Edurne Elizondo
Ez dugu beste aldera begiratuko, beste espezie batekoak izateagatik, sentitzeko gai diren beste animaliak hiltzen dituzten bitartean”. Animalien Askapenerako Fronteak argitaratutako oharrean jasotako hitzak dira horiek. Abenduaren 26tik 27ra bitarteko goizaldean, Euskal Herriko hamaika txokotan, 25 ehiza dorre bota zituzten Animalien Askapenerako Fronteko kideek, eta plazaratutako ohar horren bidez eraso horren ardura haien bizkar hartu zuten.
Ehiza dorre horietako hainbat Nafarroan bota zituzten; zehazki, Azkoienen, Garesen, Eunaten, Erreniegan eta Kintoan. Nafarroako ehiztarien jardueraren aurka egin du Animalien Askapenerako Fronteak, berriz ere, hil honetan: urtarrilaren 4tik 5erako goizaldean, bost ehiza posturi, dorre bati eta ehiztarientzako etxola bati egin die eraso, Arangurenen, bertze ohar batean jaso duenez. “Espezismoak milaka heriotza eragiten ditu, segunduro, eta, ondorioz, premiazkoa da aurre egitea”, erran dute ekintzaileek.
Testuinguru horretan, Animalien Askapenerako Fronteak zilegitzat jo du “gizakiz besteko animaliei eragindako sufrimenduaren aurka borroka egitea, eta sabotatzea gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntza babesten edo laguntzen duten enpresak, erakundeak eta azpiegiturak”. Mugak ere ezarri ditu: “Gure jarduerek ezin diote kalte fisikorik eragin ezein animaliari, ez gizakiei, ez gizakiz besteko animaliei”.
Egiturarik gabeko eta gizakiz besteko animalien aldeko nazioarteko kolektiboa da Animalien Askapenerako Frontea. Berez, talde izaerarik ez du, fronteak ezarritako oinarriekin bat eginez aritzen den ekintzaile orok aldarrikatzen ahal baitu kide dela. Oinarri horiek jasotzen dute AAFren helburua dela gizakiz bertzeko animalien zapalkuntzan parte hartzen dutenei kalte ekonomikoak eragitea; haztegi, laborategi eta gisakoetan itxita dauden animaliak askatzea eta sufrimendurik gabe bizitzeko aukera emanen dizkieten lekuetara eramatea; animaliak zapaltzen dituzten tokietan gertatzen denaren berri zabaltzea; eta hori guztia, erran bezala, ezein animaliari kalte fisikorik eragin gabe.
Ehiztarien salaketa
Usoak eta birigarroak ehizatzeko postuak ziren Animalien Askapenerako Fronteak Nafarroan hondatutako guztiak. Horixe erran du Nafarroako Ehiza Federazioko presidente Jose Angel Remirezek. Erakunde horrek Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatu die “ehiztariak babes” ditzatela. “Haserre” dago Remirez. “Ehizaren aurkakoek tiroa eta heriotza bertzerik ez dute ikusten, baina ehiza anitzez ere gehiago da. Eraso egin digutenek ezjakintasun handia erakutsi dute”, erran du.
Remirezek nabarmendu nahi izan du ekosistemen “orekan” ehizak betetzen duen “ezinbertzeko” funtzioa. Zehaztu du, gainera, jarduera “selektiboa” dela ehiza, eta “hiltzeko zorian diren animalia zaharrak” akabatzen dituztela. Oreinen kasua jarri du adibide: “Hamar urtekoak akabatzen ditugu, berez hil baino bost minutu lehenago. Hori nola dakigun? Adarrei, ileari, edo hortzei begiratuta. Gai gara, bai, hil behar dugun animaliaren adina jakiteko. Ehiztariok anitz dakigu”. Remirezek onartu du, halere, eskopeta hartu eta mendira joaten denean, “ehiztariaren eta harrapakinaren arteko erronka” dela bultzatzen duena. “Errito baten modukoa da”.
