“Autonomia eman behar diogu ikasleari, bai eta ardura ere”

“Autonomia eman behar diogu ikasleari, bai eta ardura ere”

Edurne Elizondo

Finlandiari egin dio so Aitzol Lasak (Barañain, 1978), bere azken liburua osatzeko. Han hezkuntzaren inguruan dagoen gizarte-kontsentsua nabarmendu du.

Zergatik aukeratu duzu Finlandia ispilu gisa?

Prentsan agertu delako Finlandia, gutxienez, bitan, azken urteotan. 2006. urtean, Nafarroako datuak oso txarrak izan ziren irakurketaren esparruan PISA azterketan. Berrikiago EAEn gertatu da, berriz ere, 2015ean. Matematikan eta irakurketan emaitzak txarrak izan ziren. Aztertzen duzunean PISAren atzean zer dagoen, ohartzen zara indize horien atzean ez dagoela modurik jakiteko ikasleek, zehazki, zertan egiten duten huts, eta zer hobetu behar duten. Finlandiako emaitza onak aztertu nahi horretan ohartzen zara indizeak baino hobe dela aztertzea hezkuntzari eragiten dioten kanpo faktoreak zeintzuk diren. Kasu honetan, gizartearen zenbait ezaugarri, hezkuntzaren historiari buruzkoak… PISA alternatibo bat egiten da liburuan.

Benetako PISAri buruz, tresna izan beharrean, helburu bilakatu da?

Nafarroan bada adibide bat. 2006ko emaitza txarrei buelta emateko, irakurketa programa bat jarri zuten martxan. Baina hori ahaztu egin da. Joan zaitez ikastetxe batera, eta galdetu azken oposizioak gainditu dituen irakasle bati 2006ko irakurketa planari buruz. Inork ez daki deus, memorian galdu da. Eta beldur naiz orain lau haizeetara zabaldu duten EAEko irakurketa planarekin gauza bera gertatuko den. Horrekin alderatuta, Finlandiak egiten duena da PISA erabili.

Nola?

Erabiltzen dute PISA hezkuntza ikuskaritzaren ordezko gisa. Proposa ezazu hemen hezkuntzaren kontrol administratibo hori bertan behera uztea. Horrek sekulako iskanbila sortuko luke. Hemen pentsaezina da eskola ikuskaritza kentzeko aukera. Bada, Finlandian kendu zuten.

Eta ongi funtzionatzen du?

Hor daude datuak. PISA erabiltzen dutelako ikuskaritza horren ordezko gisa. Erabiltzen dituzte datuak hobekuntza planetarako.

Udalen parte hartzea da Finlandiako sistemaren ezaugarrietako bat. Eskolak unibertso bakartu gisa ez hartzeko lana errazten du horrek?

Duela gutxi, Inma Erreari galdetu zioten ea nola zaletu zen irakurketarekin eta nola bilakatu zen idazle. Erreak esan zuen ikastetxeko liburutegiko liburu guztiak irakurri zituela. Ez omen ziren asko. Deigarria iruditu zitzaidan Erreak esandakoa; Finlandian, segur aski, liburutegirik ez da izanen ikastetxeetan, ikasleak joanen direlako udal liburutegira, eta hango funtsa erabiliko dute beren irakaskuntza proposamenetarako. Hor dago aldea, hain zuzen. Gizarte zerbitzu guztiek bat egiten dutela. Hemen, berriz, ematen du ikastetxe barruan gertatzen denak lau pareta horien artean gelditu behar duela. Helsinkin, adibidez, Heureka izeneko zientzia museoa dago, eta ikasleek hango laborategiak erabiltzen dituzte. Administrazio berak ordaintzen du dena, eta, horren ondorioz, dauden baliabideak denentzat dira.

Finlandian irakasleen formakuntzak duen garrantzia nabarmendu duzu liburuan.

Hemen ohikoa da unibertsitatean lanbide bat ikastea, eta, gero, ez baduzu lanik topatzen edo ez baduzu gustukoa, bigarren aukera gisa edukitzea irakaskuntza. Hori hartzen dugu normaltzat. Han, berriz, pentsaezina da; behar dituzu berariazko bost ikasturte egin unibertsitatean izateko bai lehen hezkuntzako, bai bigarren hezkuntzako irakasle ere. Ez diote edonori uzten ardura hori hartzen. Guk hemen medikuntzarekiko dugun gizarte kontsentsua, han irakasleekiko ere badute. Ez diote edonori uzten beren haurrekin gelan sartzen.

Horrek zer ekartzen du?

Han ikusten da ratioak oso ongi antolatzen dituztela. Haur hezkuntzan, adibidez, heldu bat dago bost haurreko. Hamabosteko gela batean hiru heldu egonen lirateke. Horrek ez du esan nahi hirurak irakasleak izanen direnik. Bat izanen da irakasle titularra, beste bat izan daiteke irakasle laguntzailea, eta beste bat izan daiteke udal langile bat. Irakurketa lantzeko, adibidez, liburutegiko langile bat sar daiteke; edo osasunarekin lotutako zerbait jorratzeko, osasun etxeko bat. Irakasleen formakuntza, gainera, osoa da.

Zer erran nahi duzu?

Adibide bat aipatuko dut. Orain, ebaluazioa egiten ari dira irakasleak. Klaustro guztietan esanen dizute badela irakasleren bat giro txarra sortzen duena. Hori oso ohikoa izaten da. Irakasle bat izan daiteke ona ikasgelan, eta ona bere diziplinan, baina gaizki moldatu kudeaketan edo gurasoekin harremanak lantzerakoan. Hori guztia, Finlandian, sartzen da irakaslearen oinarrizko prestakuntza horren barruan. Eta hemen birziklatuta sartzen ditugunez irakasleak ikastetxeetara, elementu horiek galdu egiten dira.

Hezkuntzaren arloan gizarte-kontsentsu hori lortzeko zer behar da?

Finlandiako hezkuntzaren historiari erreparatuta, kontsentsu hori eraikita dago nazio eraikuntzaren gainean. Akaso hori da guri falta zaiguna kontsentsu hori izateko. Hezkuntzaren bitartez bilakatu zuten hizkuntza gutxitu bat nazio hizkuntza, estatu hizkuntza. Baliabide ekonomiko eskaseko herria denez, gainera, irakaskuntzaren bidez saiatzen dira etorkizuneko belaunaldiak ahalik eta hobekiena prestatzen herrialdeak aurrera egin dezan.

Hezkuntza bera produktu bilakatu dute, nolabait erranda. Jazarpenaren aurkako Kiva programa saltzen dute, adibidez. Zer deritzozu?

Hezkuntza merkantilizatuta dagoela esaten dugunean hori esan nahi dugu, hezkuntza produktuak sortzen direla, frankiziak. Gu gaude beste aldean. Besteen frankiziak kontsumitzen ditugu.

Finlandian, ikasleak daude erdigunean. Hemen, bertzelako rol bat betetzen dute?

Hemen, rol pasiboa dute ikasleek. Hartzaile dira. Ematen zaien kontsigna da isilik egon daitezela. Finlandian tutorea da ikaslearen laguntzailea. Tutorearen ardura da bilatzea haurrak zer-nolako interesak eta indarguneak dituen, eta horiek sustatzea; eta hautaketan laguntzea. Ardura handia da. Ikasleak hautatu egin behar du, eta hautatutako horrekin kontsekuente izan.

Alda daiteke hemengo egunerokoa?

Nik hainbat ondorio jarri dut mahai gainean. Batetik, tentuz jokatu behar dugula frankiziekin. Bilatu behar da eskolaren baitan dauden elkarte eta kolektibo guztien arteko elkarlana. Egon dadila eskola auzoan eta herrian barneratua. Erdigunean ikaslea jarri behar dugu; autonomia eman behar diogu, bai eta hartzen dituen erabakien gaineko ardura ere. Hizkuntza ereduen inguruan ere gogoeta egin behar dugu, eta egungo kaosa gainditu.