Aritz Aiesa: “Planta egiteak ez du esan nahi landa eremuan beste bideak ez garatzea”

Aritz Aiesa: “Planta egiteak ez du esan nahi landa eremuan beste bideak ez garatzea”

E. Elizondo

Iruñerriko Mankomunitateko presidentea da Aritz Aiesa. Hondakinen kudeaketari buruz egindako urratsen berri eman du.

9,7 milioi euro gorde dituzue Imarkoainen lur saila erosteko?

Bai. Baina urrats bat besterik ez da. 2015ean mankomunitatean sartu ginenean, etenaldia zegoen hondakinen arloan. Aurreko gobernuek erraustearen alde egin zuten; gure asmoa zen norabidea aldatzea, ontzi baten norabidea aldatzen den bezala.

Eta zer bide hartu nahi duzue?

Hiru arlo nagusi izanen dituen bidea egin nahi dugu: prebentzioa, gaika biltzea eta tratatzea. Tratamendurako erabiliko genuke egin nahi dugun planta.

Gaika biltzeko, egungo ereduarekin jarraituko zenukete? Hau da, edukiontzi marroia jartzen hondakin organikoak bereizi nahi dituenarentzat?

Horri buelta bat eman nahi diogu. 2018an proba bat egin dugu, 10.000 biztanlerekin. Txartel bidezko edukiontzia jarri diegu. Aztertzen ari gara emaitzak, baina argi dugu urrats bat aurrera egin dezakegula sistema horrekin, hondakin organikoaren %50 baino gehiago bereiztea lortu baita jatorrian, eta errefusak %40 egin baitu behera.

Borondatezko hautua da?

Hezkuntza lan handia egin behar dugu, herritarrak kontzientziatzeko, eta hondakinen planak zehaztutako helburuak betetzeko.

Zergatik baztertu duzue 2016ko txostenetan proposatu zena, hau da, hainbat planta txiki egitea?

Ez dugu baztertu aukera hori. Batera lantzen ahal ditugun gauzak dira. Helburua da, batez ere, jatorrian ongi bereiztea. Baina hondakinak izanen ditugu, eta tratatu beharko ditugu. Hirigunerako Imarkoaingo planta egiteak, halere, ez du esan nahi bestelako konponbideak ez garatzea landa eremuan.

Erran duzu jatorrian ongi bereiztea dela gakoa; atez ateko eredua da horretan emaitzarik onenak lortzen dituena. Zergatik ez duzue hori ezarri?

Iruñerrian sistema ezberdinak ditugu. Atez ate jasotzen dituzte Emausko Trapuketariek, adibidez, tamaina handiko hondakinak. Alde Zaharrean ere atez atekoa erabiltzen dugu dendetako eta tabernetako hondakin organikoak jasotzeko.

Herritar guztien artean ez duzue ezarri nahi?

Uste dugu edukiontzi handien eredua agortuta dagoela, eta tarteko pauso bat eman nahi izan dugu. Hori da txartel bidezkoa. Herritarren kontratua txartel batekin lotzen dugu, eta lortzen dugu errefusak behera egitea, eta jatorrian hobeki bereiztea. Txartelaren bidez, badakigu herritarrak zenbat aldiz irekitzen duen ontzia. Norabidea aldatzea da helburua, eta horretan ari gara.

Planta eginda ere, hondakin guztiak ezin izanen dira birziklatu. Orain, Gongorako zabortegia erabiltzen du mankomunitateak. Zer gertatuko da ixten denean?

Gure asmoa da gero eta gehiago bereiztea jatorrian, eta plantan hondakin organikoekin konposta egitea. Sartuko den organiko horrek, tamalez, izanen du ezin erabil daitekeen zati bat; hori zabortegi batera eraman beharko dugu. Plastikoa plantan tratatzea da asmoa; errefusa, berriz, ahalik eta gehien murriztu nahi dugu. Nonbaitera eraman beharko dugu, halere. Planaren arabera, zabortegi batera. Errausteko aukera ez baitu jasotzen planak. Horrek ez du esan nahi, halere, beste talde batzuk errausteko aukera hori mahai gainean ez jartzea etorkizunean.

Eta Gongora ez dagoenean, nora eramanen duzue zaborra?

Beste aukera bat bilatu behar dugu. Uste dugu askoz ere gutxiago aterako dela, halere, plantatik.