bobina irekien eta magnetofoi handien irratiko garaiak. “Lan fisikoa ere egin behar genuen teknikariok, aulkitik altxatu eta martxan jarri behar genituelako; batean publizitatea genuen, eta bestean elkarrizketak; horrela moldatzen ginen”.
Gero CDak ailegatu ziren, eta horiek ere zaharkituta gelditu dira jada. “Nahas mahai berria dugu orain; eta kontrol gelako ordenagailuetan dugu jasota gure artxibo guztia”, erantsi du Eskuderok. Irratiak sare sozialetan duen presentzia nabarmendu du teknikariak, eta bide berri horietara guztietara moldatzeko beharra. Esatariek ematen diote beren ahotsa Euskalerria Irratiari, baina Eskuderok argi utzi du sentitzen duela teknikariek egiten duten lanari duen balioa ematen diotela etxe barruan.
Lan horren garrantzia jarri du mahai gainean Lohizune Amatriak, hain zuzen ere. Irati Irratian aritu zen urtebete luzez, Euskalerria Irratian hasi baino lehen. Han, kazetaria zen, eta, aldi berean, teknikari. “Euskalerria Irratian konturatu naiz teknikariak egiten duen lanaren garrantziaz. Azkenean, teknikaria da denbora hobekien kontrolatzen duena, eta puzzlea osatzen duten pieza guztiak hobekien ezagutzen dituena”.
Bidean jarraitzeko beharra
Prentsa idatzian eta telebistan ere aritu izan da Amatria. “Irudiaren presioa” ez duela maite onartu du kazetariak, eta maite duela irratiko estudioan sortzen den magia. “Berezia da kaskoak jartzen dituzunean sortzen den giroa. Gonbidatuek askotan galdetzen didate ea beharrezkoa den kaskoak jartzea, eta nik beti esaten diet nik nahiago dudala, ahotsa entzun eta egoera berezi bat sortzen delako”.
Iruñerriko eta inguruko euskaldun eta euskaltzaleentzat erreferente bilakatu da Euskalerria Irratia. Euskal komunitatea batzeko eta sendotzeko tresna bat izan da, hasieratik. Ilintxetak argi du ardura hori. Mikel Bujandak ere bai. Hogeita hamar urtez egindako bidea nabarmendu du, baina, batez ere, hemendik aurrera egin beharrekoa. Eta ez da gutxi, Bujandaren erranetan. Are gehiago, egiteko dutena egindakoa baino gehiago dela utzi du agerian Euskalerria Irratiko esatariak. “Gure ametsak ez dira bete”.
Ez da txikia ametsa: “Iruñerrian euskara errealitate bizi eta sendoa izatea; hori oraindik ez dugu lortu”. Euskararena errealitate hauskorra dela uste du Bujandak. Euskalerria Irratiak egindako lana izan da errealitate hori sendotzeko hanka bat. Behar dira bertze hainbat, ordea. Irrintzi dorreko hedabideak, gainera, ezin izan du bere lan hori askatasun osoz egin, lizentzia jaso arte. “Zailtasun bat izan da, baina ez dut argi zailtasun nagusia hori izan ote den”. Gogoetarako gaia utzi du Bujandak mahai gainean.
Komunikazio zerbitzu bat euskaraz eskaintzea da irratiaren lana, esatariaren hitzetan. Eta Euskalerria Irratiak horixe du helburu eta erronka. Horretan aritu da hogeita hamar urtez, eta horretan jarraitu nahi du.