Edurne Elizondo
Ez da pribilegio bat; ez da VIPentzako gune bat. Behar batek bultzatuta, autoa aparkatzeko gordetako toki bat da. Agerikoa ematen du, baina oraindik ere hori gogoratzeko eta gogorarazteko beharra badela erran du Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioko buru Manuel Arellanok. Kanpaina bat jarri berri du martxan erakunde horrek, Iruñeko Udalaren babesarekin, elbarritasuna duten pertsonen eskubideak bete ditzaten.
Ez da VIPentzako gune bat; behar bat da. Lelo horrekin hasi dute kanpaina. Elbarritasuna dutenentzako Iruñeko 40 aparkalekutan jarri dituzte esaldi hori idatzia duten itsasgarri handiak; gainera, gidarien artean banatu dituzte lelo bera zabaldu nahi duten eskuorriak. Eskuorri horiek jaso dituzte elbarritasuna dutenentzako tokiak behar dituzten hainbat gidarik errandako hitzak: “Niretzat gordetako tokian zuk bost minutu ematen dituzu, baina nik, ondorioz, 30 gehiago behar ditut aparkatzeko”, azaldu du Mikel Bidaurrek. Elena Garciak galdera zuzenagoa egin nahi izan die gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituztenei: “Nire aparkalekua nahi duzu? Nire ezintasuna ere bai?”. Gordetako tokia gaizki erabiltzeak zer ekartzen ahal duen kontatu du, berriz, Irene Aspurzek: “Nire tokian uzten baduzu zure autoa, fisiora joateko aukera galduko dut, eta behar dut”.
Kanpaina egiteko beharra ere badela erakutsi dute datuek, Cocemfeko ordezkariek azaldu dutenez. 2017. urtean, adibidez, 405 gidari salatu zituzten Iruñeko udaltzainek, elbarritasuna dutenentzako tokiak erabiltzeagatik, hori egiteko baimenik izan gabe. 2018. urtean, berriz, 383 salaketa jarri zituzten udaltzainek. Berrehun euroko isuna ezarri zieten gidarioi, eta garabiak eraman zien autoa, gainera.
“Arazoa datuek erakusten dutena baino larriagoa da”, onartu du Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Itziar Gomezek. Izan ere, gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituzten gidari anitzek isuna jaso gabe alde egitea lortzen dute. “Azken asteotan, sare sozialetan ikusi ditugu baimenik gabe aparkalekuak erabili dituzten autoen argazkiak. Ongi dago sareetan salatzea gertatzen dena, baina herritarrei eskatu nahi diegu udaltzainei deitzeko”, eskatu du zinegotziak.
“Bi minutu bakarrik”. Cocemfeko buru Manuel Arellanok nabarmendu du “aitzakia” hori erabiltzen dutela baimenik gabe aparkatzen duten gidari gehienek.
Denbora ez da berdin neurtzen, ordea, elbarritasunen batek norbaiten mugikortasunari eragiten dioenean. Horixe azaldu du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokietan aparkatzeko txartela du. “Erosketak egitera joateko, edo fisioterapia jasotzera joateko erabiltzen dut autoa. Tokia gaizki erabiltzen badu norbaitek, ni ezin naiz zain gelditu bide erdian. Buelta eman behar dut, eta bertze toki bat bilatu. Baina joan behar dudan tokitik urrun aurkitzeak ez dit egoera konpontzen”, kontatu du.
Cocemfeko kideek argi dute kontua errespetuz jokatzea dela, eta hori nabarmendu nahi izan dute. Gordetako tokiak erabiltzeko eskubidea badutela berretsi, eta hori errespetatzeko eskatu diete gidariei. “Izan dezatela gutxieneko elkartasuna mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Hiriak denentzat izan behar du atsegin”.
Txartela dutenen jokabidea
Gordetako tokietan autoa uzteko udalak ematen duen baimena behar da herrialdean. Baimen hori dutenen artean ere ongi jokatzen ez duenik badela onartu dute Cocemfeko kideek, eta salatu egin dute. “Txartelaren jabeak erabili behar du txartela; ezin du bertze inork erabili. Eta txartela duenak jaso badu bere ardurapean dagoen norbaitek elbarritasunen bat duelako, harekin denean baino ezin ditu erabili gordetako tokiak”, gogoratu du Manuel Arellanok.
Iruñeko Udalak 126 baimen kendu zituen iaz, txartela behar bezala ez erabiltzeagatik. Kopurua handiagoa izan zen 2017. urtean: 155 kendu zituzten. 2016an, berriz, 275. Txartela gaizki erabiltzen dutenentzat 500 eurokoa da isuna, gainera.
“Guk ez dugu isunen bidea lehenetsi nahi; ez da hori gure asmoa. Jendea kontzientziatu nahi dugu. Kontua da anitzetan horrelako neurriak behar direla jendeak behar den bezala joka dezan”, azaldu du Arellanok.
Udalak gordetako tokietatik kanpo, aparkalekua arautua duten guneetan ere uzten ahal dute autoa elbarritasunen bat dutenek, txartela badute. Ez dute ordaindu behar. Kontua da ohiko tokiak gordetakoak baino estuagoak direla, eta, ondorioz, zailtasunak dituzte erabiltzaileek autotik ateratzeko edo berriz sartzeko. “Makuluak edo aulkia erabiltzen duenak ez du tokirik izaten, ondoko autoa hagitz gertu dagoelako”, erran du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokiak zabalagoak dira autotik ateratzeko eta sartzeko lanak errazteko asmoz, hain zuzen ere.
“Nahikoa zailtasun badugu berez; ez dezala zailtasun gehiago ekarri bertze gidarien jokabideak”, berretsi du Arellanok. Bat egin du Caballerok: “Errespetua eskatzen dugu. Gure eskubidea delako”.
Cocemfeko kideek erakunde publikoek duten ardura ere jarri nahi izan dute mahai gainean, erakunde horietako autoek ere erabiltzen dituztelako elbarritasuna dutenentzako tokiak, sare sozialetan hainbat herritarrek zabaldutako argazkiek erakutsi dutenez. “Gu ere bagara kanpaina honen hartzaile, eta badugu zer hobetu”, onartu du Itziar Gomez zinegotziak.
“Gizarteak badu zer hobetu, denen eskubideak betetzeko”, bukatu du Arellanok.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku