Eredua aldatzeko beharra

Eredua aldatzeko beharra

Edurne Elizondo

Ez gara gure lana ongi egiten ari. Gaitasunik eza erakusten dugu pertsona bat lotzen edo gogoz kontra ospitaleratzen dugunean. Gaitasunik eza profesional gisa, bai eta gizarte gisa ere; gure balioak huts egiten ari dira, eta bada garaia neurriak hartzeko”.

Elena Beristain gizarte langileak erran ditu hitzok, Nafarroako Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformak antolatutako lehendabiziko jardunaldian. Iruñean egin dute, asteon. Bat egin dute, eztabaidatzeko asmoz, buruko osasun zerbitzuotako profesionalek eta erabiltzaileek, eta gai zehatza jarri dute mahai gainean: erabiltzaileok lotzeko eta beren gogoz kontra ospitaleratzeko edo tratamenduak emateko sistemak. Beristainek uste du halakoek ereduaren porrota erakusten dutela. Giza eskubideak urratzen dituztela nabarmendu dute, berriz, lotu eta behartu dituztenek, eta pertsonak prozesuaren erdigunean jartzeko beharra onartu dute profesionalek. Eredua aldatzekoa, alegia.

Eztabaidari eusteko garai egokia da, kontuan hartuta Nafarroako Gobernua 2019-2023rako III. Buruko Osasunerako Plana prestatzen ari dela. Lehendabiziko agiria prest du jada Osasun Departamentuak, eta berriki plazaratu du. Orain, ekarpenak egiteko garaia da, testuak Nafarroako Parlamenturako bidea hartu baino lehen. “Oro har, aurreko planen bide beretik doa oraingoa ere”, laburbildu du Jose Antonio Intxauspe psikiatra eta plataformako kideak.

“Ontzat” jo du planak helburu gisa hartu izana inor ez lotzea, eta buruko osasun zerbitzuetan eskaintzen den arreta humanizatu nahi izatea. Kezkatzeko arrazoiak ere badirela erran du Intxauspek, halere. “Tratamendu eta protokolo zurrunak ezartzen dira; diagnostiko bera duten bi pertsonaren kasuan, tratamendu bera ona izan daiteke batentzat, eta txarra bestearentzat; alternatibak behar ditugu, ez protokolo bakar bat, denei berdin ezartzeko”, erran du psikiatrak.

Gobernuaren plana ez da mahai gainean dagoen testu bakarra; bada Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformako kideen kezka piztu duen bertze agiri zehatz bat: Oviedoko Hitzarmenaren Protokolo Gehigarria izenekoa, alegia. Oviedoko Hitzarmena Europako Kontseiluak bultzatutako akordio bat da, giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzkoa. Orain mahai gainean jarri duten protokolo gehigarriaren asmoa da nahi gabeko tratamendu anbulatorioa baimentzea.

“Giza eskubideen esparruko erakundeak eta erabiltzaileen elkarteak protokolo horren kontra agertu dira, argi eta garbi”, erran du Intxauspek. Espainiako Gobernuari eskatu diote ez dezala sinatu, hain zuzen ere.

Gobernuak esku artean duen buruko osasunerako plan berriak ez du protokoloari buruzko aipamenik jasotzen. Intxauspek ohartarazi du, halere, aipamenik eza ez dela protokolo horren aurkako berme. Ezagutarazi du irailean barne jardunaldi bat antolatu zuela Osasun Departamentuak, eta lan saio horretan Oviedoko Hitzarmenaren Protokolo Gehigarriaren auzia jorratu zutela. “Epaile bat etorri zen, eta defendatu zuen nahi gabeko tratamendu anbulatorioa ezartzeko aukera”, azaldu du psikiatrak.

Egun, Nafarroan, horrelakorik ez da egiten. Gertatzen dira, halere, gogoz kontrako ospitaleratzeak. “Jardunaldira etorri zen epaileak horrekin lotu zuen nahi gabeko tratamendu anbulatorioa ezartzeko aukera, hain zuzen ere”, argitu du Intxauspek.

Ospitaleratzea tratamendu anbulatorioa baino neurri gogorragoa litzateke, eta gehiago mugatuko luke zerbitzuko erabiltzaileen askatasuna. “Gehiago mugatzen duena onartzen bada, hainbeste mugatzen ez duena ere ontzat ematen dela uler daitekeela adierazi dute protokoloaren aldekoek”, erran du Intxauspek. Gaia “pil-pilean” dagoela erantsi du psikiatrak, eta “adi” egoteko beharra badela, ondorioz.

Beharra bada, batez ere, buruko osasunaren auzian “giza eskubideen betaurrekoak” jartzeko. Horixe nabarmendu du Irene Muñoz abokatuak, Iruñean egindako jardunaldian. Espainiako Buruko Osasunaren Konfederazioko kidea da, eta gogoratu du Nazio Batzuen Erakundeak ezintasun psikosoziala dutenen eskubideak bermatzen dituela. Aniztasun mentala dutenak lotzeak, edo gogoz kontra ospitaleratzeak edo tratamendua emateak ekartzen du beren giza eskubideak urratzea.

Horixe berretsi du Mejorana elkarteko kide Manuel Vazquezek, argi eta garbi. Aniztasun mentala duten pertsonen elkartea da Mejorana, eta beren ahalduntzea bultzatzeko egin du lan, azken urteotan. Giza Eskubideak eta Buruko Osasuna plataformako kide eta sustatzaile ere bada Mejorana. Jardunaldian hartu du hitza Vazquezek, eta han direnei zuzen erran die: “Hemen gauden hainbat pertsona torturatu egin gaituzte; hemen zaudeten anitzek lantoki duzuen espazioetan torturatzen dute”.

