Edurne Elizondo
Boterea bere esku duenean, aurretik egindako urratsak hutsean uzten ditu; oposizioan denean, berriz, bertzeen politikak oztopatzea da bere helburu bakarra”. Horixe erran du Jose Luis Garciak, Nafarroan eskuinak sexu heziketaren inguruan izan duen “estrategiari” buruz. Gai hori landu du Sexo, poder, religión y política (Sexua, boterea, erlijioa eta politika) izenburuko bere azken liburuan. Sexologoa da, eta 35 urtez egin du lan sexu heziketaren esparruan, Nafarroan.
Bertzeen politikak oztopatzeko eskuinaren estrategiak, bertzeak bertze, polemikaren bidetik egin du aurrera. Horren adibide argia da azken garaian gertatu den Skolae hezkidetza programaren aurkako kanpaina. Skolaeren inguruko eztabaidak eztanda egin aurretik bukatu zuen Garciak bere liburua, baina azken hamarkadetan sexu heziketaren inguruan piztutako bertze hainbat gatazkaren testuinguru berean kokatu du egileak oraingoa ere.
Gatazkak sortzeko bide horretan, eskuinak Eliza izan du beti lagun. “Zentsura ezartzeko tandem boteretsua osatu dute politikak eta erlijioak”, salatu du Garciak. Kontua da sexu heziketa jomugan izan duen zentsurarako estrategia horrek ondorioak badituela: “Polemikak jendea izutu egiten du; sexuaren inguruko gaiak natural jorratzeko prozesuak hutsean utzi nahi izan dituzte polemika horiek, eta ekarri dute haur eta gazteak sexu heziketarik gabe gelditzea. Hori drama bat da”.
Salamancatik (Espainia) etorri zen Garcia Nafarroara, psikologia eta sexologia ikasketak amaitu eta gero. 1980ko hamarkadaren hasieran etorri zen, COFES zentroak martxan jarri zirenean, alegia. Proiektu horrek ekarri zuen herrialdera, hain zuzen ere. “1981. urtean hasi ginen lanean. Proiektua ezagutu bezain pronto erabaki nuen parte hartu nahi nuela. Etorri, oposizioetara aurkeztu, eta lanpostua lortu nuen”, gogoratu du sexologoak. Bost urtez izan zen COFES zentroen zuzendari, eta Iturramakoan aritu da, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.
Familia plangintzarako eta sexu heziketarako ziren COFES zentroak. 1978. urtean Iruñeko Txantrea auzoan Andraize jarri zuten martxan, zentro horien aitzindari. Euskal Herrian izan zen aitzindari, bai eta hemendik kanpo ere, garai horretan gisako aurreneko zerbitzu publikoa izan baitzen. Auzokideen eta emakumeen elkarteek bultzatu zuten, garaiko Iruñeko Udalaren babesarekin.
Andraizek irekitako bidean urratsak eginez jarri zituen Nafarroako Gobernuak COFES zentroak martxan, gero. 1981ean, Nafarroako Parlamentuak berak onartu zuen sexu heziketa eta familia plangintza eskaini behar zitzaiola gizarteari, eta administrazioak hartu behar zuela zerbitzu horiek emateko ardura. Apustu horrek Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroen sarea ekarri zuen, 1985etik aurrera. Sare horrekin bat egin zuen Andraizek ere, 1989. urtean.
“Sexu heziketaren esparruan erreferente bilakatu ziren COFES zentroak. Ehunka hitzaldi, tailer eta ikastaro egin genituen. Denentzako zentroak ziren”, gogoratu du Jose Luis Garciak. Lortutakoa nabarmendu, aitortu eta txalotu du sexologoak. Izan ere, kontuan hartu behar da Andraize martxan jarri zenean, adibidez 1978ko azaroan, despenalizatu berri zutela antisorgailuen erabilera, tronpen loturak eta basektomiak egiteko erabateko askatasunik ez zegoela, oraindik ere, eta homosexualitatea delitua zela.
COFES zentroak giro horretan sortu ziren. Abortuaren inguruko eztabaida ere pil-pilean zegoen garai horretan Nafarroan. 1987an, Andraizeko hiru ginekologoren aurkako epaiketa abiatu zuten, hain zuzen. “Lankide nituen, lagun. Sekulakoa izan zen paraitu zutena”, erran du Garciak. 1990eko epaiak, errugabetzat jo zituen Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa. Udalak Iruñeko Zapia eman zien, iaz.
“Eskuinak, saria emateko egun horretan ere, eztabaida piztu nahi izan zuen”. Elkarretaratzea egin zuten Udaletxe plazan, herriko etxean saria emateko ekinaldia egiten zuten bitartean. “Eskuinak eta Elizak, halere, borroka hori galdu dute. Gizarteak ezin du atzera egin. Abortuaren aurkako mezuak mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, baina argi dut mugimendu feministak ez duela atzerapausorik onartuko”.
