Aulkian eseri nahi dute

Aulkian eseri nahi dute

Edurne Elizondo

Zigorgabetasunari aurpegia jarri diote: Rodolfo Martin Villaren aurpegia, hain zuzen ere. Epailearen aurrera eraman nahi dut frankismoaren eta trantsizioaren garaiko krimenen inguruko inpunitatea salatzeko kanpaina martxan jarri duten erakundeeke. Bost dira bultzatzaileak, baina bertze anitzen babesa jaso dute jada. Aulkian eseri nahi dute Franco diktadorearen eskutik bost domina jaso zituen agintaria.

Martin Villa Espainiako Barne ministroa zen 1978. urteko uztailaren 8an, Polizia Armatuak LKIko German Rodriguez gaztea tiroz hil zuenean, Iruñeko zezen plazan hasitako erasoan. Geroztik, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak lan egin du eraso horren inguruan egia, justizia eta ordaina lortzeko. Erakunde horrek jarri du abian oraingo zigorgabetasunaren aurkako kanpaina, Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu eta Martxoak 3 elkarteekin batera.

Euskal Herritik kanpo, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere memoriaren esparruan lan egiten duten bertze hainbat taldek bat egin dute ekinaldiarekin. Sarean ariko dira datozen hilabeteetan, nor bere herrialdean, baina denak helburu komun batekin: Martin Villa epai dezatela.

“Argentinako epaitegiek inputatu dute, baina hori ez da nahikoa. Estatuko epaitegiek ere epaitu beharko lukete, bera estatuko agintari zela egin zituztelako frankismoan eta trantsizioan gizateriaren aurkako hamaika krimen. Errepresioaren erantzule nagusietako bat izan da Martin Villa”, erran du 78ko Sanferminak Gogoan plataformako Presen Zubillagak.

Krimen horien inguruan urte luzez ezarritako isiltasuna apurtu nahi dute kanpaina martxan jarri duten elkarteek. Ez hori bakarrik. “Frankismoaren aurka borroka egin zuten langileen, emakumeen, auzo elkarteen eta gainerako eragileen ahalegina jarri nahi dugu mahai gainean; botereak haien lana desitxuratu nahi izan du trantsizioari buruzko irudi ofizialaren bitartez. Irudi horrek gizonen arteko negoziazioen ondoriotzat jo izan du trantsizioa”, salatu du Zubillagak.

“Egungo arazo bat”

Irudi horretatik urrun da errealitatea, ordea. Inpunitatearen aurkako ekinaldiaren bultzatzaileek orduko errepresioa nabarmendu, eta agerian utzi dute Martin Villak izan zuen erantzukizuna. German Rodriguezen hilketa, hain zuzen ere, bat izan zen bertze anitzen artean. Iruindarra tiroz hil baino bi urte lehenago, 1976ko martxoaren 3an, Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizen, eta ehun baino gehiago zauritu. Hurrengo urtean, 1977ko maiatzaren 12an, amnistiaren aldeko manifestazio batean bost pertsona zauritu zituen Guardia Zibilak tiroz, Errenterian (Gipuzkoa). Haietako bat hil egin zen. Bertze sei pertsona hil zituzten hurrengo egunetan Euskal Herri osoan egindako protestetan.

“Krimen horien inguruan inpunitatea da nagusi; eta bada garaia hori aldatzeko. Horrelako krimenak ez dira iraganeko kontu bat; gaur egungo arazo bat dira, eta gutxieneko oinarri demokratikoak izan nahi dituen edozein estaturi edo gizarteri eragiten diete”, erran du Zubillagak.

Horregatik eskatu dituzte egia, justizia eta ordaina. Iker ditzatela eta auzibidean jar ditzatela krimen horiek eta haien erantzuleak. Frankismoan eta trantsizioan bete zituen postuek, erantzule horien zerrendako lehen postuetako batean jartzen dute Martin Villa. Epailearen aurrera eramateko kanpaina bultzatu duten erakundeek herriz herri egin nahi dituzte urratsak. Horretarako, mozioak aurkeztuko dituzte udaletan, erakunde horiek Martin Villa epaitzeko eskaerarekin bat egin dezaten. Herritar orok izanen du eskaera hori babesteko aukera, gainera, kanpainaren sustatzaileek adostutako manifestua sinatuz.

Auzitara ere joko dute zuzenean 78ko Sanferminak Gogoan plataformako eta gainerako erakundeetako ordezkariek, Martin Villa epai dezatela eskatzeko. Euskal Herritik kanpoko taldeek ere urrats bera eginen dute.

Memoriak, elkartasunak eta aitortzak ere izanen dute tokirik datozen hilabeteotako ekinaldietan. “Bereziki gogoratuko ditugu aurten errepresioak hildako guztiak”, erran du Ahaztuak elkarteko Carlos Otxoak. Iruñean, urtero egiten diote omenaldia German Rodriguezi, uztailaren 8an. Iazkoa berezia izan zen, hil zutenetik berrogei urte bete zirelako. Aurtengoa ere izanen da. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoratuko dituzte hilabete horretan, eta 1977ko amnistiaren aldeko astean hil zituztenak, berriz, maiatzean. Zigorgabetasunari aurre egin nahi diote, behingoz.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku