Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Edurne Elizondo

Latina eta grekoa ikasi nituen institutuan. Planetarioan lanean hasi nintzenean, beldurrez etorri nintzen. Fernando Jauregi astrofisikariak harrera egin zidanean, jakinaren gainean ote zen galdetu nion. Zer jakin behar zuen galdetu zidan Jauregik, erantzun gisa. Latina eta grekoa ikasi nituela aitortu nion!”.

Pasadizo hori kontatu du Miren Karmele Gomez Garmendiak, planetarioan Emakumeak zientzian izenburupean egindako solasaldian. Iruñeko Udalak antolatu du, Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna dela eta. Komunikazioan lizentziaduna da Gomez Garmendia, eta planetarioan Izarren Eskolako arduraduna da. “Dibulgatzaileak behar ditu zientziak”, azaldu du, eta zeregin horretan gustura ari da. Onartu du institutuan “gaindiezina” iruditzen zitzaiola zientzien eta letren arteko muga. “Letretakoa bazinen, ezin zenituen zientziak gustuko izan”.

Jauregiren eskutik, zientziaren sekretuak ezagutzen hasi da Gomez Garmendia planetarioan, eta nabarmendu du esparru horrek harrapatu duela, argi eta garbi. Ines Castiella Imazek eta Ana Monreal Vidalek ere ez dute damurik zientziaren alde egindako hautuaz. Industria ingeniariak dira biak, baina bide ezberdina egin dute zientzien munduan.

“Ez nuen industria ingeniaritza ikasi bereziki gustuko nuelako”, onartu du Castiella Imazek. Zientzietako ikasgaietan ona zelako egin zuen hautua, eta kontent da hartutako erabakiarekin. Energia berriztagarrien arloan ari da orain lanean. Kezka agertu du azken urteotan emakumeen presentziak behera egin duelako zientzietako ikasketetan. “Konponbide magikorik ez dut, baina uste dut garaia dela auzi horri buruz gogoeta egiteko”.

Mahai gainean jarri ditu estereotipoek duten indarra eta emakumeentzat eredu diren andre zientzialarien falta. Bat egin du Gomez Garmendiak ere. “Ikerketek erakusten dute emakume gazteek uste dutela ez direla onak zientzietan”. Zientzietako ikasgaietan lortzen dituzten notek, ordea, kontrakoa diote.

Egungo sistema patriarkalak zaintza lanekin lotzen du emakumea, eta zientzien arloan ari direnen jarduerak ere erakusten du rol horrek duen indarra. “Zientzietan ari diren emakume gehienek osasun ikasketak edo natur zientziekin lotutakoak hautatzen dituzte”. Hau da, emakumeek, batez ere, mediku, erizain, biologo edo ingurumen zientzialari izateko ikasten dute, zientzien bidea aukeratzen dutenean.

Ana Monreal Vidalek, hain zuzen ere, txikitan mediku izan nahi zuela gogoratu du planetarioan egindako solasaldian. Hasieran, zalantzan jarri ditu emakumea zientzien esparrutik urruntzen duten estereotipoak, eta bere bidea eta esperientzia jarri ditu adibide: “Haurra nintzenean, futbolean aritzen nintzen, eta inoiz ez nuen panpinarik izan. Nik mediku izan nahi nuen, baina gurasoek ez zuten gustuko hautu hori, eta gogorregia izanen zela erraten zidaten behin eta berriz”.

Ingeniariak, gauzak egiteko

Azkenean, medikuntzaren bidea bazter uztea erabaki zuen Monreal Vidalek. “Hainbat medikurekin mintzatu nintzen, eta ez zidaten batere ikuspuntu baikorra eman etorkizunari buruz”. Haren etxean baziren industria ingeniariak, eta bide horretan aurrera egitea erabaki zuen.

Ez da damutu. Monreal Vidalek, halere, argi utzi du beretzat gakoetako bat izan dela ulertzea sormenaren eta zientziaren arteko aldea ez dela hain handia. “Zientziak aukera ematen digu batzuek pentsatu edo irudikatu dutena egiteko; errealitate bilakatzeko. Sendagileak behar ditugu, baita haiek erabiltzen dituzten X izpien gailuak ere. Eta horiek egiteko behar ditugu ingeniariak”.

Gaur egun, iAR izeneko enpresan ari da Monreal Vidal. Berak sortu zuen, bertze hainbat kiderekin batera. Egun, hogei pertsonak baino gehiagok osatzen dute lantaldea, eta batez ere errealitate areagotuaren esparruan egiten dute lan. “Emakumeak langileen %40 gara, baina ardura postu gehienak gure esku daude”, azaldu du ingeniariak.

Halere, Monreal Vidalek onartu du egungo gizarteak ez duela emakumeen parte hartzea sustatzen oraindik ere. Hau da, estereotipoek onartu nahi duen baino indar handiagoa dutela erran du zientzialariak solasaldiaren bukaeran.

Adibide bat aipatu du iritzi hori azaltzeko: “Asmakizun bat kontatu zidaten behin; aita eta semea elkarrekin zirela, istripu bat izan zutela, eta aita hil egin zela. Semea larri eraman zuten ospitalera, eta medikuntzako eminentzia bati deitu zioten ebakuntza egiteko. Baina erran zuen ezin zuela, larri zegoena semea zuelako. Ez zitzaidan bururatu ama izan zitekeela”, azaldu du Monreal Vidalek. Aita ere izan zitekeen, bertze estereotipo batzuek ekartzen baitute ama eta aita irudikatzea gurasoak aipatzen direnean.

Zientzien inguruan ere, bertze auzi bat jarri nahi izan du mahai gainean Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak; Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna: “Ez dezagun betikotu zientziaren ikuspegi positibista eta merkantilista; ez dezagun bilakatu ikusgarri soilik laborategian ari den emakume zientzialaria; giza eta gizarte zientziak ere badira zientzia”, zabaldu du, sare sozialen bidez.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku