Iritzia: Hartu kontrola

Lur Albizu Etxetxipia

Jakin-mina daukat, ez dakit nola aterako den. Duela hilabete batzuk entzun genuen lehen aldiz Euskaraldia hitza. Euskararen aldia. 11 eguneko ekimena, euskarak hartuko dituen 11 egun, euskararentzat gorde ditugunak. Ahobiziek eta belarriprestek. Ahobiziak omen ziren 11 egun horietan ahal zuten aukera guztietan euskaraz ariko zirenak, lehen hitza euskaraz eginen zutenak… Belarriprestak omen ziren euskaraz ulertzeko gai zirenak, baina dena euskaraz egitearen hori urrunago zutenak. Jarri horri beste 11 ñabardura, nahi baduzue.

Eta agendan apuntatu genuen: azaroak 23. Abenduak 3. Euskaraldia.

Galderak hasi zitzaizkidan buruan bueltaka. Nola eginen dut? Ahobizi izanen naiz, izan nahi dut, izan behar dut, hautatu dut. Nola eginen dut esaten dena benetan praktikara eramateko? Ausartuko naiz? Aitortuko dut zein zaila egiten zaidan lehenengo hitza ziurtasunik gabe euskaraz egitea? Nola babestuko dut neure burua erantzun txar posible horietatik? Gaizki erantzunen dit inork? Nork? Ausartuko naiz?

Eta batzuetan, abestien letrei gehiegi erreparatzen ez badiegu ere, erantzun batzuk topatzen ahalegindu nintzen:

Hartu kontrola: har dezagun behingoz erabakia geure bizitzen gain kontrola hartzeko. Bai, euskaraz eginen dut, ahalduntze ariketa erraldoia izanen da niretzat; batzuetan asko kostatuko zait, ohiturak aldatzeko lehenengo pausuak emanen ditut.

Aukeratu rola: ahobizi. Beste aukerarik al nuen? Ardura aldetik ere, batzuetan hautuak aldez aurretik eginak daudela eta egon behar direla iruditzen zait.

Esadazu nola: nola, nola… ahal dugun moduan eginen dugu. Energiaz, batzuetan besteetan baina gogo biziagoz. Lotsaz, beldurrez, urduri, pozik, emozionatuta, deskubrimendu berriak eginez, sorpresa txikiak edukiz… neure burua behartuz, indartuz. Jolastuz. Ondokoak bultzatuz.

Egin dezagun froga: egin dezagun proba, ikus dezagun zer egin oztopoekin, eror gaitezen (gorantz eta beherantz). Egin dezagun proba hau, proba erraldoi hau, ariketa kolektibo izugarri hau. Lehen aldia da, lehen aldien berezitasun guztiekin. Beharbada, ez gara guztiz seguru egonen… baina har dezagun gaia, eta jarrai dezagun lanean. Euskara ez baita 11 eguneko hizkuntza. Euskaraz, euskararekin, euskaratik mintzatu, sortu, jolastu, lan egin, ikasi, maitatu eta amets egin nahi dugu; beharra dugu. Berreuskalduntzerako ezinbestekoak gara ahobiziok, belarriprestak eta oraindik harrapatu ez ditugunak ere bai. Saltoa ematea dagokigu; ez dago amildegirik.

Ardurak eta erantzukizunak bana ditzagun: hiztun, euskaldun gisa ditugun moduan, hizkuntza-eskubideak berma daitezen, aitor daitezen egiteke dauden pausoak gogora ditzagun. Abenduaren 4an ere euskaraz jarraitu behar dugulako, baina herritarron behar eta eskubideen zerrendan honek ere egon behar duelako. 2019an Euskaraldia errepikatzen badugu, euskara ofiziala izanen da Nafarroan?

Berriz ere milaka ero lan kolektiboan, mila txokotan, herria egiten eta herria euskaratik eraikitzen. Eskerrak erotuta gauden.