Edurne Elizondo
Iruñeko billabesen bederatzigarren linea elektrikoa izanen da, aurrerantzean. Iruñerriko Mankomunitateak hilabete honen bukaeran berrituko du zerbitzua, mankomunitateko presidente Aritz Aiesak ezagutarazi duenez. Egun zehatza erabakitzeke dagoela erantsi du.
Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Iruñerriko Mankomunitateak proiektu hori garatu ahal izateko. Bi erakundeok akordioa sinatu zuten, iazko udan, %100 elektriko diren sei autobus erosteko, eta ibilgailuok kargatzeko azpiegitura jartzeko bederatzigarren linea hasten eta bukatzen den geltokietan. Tren geltokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen ditu linea horrek, zehazki.
Iruñerriko Mankomunitateak erregai fosilen kontsumoa murriztea hartu du helburu, eta hori lortzeko jarriko du martxan bederatzigarren linea elektriko bilakatzeko proiektua. Berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak behera egin dezan lortu nahi du mankomunitateak, “mugikortasun iraunkorrago baten aldeko” apustuaren bidez.
Asmo hori txalotu du Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, hain zuzen ere, eta Clima programaren bidez, babesa eman dio. Ez da Espainiako Gobernuaren aitorpena jaso duen proiektu bakarra, gainera; zehazki, Iruñerriko Mankomunitateak garatutako hiru proiektu nabarmendu ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, berotegi efektuaren aurka egiteko ematen duten aukeragatik.
Bederatzigarren linea berritzeko egitasmoa da bat; bigarrenak eskertu nahi izan du Iruñerriko Mankomunitateak ibilgailu hibridoak erabiltzeko egindako ahalegina. Ibilgailu zaharren ordez hibridoak erosteko ahalegin horren ondorioz, hain zuzen ere, kontsumoak eta gasen isuriak %25 inguru egin dute behera billabesetan. Egun, 143 autobus ditu mankomunitateak, eta haietako 33k dute motor hibridoa (diesel eta elektrikoa).
Hirugarren proiektuak nabarmendu nahi izan du, oro har, autobus elektrikoen kopurua handituz joateko mankomunitateak agertutako konpromisoa. Autobusak aldatzerakoan elektrikoen alde eginen du erakunde horrek. Iruñerriko Mankomunitateak 2011. urtean egin zituen lehendabiziko probak autobus elektrikoekin. 2015. urtean beste ibilgailu elektriko bat erosi zuen mankomunitateak, bigarrena, zerbitzua eskaintzeko eta funtzionamenduari buruzko datuak jasotzeko asmoz. Bederatzigarren lineako autobus guztiak elektriko izatea da hurrengo urratsa.
4.000 tona CO2 gutxiago
Espainiako Trantsizio Ekologikorako Clima programaren bidez, Espainiako Gobernuak 40.000 euroko diru saila emango dio Iruñerriko Mankomunitateari. Programak uste du billabesen zerbitzuan autobus hibridoak eta elektrikoak erabiltzeko urratsak ekarriko duela 4.000 CO2 tona gutxiago isurtzea.
132 proiektu jaso ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, denera, Clima programaren barruan. Hiru dira Iruñerriko Mankomunitatearenak. Erakunde horretako presidente Aritz Aiesa egon da Madrilen, proiektu horiek garatzeko akordioa sinatzen. Mankomunitateak egin du bertze berrikuntzarik billabesen zerbitzuan; berrikuntza teknologikoaren esparruan zehaztutako planaren arabera, hain zuzen ere, hemezortzigarren lineako autobusetan wifi zerbitzua bada jada. Linea hori aukeratu dute bide luzea egiten duelako; Zizur Nagusia eta Sarriguren lotzen ditu, zehazki. Bederatzigarren linean ere wifi jartzeko asmoa du mankomunitateak, ibilgailuak berritzen dituztenean.
Zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea da Iruñerriko Mankomunitatearen helburua. 2018. urte bukaeran, ordura arteko bidaiarien kopuruari buruzko datuak ezagutarazi zituen erakunde horrek. Goranzkoa da joera, hain zuzen ere, datuek agerian utzi dutenez. Iaz, hain zuzen ere, 38,3 milioi bidaia egin zituzten Iruñerriko herritarrek eskualdeko billabesetan. %5,5 egin du gora kopuruak, zehazki.