Ane Eslava
Eguberrietan urteko gainontzeko sasoietan baino gehiago kontsumitzeko ohitura dago: haurrek jostailu asko jasotzen dituzte, eta lehenago zituztenak bota egiten dituzte. Erostea, erabiltzea eta botatzea oinarri duen kontsumo eredu horrek kezkatu egiten ditu Emausko Trapuketariak. Horregatik, urtero, milaka jostailu biziberritzen dituzte, eta Eguberrietako azoka berezian jartzen dituzte salgai, haur guztiek opari bat jaso dezaten. Amaia Olaberri (Donostia, 1982) da antolatzaileetako bat, eta azken asteetan buru-belarri aritu da azoka prestatzen. Ekinaldiak gero eta arrakasta handiagoa duela ziurtatu du: “Ondoko kaleraino heltzen da ilara”. Atzo ireki zuten azoka, Arga Ibaia kalean duten Triki Traku dendan, eta jostailu guztiak saltzen dituztenean itxiko dute.
Nola prestatzen duzue jostailuen azoka berezi hau?
Guk, Emausko Trapuketarietan, jostailu asko jasotzen ditugu, egunero-egunero. Gauza guztiekin egiten dugun moduan, horiek prestatzen ditugu, berrerabili ahal izateko, eta gure dendetara bidaltzen ditugu. Baina jostailu bereziak edo hobeto daudenak gorde egiten ditugu, salmenta berezi honetan ateratzeko. Hautatzen ditugun horiek mimo handiz garbitzen eta prestatzen ditugu, berriak balira bezala gera daitezen.
Zenbat jostailu saltzen dituzue?
Salmenta honetarako kalkulatu dugu 5.000 jostailu inguru aterako ditugula. Orokorrean, jostailu normalak dira, edozein dendatan aurkitzen dituzun jostailu arruntak: panpinak, puzzleak… Baina Lego-ak eta Playmobil-ak gorde egiten ditugu, eta bakarrik salmenta honetan ateratzen ditugu. Gero, badugu txoko bat bildumazko eta antzinako jostailu batzuekin, eta beste txoko berezi bat haurrentzako liburutxoekin. Eta mozorro batzuk ere baditugu, Gabon zahar egunerako.
Zein helbururekin antolatzen duzue azoka hau?
Batetik, Eguberrietan haur guztiek jostailu bat jaso ahal izateko, eta, bestetik, kontsumo ereduen inguruko kontzientziazioa zabaltzeko. Guk urte osoan zabaltzen dugun mezua da: mesedez, ez erosi hainbeste. Izan ere, hona iristen dira, egunero-egunero, jostailuz betetako hogei kamioi inguru; hori ez da normala. Guretzat eta ingurumenarentzat onena da ez kontsumitzea, hondakin gutxiago sortzeko. Bigarren aukera da berrerabiltzea; alegia, erosten badute, bultzatzen dugu bigarren eskuko gauzak izatea. Adibidez, hemen salduko ditugun jostailuak, zabor bihurtu beharrean, kutsatu beharrean, berriro aprobetxatuko dira. Azkenik, hirugarren aukera birziklatzea da.
Ekonomia zirkularra bultzatzen duzue, beraz.
Bai, ekonomia zirkularra gaur egun modan dago, eta Emausko Trapuketariok aitzindariak gara horretan. Ekonomia zirkularrak hautsi nahi du erostea, erabiltzea eta suntsitzea oinarri duen ekonomia eredua, eta bultzatzen du objektuak berreskuratzea, berrerabiltzea eta birziklatzea, horiek beren erabilgarritasun zikloetara itzularazteko. Guk 46 urte daramatzagu hori egiten, biltzen ditugun objektuekin.
Eguberrietan, jostailuen kontsumoa bereziki handia da?
Bai. Datuak begiratzen, ikusi dut Espainiako Jostailuen Fabrikatzaileen Elkarteak dioela urte osoan erosten diren jostailuen %75 orain erosten direla, Eguberrietan. Gainera, berriak erostean, zaharrak bota egiten dituzte: guri, urtarrilean, bereziki, jostailu asko heltzen zaizkigu.
