Zapalduen alde egiteko

Zapalduen alde egiteko

Edurne Elizondo

Gero eta gehiago. Animalien askapenaren alde egiteko bertze talde bat sortu da Nafarroan: Tafalla Antiespezista. Abenduan aurkeztu zuten jendaurrean, eta, hilaren 10ean, kideek protesta egin zuten herriko plazan, gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatzeko. Martxan jarri da taldea, eta helburu hartu du herritarren artean gogoeta bultzatzea, gizakien eta gainerako animalien arteko harremanari buruz.

Tafallan,Txerri Dibinoaren Ordenak bere eguna ospatzen du urtero, eta, horretarako, txerri bat zozketatzen du plazan, sari gisa. Hilaren 10eko protestaren bidez, horixe salatzera atera ziren karrikara Tafalla Antiespezista taldeko kideak. “Kalean egon nahi dugu, bai eta sare sozialetan ere. Prestakuntza ere sustatu nahi dugu. Zapalkuntzaren inguruko hausnarketa piztu nahi dugu, eta zapalkuntza horri aurre egiteko defentsa mekanismoak garatu”.

Oraingoz, bederatzi kidek egin dute bat taldean. Erran dute Nor kolektiboak antolatuta azaroaren 1ean Bilbon egindako manifestazioak eman ziela elkartzeko eta lanean hasteko azken bultzada. “Indartsu sentitu ginen, eta borrokarako prest zegoen jende pila ikusi genuen. Herrian ere gisako talde bat osatzen ahal genuela pentsatu genuen”, kontatu dute.

Donostialdeko Askekintza taldearen bidea ere eredu izan dutela erantsi dute Tafalla Antiespezistako ekintzaileek. ” Uste dugu Euskal Herriko talde antiespezistek komunitate handia sortzen dugula”, gaineratu dute Tafalla Antiespezistako kideek.

Iruñeko LiberAbere taldea ere aipatu dute, bai eta herriko Gata talde animalista ere. “Jaso dugu haien babesa”. Ekinzaileek argi dute Nafarroan antiespezismoa gero eta toki handiagoa hartzen ari dela. “Gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari buruzko kezkak gora egin du”. Argi dute oraindik ere “egiteko lan handia” dagoela, baina “ikasteko eta irakasteko” prest dira.

Zapalkuntza ororen kontra

Mugimendu antiespezistaren izaera politikoa nabarmendu nahi izan du Tafalla Antiespezista taldeak. “Beste mugimendu askotan bezala, zapalduta dauden norbanakoen eskubideen eta askatasunaren alde egin nahi dugu lan. Badakigu bidea ez dela erraza, zapaltzaileek ez dietelako beren pribilegioei uko egin nahi, baina orain arte lortutakoek indarra ematen digute oraingo aldaketan parte hartzeko”.

Ekintzaile antiespezistek gaineratu dute badela harremana Tafallan borroka ezberdinen artean, eta taldeak harrera ona izan duela azaldu dute. “Tafallak ezetz esan die eraso sexistei, errepresioari eta AHTari, besteak beste; gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari ere ezetz esan diezaiokeela uste dugu”.

Antiespezismoak zapalkuntza guztien aurka lan egitera eraman dituela erran dute, argi eta garbi. “Ezin dugu gizakiz besteko animalien aldeko borroka babestu, eta bazter utzi, aldi berean, gure ondoan gertatzen diren eraso arrazistak, LGTBQfoboak edo matxistak”. Martxan dira Tafallan, eta lanerako gogoz.

Irudiak: Tafalla Antiespezista