Borrokari eusteko beharra dagoela argi du sexologoak, halere. Lortutakoak galtzea zer den ederki daki. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan COFES zentroen bidez aurrera egindako urratsak hutsean utzi zituen UPNk kolpe batean, agintea bere esku hartu zuenean.
1997an, Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroak bilakatu ziren Emakumeen Arretarako Zentro. “Bat-batean, sistemak ardura guztia emakumeen esku utzi zuen, eta gizonezkoen parte hartzea eta arreta desagerrarazi zituen zentroetatik”. Sexu heziketaren esparruan aitzindari izandako COFES etxeak, ondorioz, sexu heziketarik gabe gelditu ziren.
Zakil baten marrazkia
UPNren gobernuak COFES zentroen egitura eta espiritua moldatu aurretik ere, hamaika oztopori egin behar izan zioten aurre sexu heziketaren arloko profesionalek. Horien inguruko kontakizunak eta gogoetak jaso ditu Jose Luis Garciak bere azken liburuan.
“Ez duzu Etxarriko zakila gogoan?”, galdetu du sexologoak. 1982koak ekarri ditu gogora. Eskolako bi irakasleren eta ikuskatzailearen aurkako txosten bana zabaldu zuen Nafarroako Gobernuko orduko Hezkuntza kontseilari Javier Markotegik, haur batek egindako marrazkiaren harira. Marrazkian bi irakasleak agertzen ziren, elkarri besarkada ematen. Bikotea ziren. “Haurrak gizonaren zakila tente marraztu zuen”. Xehetasun horrek eragin zituen departamentuaren txostenak. Espainiako Hezkuntza Ministerioak ere esku hartu zuen auzian, eta 1982ko martxoaren 23an, ondorioz, greba egin zuten Hezkuntzan, irakasleei elkartasuna adierazteko. “Izugarria izan zen”.
Maria Teresa Graciaren izena ere memorian fresko du Garciak. 1984. urtean, sexu heziketari buruzko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, lehen aldiz. GITEk eta Andraizek antolatu zituzten. “Egun batean, Maria Teresa Gracia Coalicion Popular taldeko zinegotzia sartu zen, bertze hainbat pertsonarekin, oihuka eta mehatxuka; ez zuten jardunaldian izena eman; boikotatzeko asmo hutsarekin etorri ziren”.
Zinegotziaren eta gainerakoen bisita ez zen izan boikot horren ondorio bakarra. “Iruñeko Udalak bazuen jardunaldietan landutako materiala argitaratzeko konpromisoa, baina ez zuen hitza bete”.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritu izan da Jose Luis Garcia lanean. Erakunde horren hastapenetan, sexu heziketari eta sexologiari buruzko ikasgaia jarri zuten martxan, NUPen, eta Garciak hartu zuen bere esku haren ardura. “Berrehun ikasle nituen”. Baina egitasmo hori ere hutsean utzi zuten. “Zerbitzuko burua Opus Deikoa zen, eta aitzakia bat baliatuz, ikasgaia kendu zuen”. Ikasleek eman zioten erantzuna, halere, erabaki horri: “1996an, Zurekin ligatu nahi dut izenburuko tailerra egin zuten”, gogoratu du Garciak, harro.
“Herriz herri egin genituen gisa horretako tailerrak, sexu heziketa bultzatzeko. Zarrakaztelun, adibidez, udalak antolatu zuen sexu heziketaren eta droga eta alkohol kontsumoaren inguruko programa zabal bat, inguruko gazteentzat. La Olivako monasterioan egin behar genuen, baina hasi baino egun bat lehenago ezezkoa eman ziguten. Azkenean, taberna batean egin genuen”.
Garciak argi du haur eta gazteekin sexuaz garbi hitz egin behar dela, “etxean eta eskolan”, eta hasieratik. “Egun, pornografiara jotzen dute gazteek, eta horrek biziki kezkatzen nau. Haurrek etxean ikasi behar dute errespetuzko eta berdintasunezko harreman bat zer den”.
Sexu heziketaren helburua da, Garciaren hitzetan, “nahi duenak sexuaz modu osasuntsu batean gozatzea, arduraz”. Egungo gobernuak UPNk desegindakoa lehengoratzeko egindako ahaleginak nabarmendu ditu, baina ez du uste betean asmatu duenik. “Lehen COFES zentroak ziren horietatik kanpo utzi dute sexu heziketa, eta hori ez da egokia”. Sexu heziketari duen garrantzia aitortzeko eskatu du.