Jon Barberena Ibarra
Pasa den astean barrideak erran zidan aspaldian ez zela medikuarenerat joan. Berak ba omen daki izartxoz betea izanen lukeela informea odolaren analisia eginez gero. Egunerokoan daraman bizimodu sedentarioak, eta jateko eta edateko dituen ohitura txarrek begi-bistan uzten omen dituzte medikuak inoiz idatzi gabeko emaitzak. Beraz, bere iduriko, orratz zorrotz baten ziztada sufritzeak ez luke kontu berririk ekarriko. Agerikoa dena nabarmentzeko bakarrik balioko luke analisiak; anitzetan errentagarriagoa omen da gezur ttipien itzalpean babes hartzea, borobilegiak suerta dakizkigukeen egietan kiskaltzea baino.
Odolaren analisiak ez, baina analisi politikoek indarra hartu dute duela guti Espainia aldean, Andaluzian, egin diren hauteskundeetan. Bertan, Voxek lortutako emaitzak ikusi eta gero , PPNk eta UPNk fite egiten dute euren irakurketa. Agerikoa zen, begi-bistakoa, baina nahiago nuen deus ikusi eta aditu ez banu. Banekien, gurean, zenbait alderdi politiko demokrataren boto kopurua hanpatzen zela ultraeskuindarren botoen laguntzarekin. Hala ere, disimuluan eta zeharka, UPN eta PPN ezkutatzen saiatzen ziren muturreko bozkatzaileon babesa. Azken aldian, disimulu eta lotsarik gabe dabiltza Nafarroako zenbait parlamentari.
Ana Beltranen solasek ez naute harritu, eta hauteskundeen ondoren, Voxekin elkartzeko prest legokeela adierazi du. Gehiago kezkatu naute Sergio Sayasen solasek, ordea. UPNkoak argi utzi du ez duela inoiz hitzarmenik sinatuko alderdi politiko abertzaleekin, eta litekeena dela Voxekin etorkizun hurbil batean adostasun batzuetara ailegatu, eta eskutik hartuta joatea. Beraz, UPN prest legoke Vox bezalako alderdi xenofobo, homofobo eta faxistarekin elkartzeko; etorkinak kanporatu nahi dituztenekin eta Berdintasunaren Legearekin akitu nahi dutenekin bidea egiteko. To! Nafarroako foruen defendatzaile sutsuak omen diren Navarrisimoak foruak desagerrarazi nahi dituztenekin elkartzeko prest agertu dira.
Bitartean, Nafarroako Hezkuntza Kontseilaria, Maria Solana, bizkartzainekin dabil Skolae hezkidetza plana aitzinerat ateratzeagatik. Hezkidetzan eta berdintasunean oinarritutako balioak ikasgeletarat eraman nahi direnean, jazarpena sufritu du. UPNk eta PPNk umeak doktrinatu nahi direla lotsagabe diote, eta Eliza ere ez da isilik gelditu. Zenbait apezek solasaldiak eman dituzte berdintasunean oinarritutako plan honen kontra. Elizak lehengo lepotik du burua, eta gustatzen zaio beldurra hedatzea eta askatasunari kotak paratzea.
43 urte pasatu dira Franco diktadorea hil zenetik, baina bere balioek bizi jarraitzen dute. UPN, PPN eta Eliza kontent. Agerikoa eta begi-bistakoa zena nabarmentzeko bakar-bakarrik balio izan du Andaluziako hauteskundeen analisiak. Agian, egiak borobilegiak direlako, erosoago nenbilen haien eguneroko gezur ttipien itzalpean, baina Sergio Sayasen solasek orratz zorrotzenen pare ziztatu naute. Alderdi politiko hauek politikoki zuzenak ez diren kontuak erraten adituko ote ditugu hemendik maiatzerat?