Iritzia: Zenbatezina

Iritzia: Zenbatezina

Lohizune Amatria

Iazko argazkia gaindituko ote zen zalantzarekin atera nintzen kalera martxoaren 8an. Iazko arrakastaren mamuak baldintzatu du aurtengo mobilizazioaren irakurketa. “2018koa izugarria izan zen; nola aurreikusten duzu aurtengoa?”, galdetu zidaten egun gutxi geratzen zirela. “Ez dakit” erraz bat erantzun nuen; eta, geroztik, behin eta berriz agertzen zait galdera hura.

Gazteluko plaza utzi, eta etxerako bidean, zortzi bider begiratu genuen sakelakoan zenbakirik aipatzen ote zuten egunkari eta agerkariek. “Zenbatezina”. Hori da aurkitu genuen erantzuna. Martxoaren 8ko greba feministaren lorpena kuantitatiboki neurtzeko joera dugu; baina zenbaki ez-erreal batek erakusten al du etxe barruan, enpresetan edo kalean geratutakoa?

Egunkariak utzi, eta ingurukoetara jo dut erantzun bila. Egunero bezala, goiz jaiki da Izaro martxoaren 8an. Gaztea da, eta bikotekidearekin bizi da. Maitaneri baino errazago egin zaio berari zaintza lanak alde batera uztea. Maitane ama da: “Ez ditut semeak bazkaldu gabe utziko”. Izarok, berriz, bazkaria egin gabe utzi du; baita ohea ere. Zalantzati da, ordea, bikotekidea etxera itzultzean, ohea egingo ote duen.

Alaiari ere egunero egokitzen zaio berarentzat eta bikotekidearentzat bazkaria egitea; baita ohea ere, eta zenbaitetan, afaria. Gosaldu ondoren, inertziari jarraikiz, logelara hurbildu da. Ohea begiratu, eta egin edo ez erabaki behar izan du. Izarak esku artean topatu ditu erantzuna aurkitu aurretik. Egin du ohea. Eta arrazoia aurkitzea errazagoa egin zaio: “Ezin dut ohea egin gabe ikusi, hautsez beteko da”.

Greba egin dute hirurek. Norberak bere moldera, baina. Langabezian da Izaro, eta goizean goizetik kalera irten da aldarrikatzera. Alaia eta Maitane mobilizazio nagusietara baino ez dira joan. Ez dira lantokira joan. Maitanek, baina, opor eguna eskatu du. Ez dio eguneko soldata enpresari eman nahi, eta dirua mugimendu feministara bideratzeko asmoa du.

Ez dira egoera berean izan, Aitorren lantokiko emakumeak. Soldata prekarioa dute; hipotekaturik, fakturak pilatzen zaizkie etxeko apalategian. Ezin dute diru sarrerarik galdu, eta lantokira joan dira. Astebete lehenago jakin zuten Aitorrek eta haren gizonezko lankideek euren egoeraz. Enpresaren mantentze lanak egiten dituzte; makina bat hautsi, eta ekoizpena eten ez dadin, hori konpontzeko ardura dute. Greba egiteko aukerarik izan ez duten emakumeen aldarrikapena ikusarazteko, ez dira lantokira joan. Matxuragatik ekoizpena eten bada, enpresan ez da izan hori konponduko duen langilerik.

Lantokian ez, Beñatek bere gurasoen etxean topatu du greba babesteko bidea. Amaren egitekoak hartu ditu beretzat, eta konturatu da hori ez duela, gainera, egun honetan egin bakarrik. Lehen ere saiatu da arintzen bere amak duen gainkarga. Nahikoa ez dela iruditzen zaio, baina; bere amak ez baitu grebarik egin.

Denetariko adibideak aurkitu ditut inguruan, eta denak lotzen dituen ezaugarri bat: denek auzitan jarri dute ordura arte egiten zutena. Hori ez da zenbakietan islatzen. Eta bada lorpen bat.