Aurten ere, Berria Taldeko Emakumeen Batzarrak erabaki du bat egitea Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitutako emakumeen grebarekin: kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok egun osoko lanuztea egingo dugu.
Iaz bezala, hedabideetako langileok ere arrazoi ugari ditugu greba egiteko. Batetik, sektorearen prekarizazioak langileon eguneroko lanean, osasunean eta bizimoduan eragiten duelako. Eta bestetik, egoera latz horrek eragin handiagoa duelako emakumeongan, kontuan izanda zaintza lanak oraindik gure bizkar gainean daudela, eta kontziliazioa ezinezkoa dela lanpostu askotan; horrek dakar, besteak beste, lanbidetik urruntzea edo lanaldia eta soldata murriztea. Gainera, BERRIAko emakumezko langileok ez gaude libre egunero gure egunkariaren orrietan eta webgunean ageri den indarkeria matxistatik: azken hilabeteetan egindako prozesuen ondorioz, lankide zenbaitek lanean ari zirela jasandako eraso sexisten berri izan dugu.
Hori dela eta, bat egiten dugu Bizitzak erdigunean! leloarekin, baina uste dugu hitz horiek aldarrikatzeak hausnarketa sakon bat eskatzen duela gure ofizioarekin lotuta. Izan ere, egunkariko antolaketak, lan ohiturek eta funtzionamenduek bateraezin egiten dituzte lan erritmoak eta bizitza sostengatzeko premiak, eta balio patriarkalak lehenesten dituzte.
Edonola ere, BERRIAko langileok uste dugu berdintasunaren alde egunero borrokatu behar dela, eta jakitun gaude hedabideok lan horretan dugun erantzukizunaz. Hori dela eta, genero ikuspegia duen kazetaritzan sakontzeko konpromisoa adierazi nahi dugu, uste baitugu kazetaritza kalitatezko eta osoaren bermea dela. Mugimendu feministak eta irakurleek agertu diguten konfiantza ere eskertu nahi dugu: feminismoa boladan dagoen honetan, kontzeptua eta borroka edukiz betetzen saiatuko gara.
Baina etxetik kanpo ez ezik, etxe barruan ere badugu zer egina ugari. Gizarteko beste eremuetan gertatzen den bezala, BERRIAn ere gizonak dira nagusi goreneko ardura postuetan, lan arloetan sexuaren araberako lan banaketa bat dago, eta estereotipoek eragina dute lana baloratzeko orduan. Berria Taldea aitzindari izan zen 2015ean bere berdintasun plana abiatzean, eta horrek hainbat gogoeta bultzatu ditu; espero dugu prozesu horrek aurrera jarraitzea, gure orrialdeetan aldarrikatzen dugun deserosotasunetik, heldutasun eraikitzailez.
Leave a Reply