Urratsak egiten hasteko

Urratsak egiten hasteko

Edurne Elizondo

Oinarri edo abiapuntu ona da. Horixe erran dute Nafarroako ijitoen elkarteek Nafarroako Gobernuak onartu berri duen Ijito Herriaren Garapenerako Estrategiari buruz. 2022ra bitarteko asmoak jaso ditu Eskubide Sozialen Departamentuak agiri horretan. Izaera transbertsala du, halere. “Hala behar du, ezinbertzean, funtzionatu ahal izateko”, erran du Ijitoen Idazkaritza fundazioko kide Ines Garciak.

Estrategiak gehiago beharko du, Garciaren hitzetan: “Bete ahal izateko baliabideak, alegia”. Bat egin dute Gaz Kalo ijitoen elkarteen federazioko koordinatzaile Ricardo Hernandezek eta La Majari elkarteko Amaia Leranozek ere. Estrategia diruz hornitzeko eskatu diote gobernuari, duen helburua bete dezan.

Eta helburua da, batez ere, justizia. Estrategia horren bidez gobernuak onartu baitu herrialdeko ijito herria desberdinkeria egoeran dela. “Gaur egungo desberdinkeriak apaltzea premiazkoa da”, berretsi du Garciak. “Anitz kostatu zaigu erakundeek errealitate hori onartzea, mahai gainean jartzea ijitoon aurkako zapalkuntza eta ditugun beharrak”, erantsi du Hernandezek.

Estrategiak hori jaso du, eta ijitoen elkarteek ontzat jo dute halaxe egin izana. Funtsezkotzat jo dute, halaber, gobernuak onartutako agiriak arlo guztietan eragin nahi izatea. Izan ere, gobernuak neurriak proposatu ditu hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren esparruetan. Eta alor horien guztien bidez, hain zuzen, ijito herriaren aurkako egungo bazterketaren kontra egin nahi du lan gobernuak.

“Estrategia nolabaiteko bide orri bat da ijito herriaren garapenerako lehentasunak zehazteko eta lan ildoak finkatzeko, modu transbertsalean”. Horixe dio gobernuak estrategia osatzeko egindako diagnostikoak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatu du, eta ijito elkarteek parte hartzeko aukera izan dute.

%50 langabezian

Nafarroan, Iijitoen Idazkaritza fundazioko 2015eko datuen arabera, 7.553 ijito bizi dira; hau da, populazioaren %1,2. Diagnostikoan, jaso dute urriak direla Europako bertze hainbat herritatik etorritako ijitoen inguruko datuak. Portugalgoak 430 inguru dira; eta Europa ekialdekoak, berriz, 510 inguru. Ijito guztien %30 Iruñean bizi dira, %6 Tuteran, eta %5 Lizarran.

Datuek agerian uzten dute herritarron bazterketa: hamar ikasletik zazpik ez dute amaitzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; ijitoen %50 langabezian daude, eta lanean ari direnen %75ek behin-behineko lanpostu bat dute; gainera, 2015eko datuek erakusten dute 1.924 etxebizitzatan bizi direla herrialdeko ijitoak, eta etxebizitza horiek 53 herritan daudela denera. 79 ziren 2007. urtean. Ijitoen %33 etxegabetu dituzte noizbait.

Osasunaren arloko datuak ere ez dira onak; urriak, bai, ordea, bertze hainbat esparrutan bezala, gobernuak onartu duenez. Edozein modutan, administrazioak esku artean dituen datuek agerian utzi dute bizi itxaropen txikiagoa dutela. Errenta bermatua jasotzen dutenei buruz, azkenik, datuok erakusten dute hamar ijitotik bostek hartzen dutela: zehazki 4.172 ziren, 2016ko datuen arabera.

Ijito elkarteek argi dute hezkuntzak, enpleguak, etxebizitzak eta gainerako esparruek elkarri eragiten diotela. Denek, halere, hezkuntzarena jarri dute erdigunean. Porrot egiten duten ikasleen kopurua murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, 0-3 urteko zikloan hasi nahi du lanean. “Bigarren Hezkuntzan emaitza onak nahi baditugu, funtsezkoa da aurretik ere lan egitea; Haur eta Lehen Hezkuntzan ere hartu behar ditugu neurriak”, erran du Hernandezek.

Neurri nagusietako bat da, ijito elkarteen hitzetan, lan horretan hezkuntza komunitate osoa inplikatzea. “Egungo hezkuntza sistema payo-a da, eta ijito familia anitzek ez dute beren burua ordezkatuta sentitzen”, salatu du La Majari elkarteko Amaia Leranozek. “Eta familiaren babesik gabe, sistemak ez du funtzionatzen”, erantsi du.

