Bardean ere prestatzen da gerra

Bardean ere prestatzen da gerra

Edurne Elizondo

Soka luze batek lotzen ditu Bardea eta gerra sufritzen duten herrietan jaurtitzen dituzten bonbak; Erriberako azpiegituran eta gisakoetan probatzen baitituzte gero herri horietan lehertzen diren gailuak. Soka luze horrek berak lotzen ditu, gainera, Bardea eta sorterritik alde egiten duten milioika migratzaileak; bonbak atzean uzteko, edo iparraldeko herriek hegoaldekoetan eragindako espoliazioak bultzatuta egiten baitute ihes.

Soka hori mozteko beharraz hitz egiteko mahai ingurua egin du Bardea Libre plataformak, Iruñean. Igandean, gainera, manifestazioara deitu du, Tuteran. 12:00etan hasiko da protesta, Erriberako hiriburuko Foruen plazan. Bonbak eta Nafarroa lotzen dituen tiro eremuko soka behin betiko moztu nahi du Bardea Libre plataformak. “Ez hemen, ez inon ez dugulako gerrak prestatzeko azpiegiturarik nahi”, nabarmendu du Iñigo Jurado plataformako kideak.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Datorren abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berrituko da, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua izanen da: bikoiztu eginen da. “2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; hemendik aurrera, berriz, bikoiztu eginen da kopuru hori, eta hamalau izanen dira”, azaldu du Andoni Romeok, Alternatiba Antimilitaristako ordezkariak.

Bardeako Komunitatean hemeretzi udalerri daude, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak, eta Olivako monasterioa; denera, 22 erakunde, alegia. Bakoitzak 108.000 euro inguru jaso ditu, urtean, azken urteotan, Bardea Libre plataformako kideek agerian utzi dutenez. Bardeako Komunitateak berak ere jasotzen du zati bat.

Diru hori ez du ongi kudeatu erakunde horrek, ordea, Kontuen Ganberak txosten batean salatu duenez. Bardeako Komunitatearen gastuak ikertu ditu Kontuen Ganberak, eta ondorioa da Bardeako Komunitateko kideek dirua “xahutu” egin dutela. 2006tik 2012ra, adibidez, Egipto, Argentina, Senegal eta Costa Ricara egin zituzten bidaiak Bardeako ordezkariek. Egiptora 34 pertsona joan ziren, eta 64.000 euro gastatu zituzten. Senegalera, berriz, 29, eta 72.000 euroren gastua izan zuen bidaiak.

2001eko aukera galdua

Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiari egin dio so Bardea Libre plataformak, erakunde hori delako tiro eremua alokatzeko kontratua sinatzen duena. Julian Isla da egungo presidentea; aurretik, eta, urte luzez, Jose Antonio Gaiarre izan zen kargu horretan. “Pribatuan, bai eta jendaurrean ere, Gaiarrek onartu zuen tiro eremuaren aurkako mugimenduak mesede egiten ziela, horrek ekartzen zuelako ordain gisa jasotako diru kopuruak gora egitea”, erran du Romeok.

Alternatiba Antimilitaristako kidea duela hogei urte baino gehiago hasi zen Bardeako tiro eremuaren aurka lanean. 2001. urtean, borroka hori irabaztekotan izan zirela gogoratu du. “Urte horretan berritu behar zuten kontratua; lauzpabost urte lehenago hasi ginen gaia jorratzen. Bardea Armagabetua izeneko plataforma sortu genuen, eta herri mobilizazioa lantzen aritu ginen”. Romeok uste du huts egin zutela ez zirelako gai izan borroka erakundeen esparrura eramateko. “Ez genuen asmatu udalekin lan egiten; berandu hasi ginen gaia haiekin jorratzen”. Azkenean, 2001ean, zazpi urterako sinatu zuten kontratua Espainiako Gobernuak eta Bardeako Komunitateak, orduko 600 milioi pezetaren truke.

Martxan jarraitu du urteotan guztietan Bardeako tiro eremuak. “Egunero ari dira ariketak egiten, Bardeako Komunitatearen webgunean edo hedabideetan jarduera horren berri ematen ez badute ere”, zehaztu du Iñigo Juradok. Bardeakoaren gisako tiro eremu bateko jarduerak ondorio zehatzak ditu, eta horiek jarri dituzte mahai gainean Fernando Armendarizek eta Beatriz Villahizanek. Giza eskubideen auzian aditua da Armendariz, eta argi eta garbi erran du: “Bardean eta gisako azpiegituretan benetako gerra prestatzen da. Giza eskubideen urraketen %60 armen bidez egiten dituzte, eta armak tiro eremuetan probatzen dituzte. Gaur egungo gerretan herritarrak militarren jomugan dira”.

