Iruñerriko billabesetako langileek borrokan jarraitzen dute, eta lanuztea egin zuten atzo, berriz ere, “denentzako lan hitzarmen bat” eskatzeko. 19:00etatik 23:00etara egin zuten autobusetako gidariek lanuztea, zehazki.
Otsailaren hasieran ezagutarazi zuten ELA, LAB eta ATTU sindikatuek hilabete horretan mobilizazioak izanen zirela, hitzarmenarekin gertatutakoa salatzeko. Izan ere, abenduan egindako hauteskundeetan, UGTeta CCOO sindikatuek gehiengoa galdu zuten langile batzordean, baina, hala eta guztiz ere, enpresak egindako lan hitzarmenerako azken proposamena sinatu zuten. Protesten deitzaileek salatu dute UGTk eta CCOOk “negoziazio kolektiboa zartarazi” zutela.
TCC da Iruñerriko garraio publikoko zerbitzua eskaintzen duen enpresa. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek “langile guztientzako hitzarmena” eskatzeko deitu dute protestara. Otsailaren 14koa izan zen lehendabiziko lanuztea; 12:00etatik 16:00etara egin zuten. Hil horren 21ean, berriz, 19:00etatik 23:00etara egin zuten protesta langileek.
Atzo ere, denbora tarte bera aukeratu zuten gidariek lanuztea egiteko. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu mobilizazioak izan diren egun guztietan.