Edurne Elizondo
Sakanako eredua da emaitzarik onenak ekartzen dituena; hori hautatu beharrean, ordea, emaitzarik txarrenak dituena aukeratu du: Erriberakoa”. Horixe erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek, Iruñerriko Mankomunitateak aurrerantzean hondakinak kudeatzeko hartutako erabakien inguruan.
Izan ere, 2019ko bere aurrekontuak onartu berri ditu erakunde horrek abenduan, eta 9,7 milioi euroko diru saila gorde du hondakin organikoak, ontziak eta errefusa tratatzeko planta bat eraikitzeko lurra erosteko. Imarkoaingo Garraioaren Hirian dago lur hori, 107.000 metro koadroko sail bat.
Iruñerriko Mankomunitatearen hautuak “harritu” egin ditu Sustrai Erakuntzako kideak; Imarkoaingo bizilagunak ere bai. Planta eraikitzeko asmo horren aurka bat egin dute herritarrek. “EH Bildu izan da Sakanan duten atez ateko ereduaren defendatzaile sutsua; Iruñerriko Mankomunitateko presidentetza badute, baina hemen, ordea, bazter utzi dute eredu hori”, kritikatu du Imarkoaingo Juan Etxeberrik.
Hilaren hasieran, hain zuzen ere, EH Bilduko parlamentuko eledun Adolfo Araizek txio bat idatzi zuen, Extremadurako bost herritan (Espainia) atez atekoaren aldeko apustua egin zutelako: “Ez da, beraz, hain eredu txarra izanen. Sakanak duela hainbat urte ezarri zuen eredu hori, eta hango gaikako bilketaren datuak herrialdeko onenak dira”, erran zuen Araizek, txio horretan. Iruñerrian, baina, emaitzarik onenak dituena izanagatik ere, ez dute eredu horren aldeko hautua egin.
Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartu zuen hondakinak kudeatzeko plan berria. Sustrai Erakuntzak onartu du “asmo handiko” plana dela, eta, “segur aski, estatuko onena”; ez da, ordea, “egin zitekeen onena”, Lorenteren hitzetan. Arazo nagusia da, haren ustez, hondakinen inguruko helburuak ezartzen dituela baina helburu horiek betetzeko eredurik ez. Planak helburutzat jo du 2020. urterako herrialdeko hondakin organikoen %50 birziklatzea; eta, 2027. urterako, berriz, %70.
Mankomunitateen esku dago hondakinak kudeatzeko lana. Eredu ezberdinak daude herrialdean, eta eredu horien emaitzak ere ezberdinak dira. EH Bilduk berak onartua du Sakanako atez atekoa dela eraginkorrena hondakinak gaika biltzeko; Sakanan, hain zuzen ere, hondakinen %56 birziklatzen dituzte. Hau da, hondakinen planak 2020rako zehaztutako helburua lortu eta hobetu du jada eskualde horrek.
Erriberan anitzez ere okerragoak dira datuak: Culebreteko zabortegian jasotzen dituzten hondakinetan dagoen materia organikoaren %3 baino ez dute berreskuratzen. “Iruñerriko Mankomunitateak, ordea, hangoaren gisako planta bat eraikitzea erabaki du”, erran du Lorentek.
Alternatibak, bazter
Lorenteren kezkarekin bat egin du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak ere. Kezkagarritzat jo du, batez ere, Iruñerriko Mankomunitatean gertatu den “norabide aldaketa”. Aldaketa hori azaltzeko, bi data jarri ditu mahai gainean: batetik, 2016. urtea. Zelaiak azaldu du urte horren erdialdean mankomunitateko agintariek bi txosten jaso zituztela, erakunde horrek hondakinen kudeaketaren inguruan eskatutakoak. “Txosten horietan, hondakin organikoak tratatzeko moduak jorratu ziren, batez ere; izan ere, 2017an Iruñerriko Mankomunitateko hondakinen %37 baino gehiago zen zabor organikoa”. Bertzetik, 2017ko bukaera aipatu du Sustrai Erakuntzako kideak. “Mankomunitateak hondakinen inguruko bertze bi txosten jaso zituen, baina horietan, bereziki, errefusa kudeatzeko moduak jorratu zituzten”, erantsi du Zelaiak.
Zabor organikoa edo errefusa erdigunean jartzea ez da gauza bera. Hori uste du Zelaiak. Eta Iruñerriko Mankomunitatearen kasuan, “eredu aldaketa” ekarri duela nabarmendu du. Izan ere, 2016ko txostenek, batez ere Ramon Plana adituak egindakoak, hondakin organikoak tratatzeko hainbat planta txiki egiteko aukera jarri zuten mahai gainean. 2017koek, berriz, planta handi bakar baten aldeko apustua egin zuten. Ez bakarrik hori. Iruñerriko Mankomunitateak baldintza gisa aipatu zuen, txosten horiek osatzeko, planta bakar baten bidezko konponbidea garatu zezatela. Mankomunitateak eskatu zuen, gainera, hondakinak tratatzeko planta ez lotzeko zabortegiarekin. Ez oraingoarekin, ezta etorkizunerako egin beharrekoarekin ere. Izan ere, Iruñerriko Mankomunitateak Gongorako zabortegia erabiltzen du, gaur egun, zaborra biltzeko, baina 2022. urtearekin batera amaituko da azpiegitura hori erabiltzeko epea. Gero, egin nahi duten planta berrian tratatutako zaborra nora eramanen duten ez du zehaztu, oraindik ere, Iruñerriko Mankomunitateak.
Gongoran, gaur egun, 90.000 tona zabor botatzen dituzte urtean. “45.000 inguru dira materia organikoa. Konposta egin daiteke zabor horrekin. Egungo biltze sistemarekin, halere, mankomunitateak hondakin organiko horietatik 8.000-10.000 tona inguru baino ez ditu berreskuratzen urtean”, azaldu du Etxeberrik. Gainerako 35.000 tona dira errefusarekin batera nahasten direnak. “Horiek dira planta berrian tratatu nahi dituztenak. Gisa horretako plantetan, baina, %5 inguru baino ez dute berreskuratzen”.
Elortzibarko bizilagunek argi dute Imarkoainen egin nahi duten planta ez dela egokia: “Ingurumenari ez diolako mesederik eginen; eta ekonomiaren ikuspuntutik dirua xahutzea ekarriko duelako”, erran du Etxeberrik. Erantsi du lurra erosteko eta planta egiteko aurrekontua 60 milioi euro ingurukoa izanen dela, hain zuzen ere.
Oraingoz, planta egiteko nahi duen lurra gordetzeko, 600.000 euroko bermea ordaindu du Iruñerriko Mankomunitateak. “Uste dugu horrek erakusten duela ekintza burutuen bidetik ari dela erakunde hori”, salatu du.
Etxeberrik gogoratu du planta egin ahal izateko egungo Garraioaren Hiriko udalez gaindiko eragina duen plana aldatu behar dela, erabilera berriak egokitu ahal izateko. Hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak asteon aurkeztu ditu asmo horien inguruko bere alegazioak. Horien bidez, gainera, hondakinak tratatzeko plantak ukitzen duen bertze arazo bat jarri dute mahai gainean fundazioko kideek: Garraioaren Hirian egin nahi zuten tren geltokia, Noaingoarekin lotu eta salgaiak garraiatu ahal izateko.
“Garraioaren Hiriaren eta Noainen artean hiru kilometro daude. Egungo trenarekin bi puntu horiek lotzea eta elkarrekin lan egitea zen asmoa”, azaldu du Martin Zelaiak. Nabarmendu du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Manu Aierdik 2018. urteko martxoan iragarri zuela gobernuak hainbat txosten eskatuko zituela Imarkoainen tren geltoki hori egiteko aukera jorratzeko. “Hainbat hilabete pasatu dira, eta asmo hori bazter gelditu da, bat-batean, inolako azalpenik gabe”. Izan ere, hondakinak tratatzeko plantarentzat gordetako eremuan egin nahi zuten geltokia.
“Prozesua iluna izaten ari da”, erantsi du Sustrai Erakuntzako Pablo Lorentek. Fundazioko kideek uste dute hondakinen kudeaketarekin lotutako interes ekonomikoak dituzten enpresen presioak eragin dituela Iruñerriko Mankomunitatearen azken urratsak. Erakunde horretan aurreko gobernuekin aritu ziren teknikariek eta kudeatzaileek jarraitzen dutela gaineratu du Lorentek, eta sumatzen dela haien eragina mankomunitatearen erabakietan.
Hondakinak tratatzeko planta handi eta bakarra egiteko asmoa bazter uzteko eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Iruñerriko Mankomunitateari. Ingurumena baitago jokoan.