Siria eta Yemen aipatu ditu gerrek ekartzen duten suntsiketaren adibide gisa. “Sirian, herritarren erdiak egin dute ihes herrialdetik kanpo; Yemenen, berriz, 6.000 herritar hil dituzte jada, eta 50.000 zauritu. Herrialde barruan toki batetik bertzera mugitu behar izan dute hiru milioi pertsonak”. Espainiako Gobernuaren ardura nabarmendu du: “2015ean, Espainiak 400 doitasun bonba inguru saldu zizkion Saudi Arabiari; armak bidaltzen jarraitu du geroztik: 2015etik 2017ra saldutako armen truke 932 milioi euro jaso ditu”.

Bonbak “ongi hiltzeko” probatzen dituzte tiro eremuetan. Horixe nabarmendu du Armendarizek, eta, horregatik, hain zuzen ere, igandean “Tuterako karrikak betetzera” deitu ditu herritarrak. “Jendeak sorterritik egin behar du ihes, armen negozioak aurrera egin dezan”, bukatu du.

SOS Arrazakeria erakundeko ordezkari Beatriz Villahizanek ihes egiten duten horiei egin die so bere solasaldian. Bonben ondorioz edo bertze edozein kausa dela-eta ihes egiten dutenei, hain zuzen ere. “Migratzaileen eta errefuxiatuen arteko bereizketa maltzurra da. Gakoa da Europak ez duela nahi bere gain hartu jendea bere sorterritik aterarazten duten arrazoien ardura”. Migrazioen inguruko “begirada zabala” eskatu du, ondorioz, Villahizanek, eta gogoratu du herritar orok baduela migratzeko eta nahi duen tokian bizitzeko eskubidea. “Eskubide horrek balio zuen europarrok mugitzen ginenean, baina, orain, gurera etortzen direnean bertze hainbat herritatik, hutsean uzten dugu”. SOS Arrazakeria taldeko kideak erantsi du gerrak ez direla bakarrik hegoaldeko hemisferioko herrialdeetan gertatzen: “Europa, nahi ez duen migrazioaren aurka ari da gerra egiten”.

Nahi ez duena. Horixe da bertze gakoetako bat, Villahizanen erranetan. “Egungo garapen eredua ez da iraunkorra, eta badu baliabideen espoliazioari eusteko beharra; behar du mugituko den langileria, zaurgarria, arautu gabekoa. Horrek ekarri du hegoaldeko herrien independentzia prozesuak baldintza zehatzetan garatzea; prozesu horiek ez dira amaitu, eta hegoaldeko herriak kanpo zorren bidez lotu dituzte iparraldekoek. Ustez, iparraldeko herriek askatasuna eta demokrazia badute. Errealitatea bertzelakoa da: egungo ordenari eusteko, gatazkak eragiten dituzte, bertze herrietan egiten dituzten esku hartzeak justifikatzeko, eta herriok ustiatzen jarraitzeko”.

Dena aldatzeko lanean

Europako mugak “espazio militar” bilakatu dituztela salatu du Villahizanek, eta gainditzen dituztenentzat ere, egunerokoa ez dela erraza. “Nazioarteko babesa emateko hamaika oztopo daude; babes hori eskatzen duen pertsonak erakutsi behar du babes hori behar duela. Nafarroan, babesa eskatzeko lehendabiziko elkarrizketa lortzeko itxaron zerrenda bada; hamahiru hilabetez egon behar dute zain”. Hori guztia aldatzeko beharra nabarmendu du Villahizanek.

Eta hori guztia aldatu nahi dutelako ari dira Bardeako tiro eremuaren aurka lanean Bardea Libre plataformako kideak. Iñigo Juradok onartu du iaz sortu zirenean zehaztutako helburuetan ez dituztela nahi zituzten urrats guztiak egin, oraindik ere, baina lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Herri kontsultena da oraindik bete gabe duten helburuetako bat. “Argi dugu herritarrei eman behar diegula erabakitzeko aukera”. Juradok azaldu du Nafarroako Gobernuan eta hainbat udaletan 2015eko hauteskundeen ondotik sortutako aldaketa giroak bultzatu zuela plataformaren sorrera. Lan egin nahi dute borroka “Nafarroa osora” zabaltzeko, eta auzia erakundeen agendetan jartzeko. Ari dira.