Buruko osasunaren esparruan ari diren profesionalei galdera zehatza egin die Mejoranako kideak. “Noiz arte onartuko dugu hau gertatzea?”. Gogoratu nahi izan du lotuta hildako azken pertsona: Bartzelonako 27 urteko gizon bat. Polizia etxera joan zen, gogoz kontra ospitaleratzeko. Lotuta hil zen. “Denbora kontua baino ez da hemen antzeko zerbait gertatzea”, erran du Vazquezek.

Orain arte, daturik gabe

Orain arte, Nafarroako ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan lotzeko sistemak zenbat eta nola erabiltzen zituzten jakiteko daturik ez zen. Nafarroako Gobernuak urte hasieran erabaki zuen informazio hori jasotzen hastea. Otsailetik dituzte unitate horietan datuak hartzeko fitxak. Intxauspek nabarmendu du, halere, datu horiek ezagutzeko “zailtasunak” izan dituela plataformak. Ekainean eskatu zituen, aurreneko aldiz, eta gobernuaren ezezkoa jaso zuen, interesekoak ez zirelakoan. Plataformak Nafarroako Gardentasun Batzordera jo zuen, ondorioz, eta haren bidez jaso ditu datuak, azkenean, hil honetan.

Urriaren 31ra bitarte, gogoz kontrako 162 ospitaleratze gertatu dira Nafarroako zentroetan; Ospitaleratze psikiatriko guztien %22, alegia, 746 izan baitira denera. Ospitaleratze horietako hainbatetan zerbitzuko erabiltzaileak lotu egin dituzte profesionalek: ospitaleratzeen %16,2tan, ekainean; %25,2tan, berriz, abuztuan. Gizonak lotu dituzte, batez ere: %57 izan dira. Asaldura aipatu dute profesionalek pertsonak lotzeko arrazoi nagusi gisa. “Ez da batere kontzeptu objektiboa”, azaldu du Intxauspek.

Pertsona bat lotzeak ekartzen duen guztia nabarmendu du psikiatrak. Mejorana elkarteko Sandro Iabonik bere esperientziaren berri eman du, hain zuzen ere, jardunaldian parte hartu dutenek uler dezaten lotzea zer den.

“Gogorra” egin zaio hitza hartzea Mejoranako kideari, baina “beharrezkotzat” jo du. Opor batzuen bueltan psikiatrarekin hitz egin eta gero erabaki zuen Iabonik, bere kabuz, ospitaleratze psikiatrikoko unitate batera joatea. “Hobera egiteko asmoz”. Gogoratu ditu oporretako antsietate eta izu krisiak, bueltan sentitu zuen ezinegona, eta psikiatrarekin egon eta gero sinetsi zuela ospitalean osatuko zela.

Kontrakoa gertatu zitzaion. “Ustez hobeki nintzelako senda-agiria eman zidatenetik, haluzinazioak eta eldarnioak baditut, eta ahotsak entzuten ditut”. Unitatean pasatakoa jo du Iabonik bere egoeraren erantzule. “Gaizki nengoen, nahastuta, psikologoarekin hitz egin nahi nuen, baina ez nuen aukerarik. Une batean, lurrean eseri nintzen. Langile batek handik altxatzeko erran zidan; nik ez nuen nahi. Bertze pertsona bat etorri, eta bien artean eraman ninduten. Lotu egin ninduten ohera. Gerritik gora ezin nintzen mugitu”.

Lotu zuten gelara sartu baino lehen, handik ateratzen ziren oihuak entzun zituen Mejoranako kideak. “Nik ere oihu egin nuen, baina neure baitarako: bustita nengoen, lotsatuta”. Iabonik gogoratu du gertatu zenak “gizatasuna kendu” egin ziola. Eta bazuela, bertze deus baino gehiago, norbaitek errateko zuena entzuteko beharra.

Jardunaldira joan direnen artean psikologo batek “hunkituta” hartu ditu Mejoranakoaren hitzak. “Zuek psikologoak eskatzen dituzue; deitzen gaituzue, baina gu ezin gara joan”, salatu du. “Esparru publikoan toki txikia betetzen dugu, eta horrek frustrazioa eragiten digu”.

Dibertsitate mentala dutenek Iabonirekin bat egin dute, plataformak antolatutako jardunaldian. Entzun ditzaten behar dutela erran dute. Malgutasuna eskatu dute prozesuetan, eta zerbitzuetako erabiltzaileen borondatea kontuan hartzea. Profesionalek ere beharrezkotzat jo dute egungo zurruntasuna bazter uztea. Hainbat herritan erabiltzaileak lotzeko sistemarik ez dela nabarmendu dute. Badirela psikiatriaren esparruan bertzelako bideak. “Lantaldea osatu behar dugu profesionalok eta erabiltzaileek”, berretsi du Elena Beristainek. Elkarrekin aritzeko beharra badutela. Irene Muñoz abokatuak gogoratu du giza eskubideen betaurrekoak erabiltzeko beharra ere badela. “Bihar ni izan naiteke buruko osasun zerbitzuetako erabiltzaile; nahiko nuke ohe batera lotzea?”.