Iritzia: Ordu aldaketa

Jon Barberena Ibarra

Urriko azken asteburuan ordua aldatzen da, eta ondorioz, jarraian datorren hilabeteari giroa belzten zaio. Erlojuaren orratzak atzerantz mugitzen ditugu eta haiekin batera atzean utzi ezin ditugun arrangurak enegarrenez ahoratu. Udan gozatutako arratsalde amaiezinen nostalgiaren ondorioz, ahoa aienez betetzen zaigu. Mingainak dantzan jartzen ditugu orratzak dantzan jartzearekin batera. Baina aurten, inoiz baino gehiago astintzen dihardugu gorputzeko organo zorrotzena, berrikuntza handi batekin baitator ordu aldaketaren gaia. Udako eta neguko ordu aldaketak kentzea proposatu zuen berriki Bruselak eta honek ikaragarrizko oihartzuna hartu du eguneroko solasaldietan. Batzuek neguko ordutegiarekin gelditzea proposatzen dute eta bertze batzuek udakoarekin. Iruditzen zait puri-purian dauden zenbait gairi ere lekua egin beharko geniekeela eguneroko hitz-aspertuetan. Nafarroa Garaian, aspaldiko kontuak diruditen zenbait gertaera tamalgarrik arnasa hartu dute azkenaldian, eta interesgarria litzateke gure iritzia partekatzea. Ardura erakustea behinik behin.

Gurean, zenbaitek atorra urdina ongi garbitua eta lixatua armairuan zintzilik zeukatela agerikoa zen. Baina kezkagarria da ikustea nola euren pentsamendu ultraeskuindarra hedatzen dabiltzan inongo lotsarik gabe. Adibidez, Daniel Rodriguez Lopezek, Espainiako Poliziaren Nafarroako buruak, Twitter bidez irainak egiteagatik kargua utzi behar izan du.

Bertzalde, Skolae hezkidetza programaren kontura, alderdi politiko erregionalista eskuindarrek haurrak doktrinatzea leporatu diote Hezkuntza Departamentuari. Gauzak horrela, PP, UPN, Ciudadanos eta Vox alderdiak gogor mintzatu dira berdintasuna bilatu nahian sortutako hezkidetza programa honen kontra. Ana Beltranek, PPko Nafarroako parlamentariak, 0 eta 6 urte bitarteko umeei joko erotikoak inposatuko zaizkiela adierazi du. Emakume honek direnak eta ez direnak botatzen ditu bere gustukoa ez den erabaki baten bat lauko gobernuak proposatzen duenean. Halere, ez dizkiogu astakeria guztiak Beltrani leporatuko. Nafarroa Garaiko erregionalistek urteetan izandako botere eta ikuspuntu hegemonikoa kolokan nabaritzen dutenean, inposatu eta doktrinatu hitzak erabiltzen baitituzte inongo zentzurik gabe.

Espainian ere lehengo lepotik daukate burua. Pablo Casadok, PPko presidente berriak, 1985eko abortuaren legea berriz ere indarrean jarri nahiko lukeela adierazi du eta Francoren gorpua dagoen tokian utzi beharko genukeela aholkatu. Jose Maria Aznarrek, Espainiako Gobernuko presidente ohiak, Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarraren burua laudorioz bete du.

Gai kezkagarri eta garrantzitsu anitz ditugu hitz egiteko. Norbaitek pentsatuko du gai transzendentalek eta potoloek gure begitartea ilundu bertzerik ez dutela eginen hilabete beltz honetan. Zabal dezagun solasaldirako gaien abanikoa. Ordua aldatzeko baino, aldatzeko ordua izan daiteke azaroa. Gauzei dagokien garrantzia emateko ordua.