Edurne Elizondo
Harro dira; harro, greba egunak izan duen arrakastarengatik; harro, batez ere, enpresako langile gehienen babesa izan dutelako, eta haien konfiantza lortu dutela sentitzen dutelako. Harro dira beren eskubideen alde lan egiteko altxatu, eta urratsak egiten hasi direlako.
Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako El Houssine Yagoubi eta bertze bost langilek Tafallako LAB sindikatuko kideengana jo zuten, iaz. Amorratuta ziren enpresan zituzten lan baldintza eskasengatik eta sufritzen zuten tratuagatik. “Eskubiderik gabeko langileak” ziren. Egoera hori errotik aldatzeko gogoak eraman zituen LABeko kideengana. Martxan jarri nahi zuten; zutitu, borroka egin, antolatu.
Urte luzea joan da ordutik, eta gero eta gehiago dira Huerta de Peralta enpresan nagusiekin bertzelako lan harremanak ezarri nahi dituzten landa langileak. Iazko irailean, langile batzordea osatzeko hauteskundeak egin zituzten, eta LABen izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei. CCOOk bi eskuratu zituen, eta, bakarra, berriz, UGTk.
LABeko kideen lanak eman ditu lehen fruituak, eta gauzak aldatzen hasi dira jada Azkoiengo etxean. Egindako urratsek eragin dute enpresako nagusien “erantzuna”, halere, eta jasotako zigorrek eta kaleratzeek eraman dituzte langileak grebara. Hilaren 12an egin zuten lanuztea, eta langileen %80k egin zuten bat protestarekin.
“Ez dugu atzera eginen, galtzeko deus ez baitugu. Lan egin nahi dugu, baina baldintza duinetan, gure eskubideak errespetatuz. Eta horren alde borrokan jarraituko dugu”. Langile batzordeko presidente El Houssine Yagoubirenak dira hitzak. Duela sei urte hasi zen Huerta de Peraltan lanean. Arduradun kargua galdu zuen Yagoubik LABeko ordezkari aukeratu zutenean. Langile guztien eskubideen alde lan egiteko gogoa, ordea, ez du galdu. Alderantziz. Aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Martzillako igerilekuko kafetegiko mahai baten bueltan mintzatu da Yagoubi. Ondoan ditu LABeko gainerako bost ordezkarietako lau: Abdellatif Goual, Adil Ahbeddou, Mustapha Ourho eta Hjila Abdesselam. Allal Yagoubi da bosgarrena. “Hemen ondoan egin genuen dena martxan jarri zuen lehendabiziko bilera”, gogoratu dute langileek.
LABeko Tafallako kide Rosalia Bonaren babesa nabarmendu eta eskertu dute. Sindikatuko Erriberako arduradun Ramon Lacalzadaren laguntza ere izan dute azken hilabeteotako prozesuan. Huerta de Peralta enpresako langileak egiten ari diren bideak duen garrantzia nabarmendu du Lacalzadak, hain zuzen ere. “Erriberan landa lanean ari diren guztientzat eredu bilakatu dira”.
Erribera osoko arazo
Erriberan lurra lantzen diharduten langile gehienak dira migratzaileak. Denen egoera ez da Azkoiengo enpresako langileena bezalakoa; lur sail txikiagoetan aritzen dira anitz, eta saretzeko eta antolatzeko aukerarik ez dute izaten. Huerta de Peraltan, berriz, lantzeko lurra dute, eta, ondoan, produktuak merkaturatzeko prestatzeko lantegia. “Azkoienen ehun langile baino gehiago dira; Erriberako lur sail gehienetan ez dute hainbertze langilek bat egiten toki bakar batean, eta anitzez ere zailagoa dute bat egitea eta beren eskubideen alde urratsak egitea”.
Langile gehienek dituzten lan baldintza kaskarrak salatu ditu Lacalzadak. “Hizkuntzarekin arazoak dituzte anitzetan, eta dituzten eskubideak ere ez dituzte ezagutzen”, erantsi du LABeko kideak.
Yagoubik argi du beren lanaren bidez Erriberan landa lanetan ari diren guztien lan baldintzetan eragin nahi dutela. Bat egin dute langile batzordeko gainerako kideek ere. Urte luzez aritu dira Azkoiengo enpresan, eta oraingoak baino garai gogorragoak ezagutu dituzte. “Langile batzorderik gabe ginenean, hamabi eta hamalau orduko jardunaldiak ere izaten genituen; oporrak ez genituen kobratzen, eta, gainera, oihuka aritzen zitzaizkigun nagusiak”, kontatu du Yagoubik. Irainak eta errespeturik eza salatu nahi izan ditu, bereziki. “Oihuka aritzen zitzaizkigun nagusiak; horrek min handia egin dit”.
Langile batzordea osatu eta gero, negoziatzen hasi behar izan du enpresak, eta langileek egin dituzte hainbat urrats. Behin-behineko kontratuak nagusi ziren lehen, adibidez; behin betiko bilakatu dira langile batzordeko kideen presioari esker. Lanaldia murriztea lortu dute, halaber. “Behar dugu lanetik kanpo familiarekin edo lagunekin egoteko denbora; egunean hamalau orduz ari bazara, etxera ailegatu eta ohean sartu bertzerik ezin duzu egin”, erran du Abdellatif Goualek.
Langileen bultzadak, hala ere, enpresaren aldaketarako erresistentziarekin ere egin du topo. Eta LABeko kideek ordaindu dute. “Gure kontra egin dute; langileon arteko batasuna apurtu nahi dute, lehen bezala jarraitu ahal izateko”.
Enpresaren erresistentzia horren ondorio dira maiatzetik izan diren kaleratzeak, langileek salatu dutenez. “Zortzi langile kaleratu dituzte jada; kaleratutako langile guztiak dira LABeko kideon ondoan egon direnak. Argi dago sindikatuaren aurkako zigorra dela”, nabarmendu du Yagoubik.
Duela hilabete bat kaleratu zuten Hjila Abdesselam, LABeko ordezkaria. “Zazpi urtez aritu naiz enpresan lanean”, erran du langileak. Oporretan zela, gaixo agiria eman zion medikuak, bizkarrean zituen arazoengatik. Enpresan aurkeztu, baina kaleratu egin zuten. “Enpresak dio gezurretan ari naizela. Detektibe bat bidali zuten ni zelatatzera”, azaldu du Abdesselamek. Ordezkariaren kaleratzea auzitara eraman du LAB sindikatuak. “Espero dugu lan sindikalaren bidez mahai gainean dagoen arazo hau konpondu ahal izatea, eta langile kaleratuak berriz hartzea”, erran du Lacalzadak.
Urratsak eta arazoak
Kaleratzeak LABeko kideak “zigortzeko” eta langile guztiak “beldurtzeko” erabili dituztela argi dute Yagoubik eta gainerako ordezkariek. Beldur hori sumatzen dutela erantsi dute, eta langile batzordea osatzeko prozesua martxan jarri zutenean ere, beldur hori mahai gainean zegoela onartu dute. Orain, halere, ez dute atzera egiteko inolako asmorik. “Langileak borrokatzeko prest dira, eta horrek ematen digu indarra”, nabarmendu du langile batzordeko presidenteak. Azaldu du sei hilabeteko kontratua duten langile anitzek bat egin nahi izan zutela grebarekin, baina ordezkariek ez egiteko eskatu zietela, lanpostuak babesteko.
Izan ere, urratsak egin arren, egoera ez da, oraindik ere, langile batzordeko kideek nahi luketena. Salatu dute LABeko kideek “arazo anitz” dituztela enpresarekin sortzen diren negoziazio eta gatazketan bertze langileak laguntzeko. “Bulegora hurbildu orduko, ordezkariok ezin dugula sartu erraten digute”, erran du Mustapha Ourhok. Bi urtez oporrik hartu gabe lanean aritu den langilearen adibidea aipatu du: “Bere oporrak eskatzera joan, eta hamabost egun bertzerik ez zizkioten eman nahi; presioa egin behar dugu, dagokiona jaso dezan”.
Aparteko orduen auzia ere ez dela “erabat” konpondu azaldu dute langileek. “Lehen ez zituzten ordaintzen; orain bai, baina ez beti”. Egoera “hagitz mingarriak” gertatu direla erantsi du El Houssine Yagoubik, eta halakoek ematen dutela enpresaren benetako jarreraren neurria: “Aita gaixo zuela abisatzeko deia jaso zuen langile batek, behin; opor egunak eskatu, eta gezurretan ari zelakoan, ez zizkioten eman. Egun bereko ilunabarrean zendu zen langile horren aita”. Horrelako egoeren kontra egin nahi dute langileek. Duintasunez lan egin. Horretan ari dira.