Bide segurua nahi dute

Bide segurua nahi dute

Edurne Elizondo

Ez dago biderik oinezkoentzat; ez dago deus”. Horixe salatu du Orkoiengo bizilagun Cristina Indabereak, herriko auzokideen batzarreko ordezkariak. Karrikara atera dira azken asteotan, herria eta Iruñea lotuko dituen pasabide seguru bat exijitzeko. Eskaera hori ez da oraingoa. Azken hamar urteotan egin dute horren alde Orkoiengo Udaletik, hain zuzen ere. “Herri txikia gara, eta bizilagunok kalean mobilizatzea erabaki dugu, indar handiagoa egiteko”, erran du Indabereak.

Presio horrek emana du bere emaitza jada. Joan den ostegunean jakin zuten Orkoiengo bizilagunek Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko diru saila zehaztu zuela 2019. urterako aurrekontu nagusien proiektuan, pasabide hori egin ahal izateko. “Urrats positiboa da, baina ez da nahikoa, ordea; kalean jarraituko dugu bizilagunok lanean”, azaldu zuen Indabereak, horren berri izan eta gero. Laukoak saila handitzea erabaki du asteon, hain zuzen ere, eta bertze 350.000 euro zehaztu ditu lan hori egiteko. “Kontent” agertu da Indaberea, baina ohartarazi du “adi” jarraituko dutela, lanak “ahalik eta azkarren” has ditzaten. “Obra eslei dezatela, behintzat, hauteskundeen aurretik, proiektua ez gelditzeko”, eskatu du.

Mahai gainean bada Orkoien eta Iruñe arteko PA-30 errepidea arriskurik gabe zeharkatu ahal izateko proiektu bat. Errepide horren gainetik pasabidea egitea da asmo zehatza. Aurrekontua 500.000 eurorena da. Nafarroako Gobernuak du obra hori egiteko eskumena eta ardura.

Orkoiengo bizilagunak gogoratu du, azken urteotan, herritarrek jarri izan dituztela mahai gainean bertzelako konponbideak —pasabidea egiteko obra baino merkeagoak, gainera—, baina atzera bota dituztela. “Parlamentuan izan ginen behin, eta argi esan genuen semaforo bat jartzea ere ontzat joko genukeela, baina alderdiek esan ziguten hori ezin zela egin. Arrazoia zen semaforo batek industrialderako sarbidea mantsotuko lukeela”, azaldu du Indabereak. Orkoiengo bizilagunak argi du herritarren segurtasunak izan beharko lukeela lehentasuna.

Bakartuta

Egun, ez semafororik, ezta zebra biderik ere: errepidea segurtasunez gurutzatzeko ez dago deus. “Oinezkoek arriskurik gabe pasatu ahal izateko ez dago biderik”, salatu du bizilagunak. Eta ez dira gutxi errepidea egunero gurutzatzen duten herritarrak. Orkoiengo D ereduko ikasleek, adibidez, Sanduzelain egin berri duten institutuan jarraitzen dituzte ikasketak. “Oinez, bide motza dute, baina ez da segurua. Busez edo autoz egin behar dute, ondorioz”. Gaztelaniaz aritzen diren ikasleak ere Sanduzelai eta Donibane arteko Pio Baroja institutuan aritzen dira, eta haiek ere behar dute pasabide seguru bat.

Indabereak nabarmendu du eskualdean lotura segururik gabe gelditu den herri bakarra dela Orkoien. “Herri inguruko lur sailetan industrialdeak egin dituzte azken hamarkadetan; hiriburuarekin lotzeko zeuden bideak desagertuz joan dira”. Herria bakartuta gelditu arte.

Horren ondorioz, oinez mugitzen diren herritarrek oinezkoentzako pasabiderik ez duen errepidea gurutzatu behar dute. “Jende asko joaten da Sanduzelaira erosketak egitera; oinez hamar minutu eskasera dago. Jende gaztea ere, udan batez ere, oinez mugitzen da Sanduzelaitik eta Iruñeko beste auzoetatik. Zirkulazio handiko errepidea da, eta premiazkoa da pasabide seguru bat izatea”, erran du.

Indabereak erantsi du garraio publikoak ere ez dituela Orkoiengo bizilagunen beharrak behar bezala asetzen. “Ordu erdi oro pasatzen dira busak. Gehiago behar ditugu”.

Urte hasieran erabaki zuten Orkoiengo bizilagunek ordura arte udalak esparru instituzionalean egindako eskaera karrikara eramatea. Martxoan egin zituzten lehendabiziko mobilizazioak, eta azken asteotan ere hamaika protesta antolatu dute. Lortu dute nahi zutena.

Indabereak gogoratu du herriko udala prest dela 100.000 euro jartzeko pasabidea eraikitzeko. Asteon jakin dutenez, gainera, Iruñeko Udalak ere agertu du diru sail bat bideratzeko asmoa. Indabereak argi du herritarrentzat pasabidea ezinbertzekoa dela, eta badutela errepidea segurtasunez gurutzatzeko eskubidea.

Laukoak zehaztutako diru saila, orain, nahikoa litzateke proiektua martxan jartzeko. Herritarrek, hala ere, oraindik ez dute erabaki mobilizazioak bertan behera utzi edo ez. “Ez dugu dena lortutzat eman nahi; uste dugu presioa egiten jarraitu beharko dugula, behar dugun pasabidea ahalik eta azkarren eduki ahal izateko”.