Eskubidea dute ikasleek

Eskubidea dute ikasleek

Edurne Elizondo

Arauak normaltzat jotzen duenarekin bat egiten ez duten ikasleek gainerakoek baino zailtasun gehiago izan ditzakete gelan ezarritako erritmoari jarraitzeko. Haiei laguntzea da Hezkuntzako zaintzaileen lana. Zeregin hori, halere, ezin dute behar bezala egin, profesionalok salatu dutenez. Egun dituzten lan baldintzak jo dituzte arazo nagusitzat: bederatzi orduko lanaldia dute, eta behin-behinekotasuna %80koa da. Karrikan egin dute protesta, errealitate hori aldatzeko asmoz.

“Gure eskaerekin bat egin du gobernuak, hasieratik; harrera beti izan da ona, eta hitzak gure aldekoak”, azaldu du Hezkuntza Zaintzaileen Talde Eragileko kide Joxe Paulosek. Ekintzak falta dira, ordea. Legegintzaldia hasi zenean, egungo lan baldintzak ezartzen dituen 2012. urteko ebazpena bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuten gobernua babesten duten taldeek, eta Hezkuntza Departamentuak ere egin zuen urrats horren alde; pausoa, ordea, ez dute eman oraindik ere, eta hauteskundeak egiteko hiru hilabete baino ez dira falta. “Bete dezatela emandako hitza”.

Berrehun zaintzailek baino gehiagok osatzen dute egun Hezkuntzan lanean ari den taldea. Paulosek argi du gehiago behar direla dauden behar guztiei egoki erantzun ahal izateko. Izan ere, egungo lan baldintzen eraginez, zaintzaileek lanaldi osoa arreta zuzenera bideratu behar dute, eta, ondorioz, ez dute denborarik eta aukerarik koordinaziorako edo plangintzarako. “Horrek, noski, kalte egiten dio eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateari”, onartu du Paulosek.

Zaintzaileak azaldu du ikasleek zerbitzua jasotzeko eskubidea dutela, eta Nafarroako Gobernuari dagokio, hain zuzen ere, eskubide hori bermatzea. Paulosek uste du hori lortzea zaila dela, egun indarrean den ebazpenak ezarritako baldintzengatik. “Lanaldi osoa eman behar badugu ikasleak zuzenean artatzen, ez dugu aukerarik gainerako profesionalekin koordinatzeko, materialak prestatzeko edo bilerak egiteko. Eta lan hori guztia beharrezkoa da ikasleari arreta koherente bat eskaini ahal izateko”.

Paulosek nabarmendu du zaintzaileen laguntza behar duen ikaslearekin ari diren profesional guztien arteko elkarlana “ezinbertzekoa” dela, denek irizpide berberak erabili ahal izateko. “Bertzela, koordinaziorik eta elkarlanik gabe, nor bere kabuz aritzen da, eta nork bere irizpideak ezartzen ditu; horrek ez dio mesede egiten ikasleari”.

Arazoa da egungo ordutegiek ez dutela aukerarik ematen plangintzarako eta koordinazioa bultzatzeko lan hori guztia egoki egiteko. Behin-behinekotasunak ere kalte egiten die asmo horiei guztiei.

Hori ez da arazo bakarra. Paulosek bertze auzi bat jarri nahi izan du mahai gainean: “Ezin ditugu baliabideak murriztu. Ikasleok gure arreta jasotzeko eskubidea dute, eta irizpide horrek izan behar du nagusi; administrazioak eskubide bat bermatu behar duela, alegia”. Izan ere, gertatzen da ikasle bati goizez zaintzailea edukitzeko eskubidea aitortzea, baina arratsaldez ez ematea. “Goizez laguntza behar badu, arratsaldez ere bai. Ikasleak jarri behar ditugu erdigunean. Ezin dugu baliabideak aurrezten hasi”, erran du Joxe Paulosek, argi eta garbi.

Ikasketak zehaztu

“Nafarroa aitzindaria izan zen Hezkuntza Bereziko Baliabideetarako Zentroa sortu zuenean”, gogoratu du zaintzaileak. 1993. urtean jarri zuen martxan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zentro hori, ikasgeletan haurrei laguntzeko asmoz. Paulosek azaldu du, hala ere, aurrera egindako urratsak hutsean gelditu direla azken urteotan. “Egoerak 2012. urtean jo zuen hondoa, egungo ordutegiak eta baldintzak ezarri zituen ebazpena onartu zuenean UPNren gobernuak”, erantsi du.

Egungo gobernuak egin ditu hobetzeko saiakerak, Paulosek onartu duenez. 2020rako, adibidez, zaintzaile izateko ikasketa zehatzak beharko dira. “Orain ez da gertatzen; lantaldea, halere, ongi prestatua dago”. Urrats hori egin izana “ontzat”eman dute zaintzaileek. Halere, gobernuak oraindik ez du argitu zer ikasketa maila eskatuko den. “Langileek jakin behar dute; oposizioetarako prestatu behar dute, eta jakin behar dute zer baldintza izanen diren”.

Lanbide Heziketatik egindako txostenaren arabera, zaintzaileen lanak gizarte integraziorako goi mailako teknikari baten trebakuntzarekin du lotura gehien. “Baina oraindik ez dakigu hori eskatuko duten”, erran du Paulosek. “Legegintzaldia amaitzen ari da, eta auzi anitz badira oraindik ere argitzeko”.