Animalientzat ez baita besta

Animalientzat ez baita besta

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat. Iruñe Antitaurinoa kolektiboak aurrera egin nahi du 2017. urtean zezenketen aurka hasitako bidean, eta, hiritarren artean gogoeta pizteko asmoz, erakusketa bat antolatu du, Zezenak izenburupean. Kondestablearen jauregian ikus daiteke, hilaren 21era bitarte.

Hiru egileren lanekin osatu dute erakusketa Iruñe Antitaurinoa taldeko kideek: Aitor Garmendia, Jaime Alekos eta Iago Pradaren argazki eta bideo lanekin, hain zuzen ere. Aitor Garmendia ekintzaile antiespezista bat da, eta Tras Los Muros izeneko proiektuaren arduraduna. Kamera bilakatu du animalien askapenaren aldeko bere lanerako tresna. Hain zuzen ere, 2014ko sanferminetan egindako zezenketen inguruko erreportajea izan zen Garmendiak sinatutako lehendabizikoa.

Geroztik, gizakiz bertzeko animaliek sufritzen duten zapalkuntzari buruz ekintzaile horrek egindako argazkiek nazioarteko hainbat sari jaso dituzte: 2018an, Picture of The Year International saria jaso zuen Hiltegi izenburuko argazki sortagatik; aurten, berriz ere eman diote sari hori, Italian Essere Animali talde antiespezistako ekintzaileen lanari buruz egindako irudi sortagatik.

Aitor Garmendiak Fiesta izenburupean bildutako lanak ekarri ditu Iruñera. Argazki gehienak Iruñeko sanferminetako zezenketetan egindakoak dira. Jaime Alekosek, berriz, Tauromaquia izeneko dokumentala du ikusgai Kondestablearen jauregian. Ordu erdi eskaseko lana da, xehetasun planoan grabatutakoa. Hamabost hiritan egindako hogei zezenketatan baino gehiagotan filmatutako irudiekin osatu du Alekosek dokumentala. Hiru urteko lana dago atzean, hain zuzen ere, eta egunero erakutsiko dute, erakusketak iraun bitartean.

Iago Pradaren Bullfight dokumentalaren inguruko lanek osatzen dute erakusketa. Batetik, zezenketetan egindako argazkiak ekarri ditu Pradak Iruñera; bertzetik, eskultura bat jarri du Kondestablearen jauregian, zezenketetan hildako animalion omenez. Zezenak hiltzeko erabiltzen dituzten tresnak ere jaso ditu Pradak erakusketan. Hilaren 21ean, ekinaldia ixteko, Bullfight dokumentala aurkeztuko du egileak, erakusketaren egoitzan.

Aldaketarako garaia

“Argi dugu ordua dela herritarrek zezenketen inguruko gogoeta egiteko; erakusketaren bidez, bultzada eman nahi diogu hain beharrezkotzat jotzen dugun eztabaida horri”, azaldu du Iruñe Antitaurinoa kolektiboko kide Txaro Buñuelek. Erantsi du “animalien aurkako tratu txarrak” daudela sanferminetako besten zati baten oinarrian, eta badela ordua horren zilegitasunari buruz hausnartzeko.

Buñuelek argi du zezenketak antolatzea ez dela zilegi. “Bada garaia dibertitzeko halako moduak bazter uzteko”. Zezenketen aurkako kolektiboko kideak gaineratu du gizarteak aurrera egin duela, eta horrek isla izan behar duela bestak ospatzeko moduan ere. “Bazter utzi behar ditugu zezenketak eta halako ekitaldi krudel eta anakronikoak”. Erakusketak Zezenak izena du, baina zaldiak ere erabiltzen dituzte zezenketetan. Buñuelek animalioi egiten dietenari so egiteko eskatu die plazara joaten direnei. Zezenketen inguruko eztabaida piztu den bakoitzean, zezenketetara joaten diren Iruñeko peñetako kideek nabarmendu izan dute “besta egitera” joaten direla plazara. Buñuelek argi du hori ez dela aitzakia onargarri bat. “Plazan gertatzen dena ezin da hutsaldu besta egitera joaten zarela erranez”, nabarmendu du Iruñe Antitaurinoa taldeko kideak.

2017. urtean martxan jarri zenetik, Iruñe Antitaurinoa kolektiboak hamaika protesta eta ekinaldi antolatu ditu zezenketen aurkako jarrera zabaltzeko asmoz. Buñuelek argi du lehenik eta behin herritarren artean piztu behar dela eztabaida. “Hori lortu eta gero joko dugu erakundeetara”, azaldu du.

Eztabaida mahai gainean dela erakusten dute, hain zuzen ere, azken urteotako protesta, manifestazio eta zezenketen aurkako gainerako ekintzek. Gora egin du mobilizazioen kopuruak.

Iruñe Antitaurina taldeko kideek ez ezik, Animalien Askapenerako Fronteak ere esku hartu du auzian, bertzeak bertze. Iazko ekainean, hain zuzen ere, AAFko kideek makina jasotzaile bati su eman zioten Iruñeko Gaseko eskortetan. Suteaz gain, zezenketen kontrako pintaketak egin zituzten, eta zementua eta burdinak sartu zituzten entzierroko hesiak jartzeko zuloetan. “Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu nahi ditugu, eta horiekin aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu”, erran zuen AAF taldeak, erasoa bere gain hartzen zuela adierazteko oharrean. Abuztuan, gainera, Animalien Askapenerako Fronteak eraso egin zion Iruñeko Zezenzaleen Klubari.

Irudia: Aitor Garmendia-Tras Los Muros