Azokarekin, Eguberrietako kontsumo ohituren inguruko gogoeta bultzatu nahi duzue?
Bai, beti saiatzen gara hori egiten, egunero; baina, justu data hauetan gehiago kontsumitzen denez, animatzen dugu jendea beste gauza batzuk egitera, ez bakarrik kontsumitzera.
Opari asko jasotzean, umeek ohitura txarrak har ditzakete?
Bai, eta gure esku dago zer balio transmititzen diegun gure seme-alabei. Lehenbizi, erakutsi behar diegu ez dutela hainbeste gauza behar. Gainera, haurrek edozein gauzarekin, irudimena erabilita, aski dute disfrutatzeko: harri batekin jolasten dira, eta jostailu berria alde batera uzten dute! Bestalde, guk adibide izan behar dugu. Guk egunero erosten badugu zerbait, txikiei hori irakasten diegu.
Gainera, jostailu guztiek ez dituzte balio onak transmititzen.
Hori da. Ongi begiratu behar dugu zer oparitzen diegun haurrei, eta zein balio transmititzen dizkiegun opariekin: eros dezakegu arma bat, edo jostailu hezigarri bat.
Jostailu askok balio sexistak transmititzen dituzte, ezta?
Bai. Zorionez, gaur egun, jada ez dira neskentzako eta mutilentzako jostailuak egiten; guztiak jolas daitezke jostailu berdinekin, geroz eta gehiago. Baina oraindik lan handia egin behar da.
Zuek zaintzen duzue azokan saltzen dituzuen jostailuak hezigarriak izatea?
Guk, printzipioz, jasotzen dugu denetarik, eta denetarik saldu; aukera ematen diegu jostailu guztiei. Baina, hori bai: argi uzten dugu edozeinek erabil ditzakeela jostailu guztiak, neska ala mutil izan. Mezuak ere jartzen ditugu salmentan horren inguruan.
Aurtengoa zazpigarrena da. Nola aldatu da hasieratik?
Lehenbizikoa ez zen izan bakarrik jostailuena, gauza gehiago saldu genituen, baina hasi ginen saiakera egiten orain dela zazpi urte, jostailu asko jasotzen genituelako. Poliki-poliki hobetuz joan gara, eta azken hiruzpalau urteetan salmentak indar handia hartu du. Azken aldietan oso ongi prestatu dugu, oso txukun; sartzen zara, eta badirudi jostailuen denda arrunt batean zaudela.
Nolakoa izaten da jendearen harrera?
Oso ona. Bereziki azken hiru edo lau urteetan, jende asko etorri da, eta jostailu pila bat saldu ditugu. Lehenbiziko egunean egiten den ilarak kale guztia okupatzen du, eta ondoko kaleraino heltzen da. Egon behar dugu kontrolatzen sartzen eta irteten den jendea. Gero, hurrengo egunetan, lasaitu egiten da pixka bat, baina egunero saltzen ditugu jostailuak.
Horregatik ez duzue jarri amaiera data zehatzik?
Hori da. Azoka hilaren 13an hasi [atzo], eta jostailuak amaitzen direnean bukatuko da. Lehen jartzen genuen bukaera data bat, baina, azken urteetan, data heldu baino lehenago amaitzen ziren. Horregatik, aurten erabaki dugu mugarik ez jartzea, bestela ez garelako helduko.
Azoka honetaz gain, jostailuekin lotutako beste ekintzarik egiten duzue?
Egunero, gure Berriozarko egoitzan, eskolen bisitak jasotzen ditugu, eta horietan, haurrekin lantzen dugu ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua. Esaten diegu gure bizitza pozik bizi ahal izateko ez ditugula behar gauza materialak, baizik eta beste motatako gauzak: askatasuna, berdintasuna, errespetua, maitasuna, harremanak…