Estrategian jasotako lan ildoetako bat da hezkuntzaren arloan ijito herriaren historia txertatzea. “Niri eskolan inoiz ez zidaten irakatsi nire herriari buruzko deus; ijitoak ez ginen existitzen”, gogoratu du Angela Gabarre gazte ijitoak. Unibertsitatean ari da Gabarre, gizarte integrazioko gradua egiten, eta, Azkoiengo bertze hainbat ijito gazterekin batera sortutako elkarte baten bidez, herrialdeko eskoletara eta institutuetara eraman ditu ijito herriaren kultura eta historia. Azken egunotan, Tafallako ikastolan egon da, bertzeak bertze. “Haurrei erran behar diegu ijitoak duela 600 urte ailegatu ginela Nafarroara; Indian dugula jatorria; bandera eta hizkuntza propioak ditugula; eta urte luzez zapaldu gaituztela, bai eta oraindik ere”, nabarmendu du. Argi du haur eta gazte ijitoen gurasoei dagokien ardura onartu behar zaiela, baina, argi du, halaber, ardura hori ez dela bakarrik haiena, eta desberdinkeriak duen eragina ezinbertzean hartu behar dela kontuan. “Zapaldu gaituzte, eta gure burua babestu behar izan dugu”.

Elkar ezagutzea “funtsezkotzat” jo du nafar guztien arteko bizikidetzak hobera egin dezan. “Ez gara gu eta bertzeak; denak gara gizartearen parte”. Hezkuntza sisteman, adibidez, bitartekari ijitoen eta laguntzaileen beharra jarri du mahai gainean Gabarrek.

Ijitoen Idazkaritza fundazioko Ines Garciak ere nabarmendu du esparru horretan lan egiteko beharra. “Lortu behar dugu ijitoak lasai sentitzea seme-alabak eskolara bidalita; ez dezatela arazotzat hartu, baliabidetzat baizik”. Egungo egoerak erakusten du baztertuta dauden familien seme-alabek bat egiten dutela eskola jakin batzuetan, “eta horrek ghettoak sortzen ditu”, Garciak erantsi duenez.

Ijitoentzat eta ijitoekin

“Alde guztien konpromisoa behar du estrategiak, aurrera egin ahal izateko”, erran du Gaz Kaloko kide Hernandezek. Argi du gobernuari dagokiola baliabideak mahai gainean jartzea, baina erantsi du hagitz garrantzitsua izanen dela ijito elkarteek parte hartzea ere. Lanerako prest direla erran du, gainera. “Izan ere, orain arteko arazo nagusietako bat izan da ijitoen iritzia kontuan hartu gabe egin dituztela ijitoen inguruko planak”, salatu du.

2011tik 2014rako plana izan da propio ijito herriaren garapenerako onartutako lehendabizikoa. “Aurretik hartu izan dira neurriak, baina bazterketaren aurkako plan nagusien barruan; ijitoen errealitatea aintzat hartuko duen estrategia zehatz bat behar da, ordea”, berretsi du.

Horrekin lotuta, Nafarroako Ijitoen Kontseilua sortzeko beharra nabarmendu du Hernandezek. “Ez da nahikoa ijito herriari buruzko estrategien diseinuan parte hartzea; politika horien aplikazioan eta ebaluazioan ere parte hartu behar dugu”, erran du Hernandezek, eta hori egiteko sortu nahi dute kontseilua ijito elkarteek, hain zuzen ere.

Ebaluazioak izanen duen garrantzia nabarmendu du Ijitoen Idazkaritzako Ines Garciak ere. “Lortu beharreko helburuak zehaztu ditu estrategiak; eskola uzten dutenen kopurua murriztu nahi du; langabezian direnen kopurua murriztu nahi du; zehaztutako politikak zer neurritan betetzen diren ikusi ahal izanen dugu”, azaldu du.

Ijito elkarteek estereotipoen eta aurreiritzien aurka lan egiteko ere baliatu nahi dute estrategia. “Lan handia dago egiteko oraindik ere”, erran du La Majariko Leranozek. Ijitoena jende multzo homogeneotzat aurkezten duen estereotipoa jo du nagusitzat. “Bertzelakoa da errealitatea”, erantsi du. Elkar ezagutzea da gakoa, haren ustez; zubiak eraikitzea.