Eta errito horri eutsi nahi diote ehiztariek. Horixe erran du Remirezek. Asmo horrekin elkarretaratzea egin zuten ehiztariek, apirilean, hain zuzen ere. Ehizaren aldeko protesta egin zuten; eta ehizaren aurkako bertze batekin erantzun zuten gizakiz bertzeko animalien aldeko taldeek. Mahai gainean dago eztabaida.
“Negozio” bilakatuta
Ekologistek ere hartu dute hitza eztabaida horretan. Eta hartu dute, batez ere, argi uzteko ehiza eta bioaniaztasuna ez direla bateragarriak. Espainiako Ekologistak Martxan taldeak ikerketa egin du, eta ondorio hori jarri du mahai gainean: “Espainian 25 milioi animalia hiltzen ditu ehizak, urtean”. Erriberako Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Navascuesek erantsi du ehiza, egun, “negozio” bilakatu dela, eta ez dela jarduera “iraunkorra”. Legez kanpoko jarduerak ere salatu ditu, bertzeak bertze, pozoia erabiltzea eta hegazti harrapariak hiltzea. Kartuxoen berunak ingurumenari egiten dion kaltea ere jarri du mahai gainean.
Animalien Askapenerako Fronteak egindako erasoei buruz, bertzalde, gisa horretako sabotajeak txarretsi ditu Ekologistak Martxan taldeko kideak. “Salatzen dugu gisa horretako eraso oro”.
Nafarroan, Nafarroako Ehiza Federazioko datuen arabera, 20.000-25.000 ehiza baimen badira, eta 44.000 ehiza eskopeta. 2018-2019ko ehiza araudiaren arabera, basurdeak, orkatzak, oreinak, adarzabalak, azeriak, eperrak, erbiak, untxiak, oilagorrak, birigarroak, birigarro txikiak, garraztarroak, durdulak, galeperrak, usapalak, pagausoak, txolomak, faisaiak, uretako hainbat hegazti, mikak, belatxikiak eta beleak hil daitezke, legez.
Nafarroan, 2015eko datuen arabera, 247 ehiza barruti badira. Horietako 208 udaletako barrutiak dira; hiru dira gobernuarenak; 35, berriz, pribatuak; eta bat, azkenik, aprobetxamendu intentsiborako esparru bat da.
Espezie bat edo bertze ehizatzeko sasoiak ezberdinak dira. Basurdea harrapatzekoa, adibidez, datorren otsailaren 29ra arte dago indarrean. Pagausoak eta txolomak ehizatzeko sasoia, berriz, abenduarekin batera amaitu zen. Etxalarren, berriz, pixka bat lehenago, azaroaren 20an, itxi zuten. Herri horretako ehiztarien arabera, ez da “batere ona” izan. Etxalarko sareetan 818 uso hil dituzte; Pirinioetan dauden sare bidezko postuetan, denera, 5.470.
Milaka dira, halaber, Nafarroan urtean ehizatzen dituzten basurdeak: Adecana Nafarroako Ehiza Elkarteak emandako datuen arabera, 9.000 inguru. Ehizak hiltzen dituen animaliak “bizi nahi zuten norbanakoak” zirela nabarmendu du Nor kolektibo antiespezistako bozeramaile Maialen Saguesek.
Jarduera horren inguruko eztabaidak gora egin duela uste du, “elkar ulertzea ezinezko” bilakatzen ari delako: “Batzuek animalien ongizatea dugu helburu, eta norbanako horien oinarrizko interesak errespetatzen ditugu; besteek, berriz, zaletasun bat eskubide gisa aldarrikatzen dute”, erran du. “Norbanakoaren desirak ez dira eskubideak, eta desira horiek bete nahi izateak ez du inoren zapalkuntza justifikatzen”, erantsi du Saguesek.
“Gizakiz besteko animalien aurkako indarkeria oso handia da, eta, ondorioz, elkartasuna erakutsi nahi dutenek gero eta ekintza gogorragoak egin behar dituzte, kapitalak kontrolatutako hedabideek entzun ditzaten. Ehiztariei, zapaltzaileei, animalien gorputzak etekin bilakatzen dituztenei ez zaie interesatzen animalion aldeko ikuspuntua zabaltzea”, amaitu du.
Irudiak: Animalien Askapenerako Frontea