Lohizune Amatria
Garaileek idazten dute historia. Gertatutakoa hartu, eta beren interesen arabera moldatzen dute, gertakari hori bizi ez zutenek hitz horiek irents eta memorian iltza ditzaten, inolako zalantza izpirik gabe. Gure herria ez da horren salbuespen, eta aldatuz doa errelatoa momentuko “garailearen” arabera, hain zuzen ere.
Alderdi batek, edo askoren batasun hauskor batek, gobenua eskuratzea garaipen gisa hartuz gero, esaterako.
Terrorismoa Espainian nolakoa izan den azaldu nahi die bigarren hezkuntzako ikasle espainiarrei Pedro Sanchezen gobernuak. Ez, barkatu, gaizki idatzi dut. Hau da, zehazki, erakutsi nahi dutena: “Espainiak nola sufritu duen terrorismoaren erruagatik, nola borrokatu den horren aurka, eta nola borrokatzen ari den oraindik ere”.
Lau multzotan sailkatu dituzte talde terrorista nagusiak: nazionalista erradikalak, eskuin muturra, ezker muturra eta jihadismoa. Pasatu egin zitzaien, nonbait, GAL gehitzea taldeen zerrendan. Zer sorpresa!
Dena den, aitortuko dizuet, unitate didaktikoaren azken helburuarekin bat egiten dudala. Bai, ari dira “oraindik ere” nazionalista erradikal gisa definitzen dituzten horien aurka “borrokatzen”. Hala erakutsi digute biktimek, beste behin. Bestela, nola ulertu duela astebete Nafarroako Torturaren Sarearen berri izatea.
55 pertsonak osatzen dute sarea, baina mila nafar baino gehiago torturatu ditu Poliziak; eta bat baino gehiago hil ere bai. Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik, nahiz eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu dien. Diotenez, baina, borroka hori “legea errespetatuz” egin du Espainiako Poliziak.
Eusko Jaularitzak ere idatzi nahi izan du herenegun gertatu zena. Eta honetan ere argi ilunak azaltzen dira baten eta bestearen biolentzia azaltzean. “Garaileena” legitimo gisa saltzen ari dira. Estatu indarkeria lausotu egiten du proposamenak, biktimen arteko mailaketa sortuz.
Gerturatu gaitezen gehiago gure egunerokora. Nafarroan ere badugu terrorismoaren inguruko unitate didaktikoa. Estatu indarkeria behin aipatzen da testuan -GAL izendatzean; testigantzak biltzean, ordea, ez da ageri estatu indarkeriaren biktimarik. Biktima guztiak berdinak direla diote, baten eta bestearen mina berdina dela, alegia. Testuak irakurrita, ordea, ez dut uste, inondik inora, denak berdin sentituko direnik.
Eta aldatuz doa kontakizuna momentuko “garailearen” arabera. Herrialde bateko hedabideak maneiatzen dituzten enpresen buru izatea garaipen gisa ulertzerik ere badago. Orri hauetan dagoena azaldu eginen zaie etorkizunean gertatutakoa jakiteko hemerotekara joko duten herritarrei.
Zerbitzariek eztanda egiten ez duten artean, amaigabeko sarean izanen dira egun uhinen bitartez zabaltzen ditugunak. Unitate didaktikori gabe, gainera.
Nork idazten du historia?