Edurne Elizondo
Borondate eta konpromiso politikoa behar da, lehenik eta behin, indarkeria matxistari aurre egiteko. Baina hori ere ez da nahikoa. “Konpromisoek, egia bilakatu ahal izateko, aurrekontua behar dute”. Horixe erran du Elena Saura ekonomialari feministak, Iruñean. Zehazkiago, nabarmendu duenez, lege bilakatutako neurriak benetan eraginkor izan daitezen, “ezinbertzekoak” dira neurri horiek bete ahal izateko diru sailak. Paperak dirua behar duela lagun, alegia. Indarkeria Sexistaren Aurkako Nafarroako Plataformak antolatutako bilkura sozialean mintzatu da Saura, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.
Saurak, zehazki, Nafarroan indarkeria matxistari aurre egiteko indarrean dauden legeetan jasotako konpromisoak aztertu ditu, eta, aldi berean, konpromiso horiek bete ahal izateko Nafarroako Gobernuak 2019rako prestatu duen aurrekontu nagusien proiektuan jasotako diru sailak jorratu ditu. Ondorio nagusia da baliabide gehiago behar direla indarkeria matxistaren aurka lan egiteko.
Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeekin lan egiten duten profesionalek baieztatu dute behar hori benetakoa dela. Egun jada baliabideak urriak direla, alegia. Bilkura sozialean parte hartu dute Olga Aroz gizarte langileak eta Izaskun Esparza gizarte hezitzaileak. Azaldu dute indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko hiru baliabide nagusi daudela herrialdean: larrialdietarako zentroa, harrera etxea eta egoitza etxea. “Baliabide guztiak daude azpikontratatuta, eta ez dira nahikoa”, salatu dute.
Saurak argi du kanpora ateratzeak kalte egiten diela zerbitzuei. Bat egin du Arozekin eta Esparzarekin, eta azpikontratazioaren bidea ez du, inondik inora, egokitzat jo.
Hori aipatu du arazo orokor gisa. Aurrekontu proiektuak zehaztutako sailei so eginez, berriz, arloz arloko egoera jarri du mahai gainean ekonomialari feministak. Hezkuntzaren esparruan, Saurak nabarmendu du departamentuaren aurrekontuaren %0,05 bertzerik ez dela hezkidetzarako eta genero berdintasunerako. Nafarroan indarkeria matxistaren aurkako legeak jasotzen ditu konpromiso zehatzak hezkuntzaren alorrean, bertzeak bertze irakasleen formakuntzarako, curriculumak egokitzeko, indarkeria matxistak jotako haurrak eskolaratzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko.
Saurak gogoratu du Nafarroan 10.000 irakasle baino gehiago daudela lanean unibertsitatetik kanpoko hezkuntzaren esparruan, eta, denera, 106.800 ikasle baino gehiago artatzen dituztela. “Departamentuaren aurrekontuaren %0,05ak, beraz, ekartzen du eskujokoak egin behar izatea konpromisoak bete ahal izateko”, erran du Saurak.
Formakuntza, kolokan
Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloak ere jorratu ditu ekonomialari feministak. Legean jasoa dago indarkeria matxista antzemateko estrategiak martxan jartzea, bai eta indarkeria sufritzen duten emakumeak artatzeko planak egitea, profesionalak trebatzea eta protokoloak prestatzea ere. “Legeak arreta osoa bermatzen du, eta horrek ekartzen du emakumeen osasun fisiko eta mentala zaintzea, bai eta emakumeon beharrak kontuan hartzea ere ekonomiaren, etxebizitzaren eta enpleguaren arloetan”, erran du Saurak.
Ekonomialariak mahai gainean jarri ditu Osasun Departamentuak zehaztutako diru sailak: formakuntzarako, 370.000 euro jasotzen ditu aurrekontuen proiektuak. “Ez dago zehaztuta, halere, formakuntza hori benetan izanen ote den indarkeria sexista guztien biktimak identifikatzeko eta artatzeko eduki espezializatuen ingurukoa”, azaldu du Saurak.
Gizarte Eskubideen Departamentuaren esku gelditzen den esparruan ere bada zer hobetu, ekonomialariaren hitzetan. “Legeak dio osatu arte duela emakumeak arreta soziala jasotzeko eskubidea. Aipatzen da gutxieneko neurriak jarriko direla martxan indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, eta jasoa dago, halaber, formakuntza garatzeko programazioa eginen dela”. Helburu edo konpromiso horien inguruan inolako zehaztasunik ez du aurkitu Saurak aurrekontu proiektuan. “Aipamen zehatzik ez dago Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurrekontuan”. Saurak erantsi du Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sailak baietz, jasotzen duela emakumeei harrera egiteko baliabideen kudeaketa (608.680 euro) eta bertze hainbat laguntza (143.000 euro). “Gizarte zerbitzuetako profesionalentzako formakuntza espezializaturako dirurik ez dago, ordea”, salatu du.
Segurtasunaren eta laguntza juridikoaren arloa ere aztertu du Saurak. Arlo horietan ere Nafarroako legeak jasotzen du formakuntza bermatzeko konpromisoa. “Aurrekontuetan Foruzaingoaren ikastaroak aipatzen dira, baina ez, zehazki, indarkeria matxistaren ingurukorik. Diru saila 5.000 eurorena da. Genero indarkeriaren aurkako segurtasun zerbitzuen inguruko aipamen zehatza bada, bertzalde, baina kopurua hamar eurorena baino ez da”. Pleno sozialean parte hartu duten bertze hainbat profesionalek gogoratu dute, gainera, salaketa jartzeko ere zailtasunak badirela Foruzaingoan, indarkeria matxistari aurre egiteko talde bereziak dituen baliabideak “urriak” direlako.
Justiziaren esparruan ere kopuruak ez dira hagitz handiak, Saurak agerian utzi duenez: departamentuak 375.000 euroren saila du indarkeria matxistaren auzirako. “Bere aurrekontuaren %0,01”.
Parlamentuan beren bidea egin behar dute 2019rako prestatutako aurrekontuek, behin betiko onartu baino lehen. Gobernua osatzen duten taldeei “gogoeta” egiteko eskatu die Saurak. “Aurrekonturik gabe, konpromisoak asmo bilakatzen dira”. Eta asmoak ez dira nahikoa.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku