“Gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da”

“Gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da”

Ane Eslava

Roberto Astorgano argazkilaria (Badaran, Espainia, 1982) pertsonen nortasuna argazki bidez islatzen saiatzen da. Azken urteetan mundu zabalean ibili da, hainbat auzi dokumentatzen: errefuxiatuen krisia, pobrezia… 2017ko martxoan, asko aberastu zuen esperientzia bat bizi izan zuen Mexikon: bi aste igaro zituen Erdialdeko Amerikatik Ameriketako Estatu Batuetara trenez doazen migratzaileei laguntza ematen dien emakume talde batekin, La Patrona herrian. Han egindako irudiekin dokumental bat eta argazki erakusketa bat egin ditu. Iragan astean, Iruñeko Zabaldi elkartean erakutsi zuten dokumentala, eta erakusketa ikusgai jarri zuten. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik.

Zure helburua, jatorriz, Mexikotik Estatu Batuetara doazen migratzaileen egoera jasotzea zen.

Bai, nire ideia zen dokumentatzea Mexikoko iparraldeko mugatik Estatu Batuetara pasatzen diren migratzaileen egoera. Baina, gaia ikertzen ari nintzela, La Bestia izeneko trena deskubritu nuen. Merkantzia tren handi bat da, ikaragarria; hortik datorkio izena. Erdialdeko Amerikako migratzaileek Mexiko guztia gurutzatu behar dutenez AEBetara iristeko, tren hori hartzen dute Guatemala eta Mexikoren arteko mugan. Hori da haien modu bakarretakoa herrialdea gurutzatzeko. Gehienak Honduraskoak dira, baina badira El Salvadorkoak eta Guatemalakoak ere.

Nola daude migratzaile horiek?

Oso gaizki. Oso baliabide gutxi dituzte, eta daukaten diru guztia gainean daramate, bidaiarako. Baina, askotan, trena hartu bezain laster, talde armatuekin egiten dute topo. Talde horietako kideek dirua eskatzen diete, eta migratzaileek uko egiten badiote dirua emateari, eraso egiten diete, bahitzen dituzte edo bortxatzen dituzte. Poliziak ere lapurtzen die, edo, bestela, kanporatu egiten ditu. Halakorik gertatzen ez zaienean ere, bidaian arrisku handia izaten dute: bagoietan zintzilik doaz, eta askotan erori eta hil egiten dira, trenak harrapatuta.

Haiei buruz ikertzen ari zinela ezagutu zenituen Patronak deitzen dituzten emakumeak. Nortzuk dira?

Trenaren inguruko bideo batean, emakume zahar bat ageri zen, janaria botatzen trenean zihoazen migratzaileei. Irudi horrek atentzioa eman zidan. Ikertzen hasi nintzen, eta jakin nuen Patrona bat zela. Beren herritik datorkie izena: hain zuzen, La Bestia trenak, bidean, Veracruz estatuan dagoen La Patrona izeneko herri txikia zeharkatzen du. Herriaren erditik igarotzen denez, abiadura murrizten du. Bada, herri horretako emakume batzuek laguntza ematen diete trenean doazen migratzaileei: janaria eta botikak ematen dizkiete, atseden hartzeko toki bat eskaintzen diete…

Zein da Patronen egoera?

Mexikoko eskualde oso txiro bateko herri txiki batean bizi dira. Haien senarrek Cordobako —gertuen dagoen hiriko— lantegietan lan egiten dute ordu luzez, gutxieneko soldata bat lortzeko. Hortaz, emakumeek hartzen dute gainontzeko guztiaren ardura: etxea, seme-alaben zaintza, baratzea… Eta, horretaz gainera, migratzaileei laguntzen diete.

Noiz hasi ziren hori egiten?

Orain dela 24 urte. Hasieran, migratzaile gutxiago pasatzen ziren, eta, behin, horietako batzuek janari pixka bat eskatu omen zioten handik zebilen emakume bati; hark eman egin zien, baina ez zekien nortzuk ziren. Garai hartan, ez zekiten ez nondik zetorren ez nora zihoan jende hori; haientzat Erdialdeko Amerikako errealitatea oso urrun zegoen. Denborarekin, gero eta migratzaile gehiago pasatzen hasi ziren, eta herriko emakumeei beren bizitza istorioak kontatzen zizkieten. Haiek erabaki zuten antolatzea eta migratzaileentzat janaria prestatzen hastea; espresuki migratzaileentzat. Beren janaritik ematen zieten, zeukaten gutxi horretatik, beren ortutik. Orain, laguntza pixka bat dute: taldekoak ez baina herrikoak diren beste emakumeek janaria ematen diete, eta dohaintzak ere jasotzen dituzte. Laguntza horri esker, aterpe bat eraiki dute beraietako baten etxean. Han kozinatzen dute, eta atseden hartzeko aukera dute migratzaileek.

Zer moduz haiekin?

Oso ongi. Primeran tratatzen ninduten, seme bat bezala. Migratzaileek ere hori esaten zuten, izugarri ongi zaintzen dituztela. Migratzaile gehienak gazteak dira, eta emakumeek seme-alabak balira bezala zaintzen dituzte.

Zergatik erabaki zenuen hori dokumentatzea?

Ikusgaitasuna eman nahi niolako migrazioaren auziari, baina baita migratzaileei laguntzen dieten pertsonei ere. Jarraitu beharreko eredu direla uste dut. Batzuetan, gutxien duten pertsona horiek dira solidarioenak. Gure gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da, eta ez luke hala izan behar. Hau erakutsiz, itxaropen pixka bat zabaldu nahi dut mundu zikin honetan.

Zure arloa argazkigintza da, baina ikus-entzunezkora ere jo duzu. Zergatik?

Baliagarria iruditzen zaidalako erakusteko haiek zer pentsatzen duten: zergatik erabaki duten hori egitea baliabide gutxi dituzten emakume batzuek, eta nola bizi izan duten hori. Haien ahotsa entzun nahi nuen.

Zer esan zizuten?

Esan zidaten hasieran oso gogorra izan zela haientzat. Izan ere, inguruko jendeak kritikatu egiten zituen, gaizki ikusten zutelako egiten zutena; bestetik, beldur handia zuten ez ote zituzten atxilotuko legez kanpoko migratzaileei laguntzeagatik. Baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuten, trenean zihoazen pertsona horien istorioak entzutean laguntzea ateratzen zitzaielako. Batek kontatu zidan migratzaile batek semea ekarri ziola gogora, eta lagundu beharra sentitu zuela.

Argazkietan zer transmititu nahi izan duzu?

Askotariko argazkiak egin ditut, baina batez ere erretratuak; eta, horietan, ahaldunduta islatu nahi izan ditut emakumeak; beren indarrarekin eta ausardiarekin.

Hasi zirenean, Patronek ez zuten nahi inork haiek grabatzea, ezta?

Monterreyko neska-mutil batzuk joan zirenean haien lana lehen aldiz grabatzera, ez zuten irudietan agertu nahi, uste zutelako atxilotu egingo zituztela. Baina Monterreykoek azkenean egin zuten dokumentala. Sari bat irabazi zuten, eta Patronei eman zieten dirua. Horri esker, sukaldea muntatu ahal izan zuten. Beraz, denborarekin, ikusi dute beren lana zabaltzea positiboa dela, dohaintzak eta borondatezko laguntza ekartzen dizkielako.

Zuri zer eman dizu proiektuak?

Irakaspen izugarria izan da niretzat. Han, aterpe horretan, oso istorio gogorrak daude, baina baita maitasun handia ere. Niri, han bizi dudanaren ostean, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait geratu zait barruan.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku